Agustin Hiponakoa: Bizitza, Idazlanak eta Pentsamendua

Latín2,63 KB

Agustin Hiponakoaren bizitza eta ibilbidea

Agustin Hiponakoa Ipar Afrikako Tagaste hirian jaio zen 354. urtean. Aita (Patrizio) paganoa zen; amak (Monika), aldiz, kristaua. Azken honek kristautasunean hezi zuen Agustin.

Gaztaroa eta bilaketa espirituala

Oinarrizko ikasketak egin ondoren, 370. urtean Kartago hirira joan zen erretorika ikastera, eta urte batzuk geroago erretorika irakasle gisa jardun zuen hainbat hiritan: Kartagon, Erroman eta Milanen. Ospea eta arrakasta ezagutu zituen, eta plazerrez eta luxuz beteriko bizitzaz gozatu zuen.

Hala ere, bilakuntza espiritualari ekin zion bere bizitza osoan zehar: erlijio kristauak ezin zituen bere kezkak ase, eta 373. urtean manikeismora hurbildu zen. Aurretik, Zizeron idazle latindarraren Hortensius izeneko obraren irakurketak filosofiara eraman zuen. 383. urtean Erroman zelarik, krisialdi espiritual handi batean murgildu zen. Manikeismoari uko egin zion, eta eszeptizismo filosofikoaren postulatuetara lerratu zen.

Bihurketa eta bizitza eliztarra

Urte bat geroago, Erromatik Milanera aldatu zen, eta bertako apezpikua ezagutu zuen, San Anbrosio. Agustin bizitza kristauarekin bat egiteko dei indartsu bat sentitzen hasi zen, eta azkenik kristau-federa bihurtu zen. Erabaki honetan, Anbrosio eta bere ama Monikaren eragina bezain garrantzitsuak izan ziren Agustinek filosofia platonikoaren inguruan egindako irakurketak. Aipatzekoa da Anbrosiori esker Agustinek Plotino idazlearen lanak ezagutu zituela.

Irakaskuntza eta berarekin bizi zen emakume esklabua (askatu zuena) utzi zituen; Anbrosiok bataiatu zuen eta bizimodu bakartua eta aszetikoa eraman zuen hemendik aurrera bere amarekin. Monika hil eta gero, Afrikara bueltatu eta 391. urtean apaiztu zen Hiponan, eta 396an Hiponako gotzain izendatu zuten. Hiri horretan bertan hil zen 430. urtean, bandaloek Hiponako hiriaren inguruan ezarritako setioan.

Idazlan nagusiak eta ondarea

Bere obrari dagokionez, hainbat motatako lanak idatzi zituen:

  • Filosofikoak: Contra Academicos, De Libero Arbitrio...
  • Teologikoak: De Trinitate, De Civitate Dei (Jainkoaren Hiria), etab.
  • Autobiografikoak: Confessiones (Aitormenak).
  • Apologetikoak: Garaiko mugimendu heretikoen kontra burututako lan oparoa.

Bere obrarekin batera, Agustinen estiloak —sutsua eta dotorea aldi berean, beti iradokigarria— egundoko eragina izango zuen ondorengo pentsalari kristauengan, baita gaur egungo irakurleengan ere.

Descargar

PDF Word HTML