1876ko Konstituzioa: Berrezarpenaren Oinarri Politikoak
1876ko Konstituzioaren Sarrera eta Testuingurua
1876ko Konstituzioa testu juridiko-politiko eta publikoa da. Bere egilea Cánovas del Castillo politikaria dela esan daiteke, bere pentsamoldea jasotzen baitu, baina Gorteek onartu zuten (diputatu liberalek zein kontserbadoreek) eta erregeak sinatu zuen. Honen helburua, Seiurteko Demokratikoak izandako porrotaren ondoren, Espainian egonkortasuna ezartzea zen. Testu hau Lehen Errepublikaren erorketaren ondoren kokatzen da, hau da, Borboien itzuleran, Alfontso XII.arekin. Hortaz, Berrezarpenaren hasieran kokatzen da; garai historiko hau Martinez Campos jeneralaren estatu-kolpearekin hasi zen.
Konstituzioaren Artikuluen Azterketa
Jarraian, konstituzio honen hainbat artikuluren analisia egingo dugu:
- 11. art.: Artikulu honen bitartez, Espainia estatu konfesional bihurtu nahi izan zen, non erlijio nagusia "Erlijio Katoliko, Apostoliko eta Erromatarra" den; hala ere, salbuespen bat zuen: beste erlijioak onartzen ziren, arlo pribatuan praktikatzen baziren behintzat.
- 13. art.: Honi esker, giza eskubide liberal guztiak onartu ziren. Hala eta guztiz ere, eskubide hauek guztiak, praktikan, mugatuak izan ziren; adibidez, nahiz eta konstituzioak elkartzeko eskubidea onartu, Cánovasen sistemaren alderdi-bitasuna nagusitu zen.
- 18. art.: Subiranotasun partekatua azaltzen du, non botere legegilea Erregeak eta Gorteek banatzen zuten; hortaz, aginteen banaketa puskatu egin zen. Cánovasek, hau azaltzean, egonkortasun politikoa lortzeko kontrol politikoa beharrezkoa zela argudiatu zuen.
- 19. art.: Gorteetan bi ganbera bereizten ditu: Senatua eta Kongresua.
- 20. eta 28. art.: Senatuari eta hau osatzen zuten diputatuen hautaketari buruz hitz egiten dute. Kasu honetan, diputatuak sufragio zentsitarioaren bidez aukeratzen ziren.
- 50. art.: Botere betearazlea Erregeari eskaintzen dio; honekin, lehen esan bezala, aginteen banaketa puskatuta geratu zen.
- 75. art.: Berdintasun juridikoa ezartzen du Espainia osoan, bai Madrilen baita Euskal Herrian ere. Azken honetan foruen abolizioa ekarri zuen, baina bi urte geroago, berdintasun juridiko honen truke, kontzertu ekonomikoak onartu ziren.
Analisia egin ondoren, argi eta garbi ikus dezakegu konstituzio kontserbadorea izan zela; gainera, Cánovas del Castilloren ideologia jaso zuen.
Berrezarpenaren Hasiera eta Cánovasen Sistema
Espainian, Seiurteko Demokratikoan zehar, desegonkortasun politikoa nagusitu zen, estatu-kolpeak, pronuntziamenduak eta iraultzak etengabe gertatzen baitziren. Baina, Lehen Errepublikaren amaieran, Berrezarpena izeneko garai historikoa hasi zen; honekin, ordena, bakea eta egonkortasun politikoa ziurtatu nahi izan ziren. Sistema politiko honen bultzatzaile nagusia Cánovas del Castillo izan zen; honek monarkia legalki berrezartzea zuen helburu, berak idatziriko dokumentuaren laguntzaz. Baina, Martínez Campos jenerala aurreratu zitzaion: Sagunton altxamendu bat egin eta Alfontso XII.a Espainiako errege aldarrikatu zuen.
Berehala, Cánovasen pronuntziamendua onartu eta Errepublika abolituz, gobernu liberal moderatua berrezarri zen. Monarkiaren berrezarpena hainbat arrazoirengatik gertatu zen; adibidez: Lehen Errepublikak gerra askori aurre egin behar izan zion, honen aldekoak gutxi ziren eta etsaiak, berriz, asko (burgesak, Kubako eta Espainiako lurjabeak, armadako agintariak, Eliza Katolikoa...).
Cánovasen Helburuak eta Erabakiak
Cánovasek, monarkia ezarri bezain laster, hainbat helburu izan zituen (Erregeak Gobernazio ministro izendatu baitzuen):
- Egonkortasun politikoa lortzea (Seiurtekoaren kaosa bukatzeko).
- Sufragio zentsitarioa ezartzea.
- Altxamendu militarrak saihestea.
- "Barne-konstituzioa" ezartzea.
- Bi alderdien txandaketa (Alderdi Kontserbadorea eta Alderdi Liberala) ezartzea.
- Gerrak amaitu eta bakea lortzea.
- Konstituzio berria idaztea.
- Kontrol politikoa ezartzea.
Bere erabakiak, ordea, honakoak izan ziren:
- Gerra Karlistarekin amaitu zuen; Euskal Herrian foruak abolitu zituen, baina kontzertu ekonomikoa onartu zuen.
- Kubako bakea lortu zuen, honen autonomia onartuz.
- Elizari pribilegioak itzuli zizkion.
- Erregea Armadako buruzagi izendatu zuen, matxinada militarrak saihesteko asmoz.
- Prentsa-askatasuna mugatu zuen.
Sistemaren Hiru Zutabe Nagusiak
Cánovasen sistemak hiru zutabe izan zituen:
1. Zutabea: 1876ko Konstituzioa
Horretarako, Gorte Konstituziogileak deitu behar izan zituen, baina 1869ko Konstituzioa indarrean zegoenez, sufragio unibertsalaren bidez osatu ziren. Hala ere, Cánovasek hauteskundeak kontrolatu zituen eta diputatu liberalak nagusitu ziren. Konstituzioa idatzi aurretik, diputatuek "barne-konstituzioa" onartzea lortu zuen, Monarkia eta Gorteak oinarrizko erakunde bihurtuz. Konstituzio hau liberal kontserbadorea zen, alderdi askotan 1845ekoaren antz handia zuena, baina giza eskubideei dagokionez, hurbilago zegoen 1869kotik. Hortaz, konstituzio malgua izan zen eta horregatik onartu zuten kontserbadoreek eta moderatuek.
Bere ezaugarri nagusiak honakoak izan ziren:
- Subiranotasuna: Erregearen eta Gorteen artean banatuta (1845ekoan bezala).
- Ganberak: Diputatuen Kongresua (1890era arte sufragio zentsitarioz, gero gizonezkoen sufragio unibertsalaz) eta Senatua.
- Koroa: Estatuaren ardatza zen eta eskubide garrantzitsuak zituen (legegilea eta betearazlea).
- Askatasunak: Askatasun indibidualak onartzen zituen, baina praktikan mugatuak izan ziren.
- Erlijioa: Estatu konfesionala, baina beste erlijioak era pribatuan onartuak.
2. eta 3. Zutabeak: Alderdi-bitasuna eta Kazikismoa
1876ko Konstituzioa ekainaren 30ean aldarrikatu zen eta Bigarren Errepublika iritsi arte egon zen indarrean. Espainiako historian gehien iraun duen konstituzioa izan da. Beste bi zutabeak honakoak izan ziren:
- 2. ZUTABEA: Alderdi-bitasuna: Bi alderdien txandakatze politikoan oinarritzen zen: Alderdi Liberal Kontserbadorea eta Alderdi Liberal Fusionista. Sistema honen helburu nagusia altzamendu militarrak saihestea zen, hauteskundeak faltsutuz.
- 3. ZUTABEA: Kazikismoa: Kazikeak herritarren artean prestigio handiko pertsonaiak ziren eta hauteskundeak faltsutzen zituzten era guztietako prozedurak erabiliz, txandaketa ziurtatzeko.
Testu hau bere garaian garrantzi handikoa izan zen, egonkortasun politikoa ezartzea lortu baitzuen. Historian zehar ere garrantzi handia izan duela esan daiteke, Espainian izandako konstituziorik luzeena izan baita.