Klase Sozialen Ikuspegi Neomarxistak: Poulantzas, Wright eta Miliband

Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Otras materias

Escrito el en euskera con un tamaño de 3,6 KB

Ikuspegi Neomarxistak

Marxismoan inspiratzen diren autore guztiek ideia bat partekatzen dute: egitura sozialaren izaera determinatzeko klase sozialek duten garrantzia. Halaber, klase borrokaren nozioak gizartean gertatzen diren gatazken azalpen ezberdinak artikulatzen ditu. Azken hamarkadetan gertatu diren eraldaketek pentsalari marxistak beren funtsezko postulatuak, kontzeptuak eta argudio teorikoak berrikustera bultzatu dituzte. Klase sozial kontzeptua ekonomiara mugatzetik botereari lotua izatera igaro da. Poulantzas bezalako autore neomarxistek klase sozialek eta botere politikoak mantentzen duten harremana landu eta sakondu dute. Beste batzuk, Braverman kasu, ekoizpenaren esparruan gertatzen diren harreman kapitalistetan eta lan prozesuetan zentratzen dira. Azken batzuek, Roemer adibide, esplotazio fenomenoa lan merkatutik beste esparru batzuetara hedatu dute.

Baina, beharbada, eztabaida neomarxista baldintzatua izan da burgesia-proletargoa eta kapital-lana dikotomietatik at dauden klaseen eta problematiken agerpen zein indartzearekin. Preseski, Wrighten interes nagusia horretan datza, izan ere, klaseen definizioan eta klaseen arteko bereizketan zentratzen da. Horrez gain, klase bakoitzaren pisu demografikoa neurtzen ahalegintzen da. Era berean, klase kontzientziaren sorrera eta horrek biografia eta egitura sozialarekin duen harremana funtsezkoak dira gaur egungo analisi marxistan. Hori dela eta, atal honen helburua Poulantzas, Wright eta Milibanden teoriak aurkeztea da, kontuan izanik oso ezberdinak direla beren ondorio eta ikuspegietan.

1. Poulantzas eta Klaseak Mugarritzeko Irizpideak

Poulantzas pentsalari neomarxista nagusienetakoa da. Las clases sociales en el capitalismo actual liburuan, klase sozialei buruzko teoria marxista sistematizatzen ahalegintzen da, baita ere beste irakurketekin eztabaida mantentzen, Weber, Dahrendorf edo Cronner adibide direla. Bere lanari esker, eztabaida sakon bezain bizi bat sortu da marxismoaren baitan zein kanpoan. Poulantzas marxismoaren kontzeptu nagusi batzuk zehazten saiatzen da. Esaterako, klase sozialak funtsean eragile sozial multzo gisa definitzen ditu, ez hainbeste ekoizpen prozesuan betetzen duten tokiaren arabera, baizik eta osagai politiko zein ideologikoek funtsezko papera betetzen baitute klase sozialen egitura erabakitzerakoan.

Bere aburuz, hiru faktorek dute eragina egitura sozialaren antolaketan: ekonomikoek, politikoek eta ideologikoek, baina osagai ekonomikoaren garrantzian jartzen du arreta. Harreman ekonomikoetan, tokiak garrantzi berezia du klaseen determinazioan. Esparru ekonomikoan, ekoizpen prozesuak erabakitzen du lan prozesua non dagoen bereziki. Faktore ekonomikoei dagokienez, oinarrizko bereizketa egiten da lan produktiboaren eta lan ez-produktiboaren artean. Bigarrenei dagokienez, aldagai politikoa funtsean kontrol mailari lotua dago. Eta, alor ideologikoan, bereizketa bat egiten du ekoizpenaren antolaketan eta plangintzan kontzientzia hartzen eta parte hartzen dutenen artean, eta hortik kanpo geratzen direnen artean.

Hirugarren sektoreko langileen kopurua asko handitu da azken hamarkadetan. Poulantzas kategoria hau kontuan hartzen saiatzen da, nahiz eta ez benetako klase sozial bat izan, baizik eta talde sozial bat edo burgesiaren atal bat. Klase sozialekin ez bezala, kategoria horien berezitasuna da agrupazioak izatea, non osagai politiko edo ideologikoek lehentasuna duten. Printzipio horietatik abiatuz, Poulantzas-ek klase sozialen teoriari egiten dion ekarpena langile horien kategorizazioak planteatzen duen arazoan zentratzen da: bulego langileak, enplegatu publikoak, teknikoak eta koadroak.