Kontrol-sistemak: Begizta Irekia eta Itxia
Funtzionamendua
Sarreran, gelan nahi dugun tenperatura aukeratzen dugu, erreguladoreak berogailua martxan jartzen duelarik. Kaptadoreak gelako tenperatura neurtuko du eta konparadoreak erreferentziarekin konparatu; desberdinak diren bitartean, akats-seinalea ez da desagertuko eta berogailuak martxan jarraituko du erreguladorearen aginduz. Berdintzean, akats-seinalea 0 izango da eta erreguladoreak berogailua geldiaraziko du.
Tenperatura jaistean (denboraren ondorioz edo atea irekita), kaptadorearen berrelikadura eta erreferentziakoa ez dira berdinak izango; konparadoreak akats-seinale bat bidaliko du eta erreguladoreak berogailua martxan jarriko du, gelako tenperatura altxatuz erreferentziakoarekin berdindu arte. Prozesu hau guztia errepikatzen joango da sistema desaktibatu arte.
Begizta itxiko kontrol-sistema
Kontrol-sistema honetan, bestean ez bezala, erlazio bat ezar daiteke sistemaren erantzunaren eta sarrerako aldagaiaren artean; sistemak hasiera batean bi aldagairen artean ezartzen den erlazioari eusteko joera du: erreferentziazko aldagaia (edo sarrerako/erreferentziako seinalea) eta sistemaren erantzuna (edo irteerako seinalea).
- Erreferentziazko aldagaia: kanpotik zehazten da eta prozesuaren erantzun teorikoak nolakoa izan behar lukeen adierazten digu.
- Sistemaren erantzuna: benetan gertatzen den erantzuna izango litzateke.
Erreferentziazko aldagaiaren eta sistemaren erantzunaren arteko erlazioa ezarritako tolerantzia-tartetik urruntzen denean, konparadoreak akats-seinale bat bidaltzen dio erreguladoreari, prozesua martxan jarri eta irteerako aldagaia aldatzeko.
Begizta irekiko kontrol-sistema
Sistema honetan, kontrol-aldagaiak aurreikusi daitekeen sistemaren portaeraren arabera doitzen dira. Horrela, ez dago inolako erlaziorik sistemaren erantzunaren eta sarrerako aldagaien artean. Kontrol-mota sinpleena bada ere, baditu eragozpen batzuk:
- Aurreikusi gabeko arrazoiren bat dela medio prozesuan perturbazioren bat gertatzen bada, ezin izango zaio aurre egin eta, ondorioz, sistemak beste erantzun bat eman lezake.
- Beharrezkoa da prozesua zehaztasunez ezagutzea eta kontroladorea doi-doi diseinatzea, sistemaren kontrola bere erantzun erreala kontuan hartu gabe gauzatzeko.