Espainiako biztanleriaren banaketa: Ezaugarriak eta faktoreak

Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Geografía

Escrito el en vasco con un tamaño de 2,51 KB

Espainiako biztanleriaren banaketaren ezaugarriak

Espainiako populazioak gora egin du azken bi mendeetan. 2012. urtean 47 milioiraino heldu zen, Europako seigarren estaturik jendetsuena izanik Errusia, Alemania, Erresuma Batua, Frantzia eta Italiaren ondoren.

Biztanle kopuru hau ez da proportzio berdintsuan banatzen estatuko lurraldean zehar. 2012an, Espainiako populazio-dentsitatea 91,1 biztanle/km²-koa zen, Europako batez bestekoaren azpitik dagoena. Erkidego batzuetan dentsitatea askoz txikiagoa da.

Dentsitatearen araberako lurraldeak

  • Dentsitate handiko lurraldeak: Madril, EAE, Kanariak, Katalunia, Balearrak eta Valentzia dira hurrenkera honetan. Guztiak estatuko eta Europako Batasuneko batez bestekoaren gainetik daude.
  • Dentsitate ertaineko lurraldeak: Murtzia, Kantabria, Galizia, Andaluzia eta Asturias. Dentsitate hauek estatuko eta Europako batez bestekoen artean daude orokorrean (Murtzian apur bat gainetik).
  • Dentsitate txikiko lurraldeak: Barnealdeko erkidegoetan daude.

Erkidegoetako batez bestekoek probintzia mailako aldeak ezkutatzen dituzte; Soria eta Teruel dira dentsitaterik txikiena duten probintziak. Bestalde, hiriguneetako dentsitate handien eta landa-udalerrietako dentsitate txikien arteko aldeak aipatu behar dira.

Banaketa azaltzen duten faktoreak

Populazioaren banaketa eragile askoren ondorioa da: eragile fisikoak, historikoak eta politiko-ekonomikoak.

Industria Iraultzaren aurreko eta ondorengo aldia

Industria Iraultzaren aurreko aldian, ekonomiaren oinarria lehen sektorea zen eta eragile fisikoak ziren nagusi. Alde honetatik, Mediterranear kostaldean biltzen ziren baldintzarik egokienak. XVII. mendearen erdialdetik aurreranzko krisiak Gaztela ahuldu zuen eta kostaldeko herrialdeetarako biztanle-mugimendua piztu zuen.

Industria Iraultzarekin, eragile fisikoek indarra galdu zuten eta industriaren kokapena bihurtu zen faktorerik garrantzitsuena biztanleriaren banaketan. Urte hauetan oso areagotu ziren gaur egungo kontraste handiak periferiaren eta barnealdearen artean. Industriaguneak biztanle-hartzaile bihurtu ziren eta landa-eskualdeak emigrazio-gune: "landa-exodoa" deiturikoa.

Industria osteko aldia

Industria osteko aldian, 1975eko krisitik aurrera, desorekak leunduz joan dira. Hala ere, oraindik ere, estatuko populazioaren banaketak kontraste handiak mantentzen ditu.

Entradas relacionadas: