Botere Politikoa: Jatorria, Zilegitasuna eta Estatuaren Funtzioak

Otras materias5,62 KB

Zilegitasuna: Botere Politikoaren Irizpideak

Botere politikoa legitimoa ote den galdetzen badugu, ez dugu botere horrek zer jatorri duen jakin nahi. Fenomeno batek jatorri bat edo bestea izan, fenomeno hori ona edo txarra den galdetu behar dugu. Fenomeno horrekin jarraitzea eta hobetzea komeni den ala ez galdetu behar dugu. Filosofo gehienen arabera, botere politikoa ezinbestekoa da gizarteak behar bezala funtzionatzeko. Gainera, zenbat eta existentzia gehiago izan, orduan eta premiazkoagoa da.

Baina botere politiko guztiak ez dira legitimoak; irizpideak behar ditugu zer den legitimoa eta zer ez bereizteko. Botere politikoa legitimoa den jakiteko, dagokion funtzioa ondo betetzen ote duen hartu behar da kontuan: herritar batek besteari kalte egiten badio, bakoitzari zor zaiona ematen ote dion.

Jatorriaren eta Zilegitasunaren Konbinazioak

Jatorriaren eta zilegitasunaren arteko lau konbinazio nagusi bereizten dira:

  1. Jatorri Positiboa / Zilegitasun Positiboa (+/+): Ona dela iruditzen zaigu, eta instituzioa bera legitimotzat hartzen dugu. Egoera jakin batzuk legitimoak ote diren zalantzan jar dezakegu, besteak beste, gehiegikeriak eta ohitura txarrak ikusten baditugu. Hala ere, gutxitan jartzen da zalantzan.
  2. Jatorri Negatiboa / Zilegitasun Negatiboa (-/-): Gehiegikerien eta indarkeriaren bidez sortutako instituzioak ageri dira. Jatorri negatiboa dute, eta horrez gain, ez dira legitimoak. Mota horretako instituzioak dira esklabotza, mafia... Multzo horren barruko instituzioei erreparatuta, konturatuko gara zenbait instituzio jatorritik bertatik kritikatu eta baztertu izan ditugula bidegabeak izateagatik, eta urteak igaro arren, instituzio horiek inoiz ez ditugula legitimotzat hartu.
  3. Jatorri Negatiboa / Zilegitasun Positiboa (-/+): Baliteke instituzio bat indarkeriaren eta gehiegikerien bidez sortu izana, baina, hala eta guztiz ere, instituzio hori legitimotzat hartu ahal izatea, baldintza jakin batzuk betez gero. Esate baterako, lur-sailen jabetza pribatuaren jatorrian, indartsuenek lur-sail handiak eskuratu zituzten, ahulenen bizkar. Gaur egun, onartzen dugu lur-sailen jabetza legitimoa dela.
  4. Jatorri Positiboa / Zilegitasun Negatiboa (+/-): Baliteke hirugarren konbinazioaren kontrakoa gertatzea. Instituzio baten jatorria hutsik gabea izan daiteke etikaren ikuspegitik, baina litekeena da instituzioa bera legitimoa ez izatea. Esate baterako, herri-jai batzuetan alkohol gehiegi edaten dute. Nahiz eta jai horien jatorria positiboa izan, horrek ez du esan nahi gaur egun zalantzan jarri ezin dugunik jai legitimoak ote diren.

Boterearen Monopolioa eta Estatu Modernoa

Estatu modernoaren ezaugarri nagusia bere lurraldean bertan bortxazko boterea monopolizatu nahi izatea da. Max Weber-en arabera, «lurralde jakin batean menderatze-tresna gisa legezko indarkeria monopolizatzea lortzen duen erakundea da estatua, eta instituzio forma hartzen du».

Gaur egun, estatua diogunean ez gara gizarteaz orokorrean ari, bere baitako instituzio jakin batez baizik, eta instituzio horrek ezaugarri hauek ditu:

  • Erakunde politikoa da, inpertsonala eta subiranoa; bere lurraldearen gain goreneko eskumena du, eta berak baino ez du ahalmenik hainbat gai arautzen dituzten legeak aldarrikatzeko: zergak, karguak, sariak, eskubideak, etab.
  • Boterearen egitura bateratua du; legitimoa izan nahi du. Botere hori burokraziaren bidez gauzatzen da, berariaz gai publikoak kudeatzeko sortutako erakunde hierarkikoan lan egiten duten funtzionarioen bitartez.

Gizarte Arauak: Bizikidetzarako Motak

Hiru mota bereizten dira:

  1. Arau Moralak: Gizabanako orok nola jokatu beharko lukeen adierazten dute, gisa portatu nahi badu. Arauok kontzientzia-mailan agintzen dute.
  2. Zuzenbidezko Arauak: Komunitate politiko bakoitzaren agintariek ezartzen dituzte eta lurraldeko biztanle guztiei zuzenduta egon ohi dira. Botere politikoaren babesa izaten dute eta indarkeriaz ere balia daiteke.
  3. Gizarte Usadioak: Ohiturak dira. Ez dute arau moralen mailarik ez eta zuzenbidezko arauen derrigortasunik ere. Gizarte usadioak ez betetzean jokabide lotsagabea izaten dugu.

Botere Politikoa Legitimatzeko Argudioak

Arauak legitimoak edo bidezkoak diren ez ezik, botere politikoa ere legitimoa ote den galde dezakegu. Botere politikoa behar-beharrezkoa al da gizarteak behar bezala funtzionatzeko? Hiru argudio nagusi daude:

  1. Argudio Teologikoak: Jainkoen nahia zutelako sortu zen botere politikoa. Argudio horiek erabili zituzten Erdi Aroan.
  2. Argudio Naturalistak: Gizakion berezko beharra da botere politikoa. Bizi garen komunitate horietan agintariak izan behar dituzte. Aristotelesek erabili zuen argudio hau.
  3. Argudio Funtzionalistak: Botere politikoa gizarte gehienetan dago, gizarteko kideentzat erabilgarria eta onuragarria baita agintari politiko bat ordena sozialaz eta bizikidetza baketsuaz arduratzea. Batzarren erabakiak betearaztea izango litzateke botere politiko horren zeregina.

Botere Politikoaren Mota Nagusiak

Botere politikoa noren esku utzi behar den eztabaidatu dute. Aristotelesek bi irizpide kontuan hartuta sailkatu zituen erregimen politikoak:

  • Gobernari kopurua.
  • Gobernuak denei edo gizartearen zati bati egiten zion mesede.

Aristotelesek argudiatu zuen herri bakoitzaren egoera historiko eta sozialaren arabera aukeratzen zela hiru erregimen legitimoetatik bata edo bestea.

Descargar

PDF Word HTML