Elikadura osasungarria: Osasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko gakoa
Enviado por Chuletator online y clasificado en Magisterio
Escrito el en
vasco con un tamaño de 2,75 KB
Elikadura osasungarria mahai gainean jarri behar dugu
Gero eta gehiago entzuten da ez dugula gure elikadura behar bezala zaintzen, jaten ditugun produktuen kalitateari ez diogula behar adinako garrantzirik ematen eta, askotan, gorputzak behar dituen mantenugaiak ez ditugula modu egokian hartzen. Gainera, askoren ustez, elikadura osasungarria mantentzea zaila da epe luzera.
Testuinguru horren barruan, elikadura-ohitura osasungarrien inguruko eztabaida gero eta handiagoa bihurtu da. Batzuen iritziz, supermerkatuetako produktuak gertuko dendetakoak bezain kalitatezkoak dira; beste askoren ustez, ordea, ezinbestekoa da tokiko eta kalitatezko produktuak kontsumitzea.
Elikadura egokiaren onura fisiko eta psikologikoak
Lehenik eta behin, elikadura egokiak osasun fisikoan dituen onurak ukaezinak dira. Alde batetik, gorputzaren funtzionamendua hobetzen du, energia handiagoa emanez eta giharren zein organoen jarduera indartuz. Bestalde, eragin psikologikoa ere oso garrantzitsua da.
Adibidez, ikasle batek egun osoan arreta eta kontzentrazioa mantentzeko elikadura egokia behar du, burmuinak behar bezala funtzionatzeko mantenugai egokiak behar baititu. Ondoren, kirola egiteko ere ezinbestekoak dira:
- Karbohidratoak
- Proteinak
- Gantz osasungarriak
Gaur egun ditugun baliabideekin, ez genuke ondo elikatzeko aukera baztertu behar.
Elikagai naturalak eta tokiko alternatibak
Egia da askotan esaten dela elikagai naturalak edo ekologikoak garestiagoak direla. Hala ere, badira alternatibak:
- Etxean barazkiak landatzea
- Tokiko baserrietara jotzea
- Sasoiko produktuak erostea
Gainera, horrela baserritarrei ere laguntzen zaie. Horregatik, ez dago aitzakiarik elikadura osasungarria gure eguneroko bizitzan ez txertatzeko.
Bizi-kalitatea eta zahartzaroa
Amaitzeko, elikadura osasungarriak dituen onurak kontuan hartuta, argi dago ez dela egunero egiten dugun ekintza huts bat. Aitzitik, gure bizi-kalitatea eta ongizatea hobetzeko tresna indartsua da. Gizakiak gero eta garapen handiagoa bilatzen badu, zergatik ez dugu gure gorputza ere modu egokian zaintzen?
Bestalde, elikadura-ohitura osasungarriak izateak zahartzaroan bizi-kalitatea eta bizi-itxaropena hobetzen ditu. Elikagaiek barrutik zein kanpotik zaintzen gaituztenez, haien aukeraketa ahalik eta egokiena izatea beharrezkoa da.
Japoniako eredua: Dieta orekatuaren adibidea
Adibidez, Japoniako bizi-itxaropena munduko handienetakoa da, bertako dieta natural eta orekatuari esker. Arraina, barazkiak eta arroza maiz kontsumitzen dituzte, eta gantz gutxiago hartzen dute. Horri esker, digestioa hobea da eta mantenugaiak errazago asimilatzen dituzte.