Lan Zuzenbidearen Gida: Kontratuak, Lanaldiak eta Eskubideak
Enviado por Chuletator online y clasificado en Derecho
Escrito el en
vasco con un tamaño de 252,03 KB
Lan Zuzenbidea eta Arauen Hierarkia
Lan zuzenbideak langileen eta enpresaburuen arteko harremanak arautzen ditu. Arau hauen artean hierarkia-printzipioa gailentzen da; hau da, beheko mailako arauek ezin dituzte goiko mailako legeak kontraesan:
- Langileen Estatutua
- Sektoreko lan-hitzarmenak
- Enpresako hitzarmenak
- Lan-kontratua
Lan-harremana
Enpresen eta langileen artean ematen den harremana da. Hiru motatakoa izan daiteke: arruntak, bereziak eta lan-zuzenbidetik kanpokoak.
Lan-harreman arruntak
Harreman hauek honako ezaugarri hauek dituzte:
- Pertsonala: Langileak berak egin behar du lana.
- Borondatezkoa: Langileak askatasunez onartzen du lana.
- Ordaindua: Egindako lanaren truke soldata jasotzen da.
- Besteren konturakoa: Enpresak hartzen du bere gain arrisku ekonomikoa.
- Menpekoa: Lana enpresaburuaren zuzendaritzapean egiten da.
Lanaldia eta Ordutegiak
Lanaldia langileak bere lan-jarduera egiten ematen duen denbora da (eguneko, asteko edo urteko ordu kopurua). Legez, urteko batez bestekoa astean 40 ordukoa da gehienez.
Lanaldi motak
- Lanaldi erregularra: Asteko ordu kopuru bera (gehienez 9 ordu egunean; 18 urtetik beherakoentzat, 8 ordu gehienez).
- Lanaldi irregularra: Asteko lanaldi aldakorra (egunean 9 ordu baino gehiago izan daitezke, adingabeentzat izan ezik).
- Lanaldi bereziak: Lanaldi murriztuak edo luzatuak izan daitezke.
Lan-ordutegia
Lan-ordutegia langilearen laneko eta atsedeneko denboraren banaketa da, hasiera eta amaiera orduak zehaztuta. Honako motak daude:
- Etengabea: Egunean etenik gabe edo gehienez ordubeteko etenarekin.
- Zatitua: Etena, gutxienez, ordubetekoa denean.
- Zurruna: Lanaren hasiera eta amaiera orduak aurrez finkatuta daude.
- Malgua: Lanaldia ordu-muga batzuen barruan kudeatzen da.
Gaueko Lana eta Txandakako Lana
Gaueko lan-ordutegia 22:00etatik 06:00etara bitartekoa da. Gaueko langiletzat hartzen da:
- Eguneko lanaldian gutxienez 3 ordu gaueko ordutegian egiten dituena.
- Urteko lanaldiaren heren bat (1/3) gaueko ordutegian egiten duena.
Mugak: Eguneko lanaldia ezin da izan batez beste 8 ordu baino gehiagokoa 15 eguneko aldian, eta ezin da aparteko ordurik egin. 18 urtetik beherakoek ezin dute gaueko lanik egin.
Txandakako lana: Lana ordutegi ezberdinetan egitea da (goizez, arratsaldez eta gauez). Ezin dira bi aste baino gehiago jarraian egin gaueko txandan. Titulazio bat eskuratzeko ikasketak egiten ari diren langileek lehentasuna dute txanda aukeratzeko.
Aparteko Orduak eta Atsedenak
Aparteko ordu motak
- Egiturazkoak: Kontratuz edo hitzarmenez adostutakoak (nahitaezkoak).
- Ez-egiturazkoak: Borondatezkoak.
- Ezinbestekoak: Kalteren bat konpontzeko edo prebenitzeko direnean (derrigorrezkoak; ez dira gehienezko mugarako kontuan hartzen).
Urteko oporrak eta atsedenak
Langileak 30 egutegi-egun ditu urtean. Enpresaburuaren eta langilearen artean adostu behar dira, eta langileak 2 hilabete lehenago jakiteko eskubidea du. Oporrak ordainduak dira eta eskubide ukaezina dira; ezin dira diruz konpentsatu, kontratua oporrak hartu gabe amaitzen denean izan ezik.
Lan-kontratua eta Probaldia
Lan-kontratua enpresaburuaren eta langilearen arteko hitzarmena da: langileak, soldata baten truke, zerbitzuak emateko betebeharra hartzen du, enpresaburuaren kontura eta hark zuzenduta.
Lan-kontratuaren edukia
Kontratuan honakoak agertu behar dira: alderdien nortasuna, hasiera-data, iraupena, enpresaren egoitza soziala, lanpostua, lantokia, soldata, lanaldia, oporrak, hitzarmen kolektiboa, aurretiazko abisua eta sinadura.
Probaldia
Helburua langileak lana ezagutzea eta enpresak langilearen egokitasuna egiaztatzea da. Ezaugarri nagusiak:
- Idatziz aipatu behar da kontratuan (hautazkoa da).
- Langileak beste edozein langileren eskubideak ditu (soldata eta Gizarte Segurantzako alta).
- Proba-egoeran, langileak edo enpresak amaitutzat eman dezake kontratua kalte-ordainik eta aurretiazko abisurik gabe.