Espainiako Erliebe Unitate Nagusien Sintesia

Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Geología

Escrito el en euskera con un tamaño de 6,88 KB

Espainia Europako erdiko tamainako estatua da eta ipar hemisferioko inguru epelean dago, eta honako lurralde hauek osatzen dute: Penintsulako lurraldeak, Balear uharteak, Kanariar uharteak, Ceuta eta Melilla, eta harkaitz eta uhartetxo batzuk.

Erliebea lurrazalak dituen formen multzoa da. Lurraren barruko indarrek sortutako egitura geologikoaren eta kanpoko indarrek eta prozesuek horren gain egindako modelatuen emaitza dira.

Penintsularen erliebearen ezaugarri nagusiak

  • Itxura trinkoa du, Penintsula oso zabala delako mendebaldetik ekialdera (1.094 km) eta kostaldeak zuzenak direlako, ia-ia gorabeherarik gabekoak.
  • Batez besteko altuera handia da (660 m).
  • Erliebe menditsua modu periferikoan dago Mesetaren inguruan.

Unitate Morfoestrukturalak

Unitate morfoestrukturalak erliebeak dituen formak (morfos) eta barruko antolaketa (egitura) dira. Egitura, lurraren barruko mugimendu tektonikoen emaitza da (orogenesia, seismoak eta sumendiak), eta lurrazalaren altxamenduak, hondoratzeak eta desplazamenduak eragiten dituzte eta erliebearen kokapena sortzen dute.

Erliebearen forma modelaketaren eragileek edo kanpoko indarrek (ura, izotza, haizea, izaki bizidunak) gerora egindako jardueraren emaitza da, erliebea higatu eta materialak garraiatu eta jalkitzen dituzte. Unitate morfoestrukturalak mota desberdinetakoak izan daitezke:

  • Zokaloak: Aro primarioan eratutako ordokiak edo goi-ordokiak dira, orogenesi hertziniarraren bidez.
  • Mendigune zaharrak: Aro tertziarioan sortutako mendiak dira, zokaloaren bloke bat altxatzean sortuak.
  • Tolestura-mendikateak: Aro tertziarioko alpetar orogenesiaren bidez sortutako goraguneak dira.
  • Arro sedimentarioak: Aro tertziarioan sortutako inguru hondoratuak dira, buztinez eta kareharriz nagusiki eratuak. Erliebe horizontalak dira.

Iberiar penintsulako unitate morfoestrukturalen antolaketa

Iberiar penintsulako unitate morfoestruktural handien antolaketa honakoa da, Penintsularen erdigunetik kanpokaldera:

  1. Goi-lautada

    Aro primarioan sortu zen, orogenesi hertziniarrean sortutako Mendigune Hesperiko zaharra higatzearen ondorioz. Aro tertziarioan, Goi-lautadaren zati handi bat deformatu eta suntsitu zen hiru unitate bereiziz:

    • Antzinako zokalo paleozoikoa Iberiar penintsularen mendebaldean dago. Higadurak zokaloa estaltzen duten material tertziarioak suntsitu ditu eta material silizeo primarioak agerian utzi ditu. Erliebea penilauterek osatzen dute eta ibaiek arroila sakonak sortzen dituzte.
    • Mendigune zaharrak Goi-lautadaren barruko mendilerroak dira. Mendikate Zentrala garaiagoa da eta Goi-lautada erditik zatitzen du, Somosierra adibidez. Toledoko mendiak baxuagoak dira eta Hego Goi-lautada bitan zatitzen dute, Guadalupe adibidez.
    • Goi-lautadaren barruko arro sedimentarioak Ipar eta Hego Goi-lautadetakoak dira. Higadurak paramoen, landazabalen, eta aldapen erliebea sortzen du.
      • Paramoak: egitura lau eta garaiak dira.
      • Landazabalak: modu leunean uhindutako lautada baxuak dira.
      • Aldapak: paramoen eta landazabalen artean inklinatutako aldeak dira.
  2. Goi-lautadaren inguruko mendiak

    • Galiziako eta Leoneko mendigunea: Cabrera adibidez.
    • Kantabriar mendikatea, bi sektoretan banandua:
      • Mendigune zaharra mendebaldeko sektorea da, kareharri primarioz osatuta, erdiguneko Picos de Europa.
      • Mendikatearen ekialdeko sektorea tolestura-mendikatea da. Mendi nagusiak: Segundera eta Cabrera.
    • Iberiar mendikatea ere, bi sektoretan banandua:
      • Iparraldeko herenean mendikateko altuerarik handienak daude, Moncayo adibidez.
      • Soriaren hego-ekialdetik, Iberiar mendikatea bi adarretan zatitzen da: barruko adarra, kanpoko adarra eta bien arteko fosa tektonikoa.
    • Sierra Morena: Goi-lautada eta Guadalquivir Harana banatzen ditu. Faila erraldoi modura interpretatu da. Aro tertziarioan sortu zen. Adibidez, Madrona.
  3. Goi-lautadaren kanpoko sakonuneak

    • Ebroren sakonunea: Pirinioen paraleloa da. Antzinako Ebroko mendigunearen lekua hartzen du. Mendigunea hondoratu egin zen inguruko mendikateak altxatu zirenean. Lehenengo, itsasoa egon zen, gero itxi egin zen aintzira handi bat bihurtuz. Ebroren sakonunean dauden materialak kareharria eta gatzak dira, besteak beste. Erliebea higatzean badlands erliebea sortu da.
    • Guadalquivirren sakonunea: Mendikate Betikoen paraleloa da. Lehenengo, itsasora irekita egon zen. Gero, albufera bihurtu zen. Materialak buztina eta kareharria dira, besteak beste, eta erliebea horizontala da.
  4. Goi-lautadaren kanpoko mendikateak

    • Pirinioak: egitura konplexua dute.
      • Ardatza mendigune zaharra da.
      • Pirinioaurreak tolestura-mendikateak dira. Aro tertziarioko alpetar orogenesian sortu ziren. Bi lerrotan egituratzen da: barruko mendilerroak eta kanpoko mendilerroak.
      • Erdiko sakonuneak Pirinioaurreko barruko eta kanpoko mendilerroak bereizten ditu.
    • Euskal Mendiak: Pirinioaurrearen luzapena dira.
    • Kataluniako kostaldeko mendikatea: Pirinioen ekialdeko aldearen aldaketa da. Biak failen bidez daude banatuta. Mendikatearen iparraldeko erdia material paleozoikoek osatzen dute. Hegoaldeko erdia kareharrizko lurrek osatzen dute. Mendikatea bi lerrokatzetan dago zatituta: bata kostaren paraleloa, bestea barrualdean eta bien artean sakonune edo fosa tektoniko bat.
    • Mendikate Betikoak: konplexutasun geologiko handia dute eta sakonuneen bidez bereizitako bi mendi-sistemetan egituratzen dira:
      • Mendikate Penibetikoa tolestura-mendikatea da. Kosta inguratzen du. Aro tertziarioan sortu zen. Adibidez, Veleta.
      • Mendikate Subbetikoa tolestura-mendikatea da. Barrualdean dago. Hemen lerradura-mantuak daude.
      • Sakonune Intrabetikoa Mendikate Penibetikoaren eta Betikoaren arteko sakonunea da.
  5. Kanariar uharteetako erliebea

    Kanariar uharteak sumendi-jatorrikoak dira. Tertziarioan sortu ziren itsasoan faila bat sortu zenean. Faila horretatik hainbeste laba atera zen, non irlak eta sumendiak eratu ziren. Kanarietako erliebe mota nagusiak hauek dira:

    • Kono bolkanikoak tontorrean irekitako goragune konikoak dira.
    • Galdarak krater zirkular handiak dira.
    • Malpaisak lur malkartsuak dira.