Proteinen sintesia: aminoazidoen aktibazioa, itzulpena eta polipeptido-kateen plegamendua
a- Aminoazidoen aktibazioa
Aminoazidoak tRNA batera lotzen dira, eta aminoazil-tRNA sortzen da. Erreakzioa tRNA-sintetasa entzimak katalizatzen du, eta ATP behar du.
Aa + tRNA + ATP → Aminoazil-tRNA + AMP + PPi
b- Itzulpena
b.1 Sintesiaren hasiera
Itzulpena erribosometan gertatzen da. Bakterioetan, mRNA sintetizatu bezain azkar gertatzen da (ez dago mRNAren heltze prozesurik).
mRNA erribosomaren azpiunitate txikiari lotzen zaio. mRNAren hasiera-kodona AUG da, eta bere antikodona (UAC) duen tRNA erribosomaren azpiunitate txikiko P zentroan lotuko da. tRNA horrek metionina garraiatuko du eukariotoetan, eta formilmetionina prokariotoetan. Une horretan, erribosomaren azpiunitate handia lotzen da, eta hasiera-konplexua eratzen da.
Prozesu honek energia behar du (GTP). Hasiera-konplexua eratzeko, hasiera-faktore deritzen proteinak behar dira.
b.2 Aminoazido-kateen luzapena
Erribosomak 2 lotura-zentro ditu:
- P zentroa: peptidil-tRNAren lotunea.
- A zentroa: aminoazil-tRNA berriak lotzen diren tokia.
Hurrengo kodona ezagutuko duen aminoazil-tRNA A zentroan sartuko da. P zentroan dagoen aminoazidoaren eta berriaren artean lotura peptidikoa eratuko da, eta peptidoa A zentroko tRNAri lotuta geldituko da. Erreakzioa peptidil transferasa entzimak katalizatzen du.
Erribosoma lekuz aldatuko da 3´ muturrerantz, hurrengo kodona itzultzeko. Aminoazidorik gabeko tRNA askatu egingo da, eta peptidil-tRNA P zentroan geldituko da.
Aminoazido berriak sartuz jarraituko du, amaiera-kodon bat aurkitu arte. Prozesu honek ere energia behar du (GTP). Luzapenean, luzapen-faktore deritzen proteinak behar dira.
b.3 Sintesiaren amaiera
UAA, UGA edo UAG amaiera-kodonera iristean, sintesia amaitzen da. Faktore askatzaile deritzen proteinak A zentroari lotzen zaizkio. Peptidil transferasa entzimak tRNAren eta polipeptidoaren arteko lotura hidrolizatzen du.
Erribosomak mRNA askatzen du, eta bi azpiunitateak disoziatu egiten dira.
c- Polipeptido-kateen elkarketa
Katea polipeptidikoa sintetizatzen doan neurrian, egitura sekundarioa eta egitura tertziarioa hartzen ditu. Katea polipeptiko bat baino gehiagoz osatutako proteinek laugarren mailako egitura dute.
Proteina batzuek, aminoazido batzuk galdu edo eraldatu behar dituzte aktibo izateko.