Nietzscheren filosofia, Botere-nahia

Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en euskera con un tamaño de 7,85 KB

4 KRITIKA MENDEBALDEKO ZIBILIZAZIOARI. BITALISMOA

XIX. Mendearen bigarren zatian, burgesiaren garaipen ekonomiko eta politikoak zalantzagabea dirudienean, F. Nietzschek (1844−1900) mendebaldeko kulturaren oinarri diren balio guztien aurka jotzen du, hain dira suntsitzaileak eta kritikoak haren ideiak. Nietzschek europear bizimodu ustela eta konformista salatzen du, eta bere filosofia bizitza handitasunez bizitzeko proposamen gisa ulertu daitekeelako.

Pentsamendu filosofikoaren alorrean, Sokratesek eta Platonek eraman zuten filosofia galbidera, Nietzscheren interpretazioaren arabera. Onbide eta bertuteranzko bide bakartzat arrazionaltasuna eta kontzeptuen (esentzien) bidezko ezagutza  hartu zituztelarik, pasioak, instintuak eta grinak arbuiatu zituzten. Sokratesen geroztik, bizitzaren alderdi irrazionala anker eta gutxiesgarritzat jotzen dute filosofo nagusi gehienek, baita erlijio kristauak ere. Nietzschek, ordea, Heraklito goresten zuen, filosofo presokratiko honek izatearen egonkortasuna ukatu eta errealitatearen benetazko izaera bilakabidea dela zioelako. Platonen antzerako filosofia metafisikoek, aldiz, koldarkeria eta ahulezia psikologikoagatik uko egin nahi diote mundu fisikoaren inperfekzioari eta errealitatean egon badagoen aldakortasunari, izaera espiritualezko errealitateak haren gainetik ezarriz: “Ideien Mundua” (Platon), “Betiereko mundua” (kristautasuna), “noumenoa” (Kant), etab.

Mendebaldeko kulturaren ikur den ezagutza zientifikoak ere ez dio ihes egingo kritika nietzschetarrari. Egia eta ezagutza objektiboaren kontzeptuak gogor kritikatzen ditu pentsalari alemandarrak. Filosofiak zein zientziak hizkuntzaren bidez sortzen ditugun kontzeptuekin lan egiten du, errealitatea kontzeptuen bidez atzitzeko helburuarekin. Nietzscherentzat, baina, kontzeptuak “oskol hutsalak” baino ez dira, metaforak, abstrakzio hutsak; kontzeptuek egiten duten gauza bakarra berdinak ez diren gauzak berdintzea da, objektu bakoitzaren datu bereziak alde batera utzita. “Zientzia” eta ezagutza objektiboa deritzogun gezur handi horretatik ihes egiteko bide bakarra du gizakiak: gizaki intuitibo eta estetiko bihurtzea. Artearen bidez, izan ere, kontzeptuen faltsukeriari ihes egin deizaiokegu, gizaki intuitiboak baino ezin atzeman baitezake bizitzaren benetazko muina.

Izan ere, intuizio estetikoaren aldarrikapenak Nietzschek aldarrikatzen duen filosofia bitalistarekin bat egiten du. Bitalismoarentzat funtsezko errealitatea den bizitza instintu, desira eta afektuen multzoa da, eta beraz, zerizan arrazionalik gabeko zerbait; balore bitalak, eta bizitza bera, arrazoimenaren eta intelektualismo filosofiko ororen gainetik daude, hortaz.

Azken finean, Nietzschek europear bizimodu ustela eta konformista salatzen du, eta bere filosofia osoa bizitza handitasunez bizitzeko proposamen gisa ulertu liteke.

8. BOTERE-NAHIMENA ETA BETIEREKO ITZULERA

Schopenhauer-entzat bezala, F. Nietzscherentzat (1844−1900) aurkako indarren etengabeko borroka da bizitza. Nietzschek, ordea, bizitzaren ulermenean sakontzeko Schopenhauer-en “bizi-nahimenaren” kontzeptua erabili ordez, berak sortutako “botere-
Nahimenaren” kontzeptua aurkeztuko du. Nietzscheren arabera, “botere-
nahimena” izaki bizidun guztiek erakusten duten jarrera da, nor bere boterea areagotzeko, bere burua baieztatzeko eta bizi-maila handiagoa lortzeko bulkada sendoa (izan, ere, Nietzscheren filosofian botere-nahimenaren kontzeptua biziki polemikoa da, erabat interpretagarria). Oinarrizko bizitza mailan ere botere nahimena aurki dezakegu, zelula handia zelula txikia zanpatzeko joerak erakusten duen bezala. Gizakion kasuan askoz agerikoagoa da botere-nahimena, eta zenbat eta kementsuagoa eta indartsuagoa izan botere-nahimena, orduan eta handiagoa izango da gizakien arteko desberdintasuna.

Nietzscheren ustez, botere-nahimena, bizitzaren adierazpen oinarrizkoena izanik, mendean hartzen ditu bizitzaren alderdi guztiak, giza ezagutza barne. Aristoteles eta beste hainbat filosoforen usteen kontra (“Gizaki orok jakinduria irrikatzen du”,  esan zuen Platonen dizipuluak), Nietzscherentzat jakin-min hutsa edota aurrerapen moral eta zientifikoa (filosofo ilustratuek uste zuten moduan) ez da ezagutzaren eragile nagusia, bizitzan aurrera egiteko beharra baizik; bestela esanda, ez dago ezagutza desinteresaturik; ezagutza biziraupen tresna baino ez da, baita gizatalde batzuk euren botere-nahimena besteen aurrean ezartzeko tresna ere.

Azkenik, Nietzscheren betiereko itzuleraren teoria dugu aztergai, pentsamendu mitologikoa gogora ekartzen duen teoria bitxi samarra. Zaratustra, Supergizakiaren profeta izateaz gainera, betiereko itzuleraren teoriaren sortzailea ere bada. Hona hemen bere planteamendua: denbora infinitua baldin bada, aurrerantzean gertatzeke dagoen guztia ez da guztiz berria izango, iragan infinituko uneren batean gertatu behar izan delako. Gerta daitekeen guztia, beraz, gertatu da dagoeneko. Nekez aurkituko dugu oinarri teoriko sendorik doktrina honen inguruan; azken finean, bere garrantzia haren ondorio etiko eta moraletan datza. Kanten arrazoi praktikoaren inperatibo kategoriaren egituran inspiratuta, Nietzschek honako agindua emango digu: “Maite ezazu eta bizi ezazu bizitza infinituki errepikatzea desiratzeraino”. Teoria hau, finean, bizitza onartzen eta maite dugun egiaztatzeko froga gorena da. Bestetik, betiereko itzuleraren teoriak historiaren kristau ikuspegi lineala ukatzen du: Nietzscheren denboraren ikuskera zirkularrak ez du ikuspegi moralik edo teleologikorik ezartzen, ez dago ez saririk ez zigorrik “denboraren azkenean”; une bakoitzak balio absolutua du, bere-berez; une bakoitza betetasun betean bizitzea, horra hor Nietzscheren gonbidapena.