Materialak Itxuragabetzeko Prozedura Nagusiak

Tecnología Industrial3,48 KB

Ijezketa

Printzipioa

Materiala ijezteko, zilindro izeneko bi arrabolen artean igarotzarazi behar da. Bi arrabolen arteko banaketa materialaren hasierako lodiera baino txikiagoa da, eta materiala zilindroen formaren arabera itxuragabetzen da. Behin betiko forma emateko, pauso batzuk egin behar dira.

Baliabideak

Oinarrizko tresna euskarri baten gainean dauden bi zilindrok osatzen dute. Euskarri horrek hiru eginkizun ditu:

  • Zilindroari mugitzeko behar duten energia eman.
  • Itxuragabetze esfortzuei eutsi.
  • Zerbitzu osagarriak eman: lubrifikazioa, hoztea, etab.

Aplikazioak

Lehen mailako prozeduratzat erabiltzen da, oinarrizko profil soilak osatzeko, bihurgailutik irten eta berehala.

Trefilatzea

Printzipioa

Materiala itxuragabetzen da gero eta estuago den zulo batetik igarotzean; zulo horri ilara deritzo. Esfortzua itxuragabeturiko materiala erauztean egiten da.

Baliabideak

Oso instalazio bereziak behar dira, bakarrik zeregin honetarako balio dutenak. Instalazio hauek baldintza batzuk bete behar dituzte: ilarak eutsi eta harilkatzeko makinak izatea.

Aplikazioak

Gehienetan hariak lortzeko erabiltzen da.

Estanpazioa

Printzipioa

Forma kolpeka lortzen duten sistemek hartzen dute izen hori; antzinako forja askearen oinordekoak dira. Estanpa izeneko bi erdimoldeen artean kolpatuz ematen zaio forma materialari.

Baliabideak

Orokorrean, errementariaren mailuaren ordez, prentsa bat erabiltzen da, eta gainerako erreminten ordez, estanpak.

Aplikazioak

Aplikazio eremu zabala du. Pieza txiki zein handiak egin daitezke; automobilen pieza ugari egiten dira, adibidez.

Estrusioa

Printzipioa

Masa plastiko bat presionatu eta edukiontzi batetik irtenarazten da, forma zehatza duen zulo baten bidez. Ondorioz, sortutako profilak zuloaren forma berbera izango du.

Baliabideak

Prentsa bereziak behar dira, presioa itxuragabetu nahi den masara helarazteko sistema eta produktuari forma emango dioten matrizeak (zuloak).

Aplikazioak

Estrusioa profil bereziak lortzeko erabiltzen da.

Enbutizioa

Printzipioa

Puntzoiak txapa matrizean zehar bultzatzen du, itxuragabetuz. Prozesuan zehar, zapaltzaileak eutsi egiten dio txapari, makurdurarik ez egoteko.

Baliabideak

Enbutizioarako erabiltzen den makina prentsa da. Pieza bakoitzeko multzo oso bat eraiki behar da: matrizea, zapaltzailea eta puntzoia.

Aplikazioak

Txapa mehez egindako hainbat piezatan erabil daiteke, hala nola ontziak, zorroak, etab.

Tolestea

Printzipioa

Puntzoi eta matrize egokia erabiliz, materiala tolestu egin daiteke ertz batean zehar.

Baliabideak

Berariaz prestaturiko makina bereziak erabiltzen dira. Ez da gauza bera txapa metalikoa edo hodiak tolestu behar izatea.

Aplikazioak

Profilak egiteko erabiltzen dira tolesteko makinak, edo makina laguntzaile moduan.

Moldekatze Prozedurak

Prozedura honetan, materiala urtu egiten da eta ondoren itxura ematen zaio.

Prozesua

  1. Pieza eduki behar duenaren araberako moldea egiten da.
  2. Piezarako aukeraturiko materiala urtu egiten da.
  3. Urturiko materiala moldean isurtzen da.
  4. Solidotuz, forma egonkortzen da.
  5. Pieza moldetik ateratzen da.
  6. Pieza garbitu eta ezaugarriak aztertzen dira.

Descargar

PDF Word HTML