Iberiar Penintsulako Mapa Litologikoa eta Erliebe Formak
Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Geología
Escrito el en
euskera con un tamaño de 3,5 KB
Eboluzio geologikoaren ondorioz, Penintsulan hiru eremu bereiz daitezke harri moten arabera, eta horietako bakoitzean erliebe mota bat modelatuko da.
1. Eremu Silizeoa
Era primarioko harri zaharrez osatuta dago: granito, arbela, kuartzitak. Penintsulako mendebaldean aurkitzen dira: Kantauriar mendikatearen, Mendikate Zentralaren, Toledoko mendien eta Sierra Morenaren mendebalderantz. Arrasto batzuk Pirinioen ardatzean, Iberiar mendikatean, Kataluniako kostaldeko mendikatean eta Mendikate Penibetikoan.
Harririk ugariena granitoa da, harri kristalinoa eta zurruna, eta modu ezberdinez eralda daiteke, erliebe ezberdinak sortaraziz:
- Batzuetan, urak guztiz eraldatzen du granitoa kimikoki eta sakonki, uraren eraginez kristala deskonposatu eta harea horixka bihurtzen da, haranetan geruza lodiak eratuz.
- Beste batzuetan, granitoa diaklasa edo arraildu-sare batek eraldatzen du, emaitza ezberdinekin altueraren arabera:
- Mendi garaietan, ura harrien hausturetatik iragazten da eta, izoztean, bolumena handitu eta harriak apurtzen dira. Horren ondorioz, gandor zorrotz, maliartsu eta horzdunak sortzen dira.
- Alde ez hain garaietan, gainazalarekiko arraildu paraleloek granitoa apurka-apurka esfoliatu edo disgregatu egiten dute, eta domo izeneko forma ondulatu eta biribilduak dituen paisaia sortzen da.
2. Eremu Kareharrizkoa
Era Sekundarioko sedimentuak daude, Tertziarioan tolestu zirenak. Penintsulako ondoko aldeetan aurki dezakegu: Pirinioen aurre-mendikateetan, Euskal mendietan, Kantauriar mendikatearen ekialdeko sektorean, Iberiar mendikatean, Kataluniako kostaldeko mendikatearen zati batean eta Mendikate Subbetikoan zehar hedatzen da.
Harri nagusia kareharria da. Harri gogorra da eta arrailduak edo diaklasak eratzen ditu haustean. Euri-urak duen CO2-k erraz disolbatzen du, erliebe konplexua eratuz: erliebe karstikoa izenekoa.
Hona hemen erliebe honetan agertzen diren formak:
- Lenarrak edo Lapiarrak: isurketa-urek irekitako barrunbeak dira.
- Arroilak edo Zintzurrak: haran estu eta sakonak dira, isurialde malkartsuz inguratuta.
- Poljeak: hondo horizontaleko sakonune zabalak dira, aldapa malkartsuen erdian. Ura "ponor" edo hobi izeneko putzu batetik galtzen da.
- Dolinak edo Torkak: ura geratzen den lekuetan eratutako barrunbeak dira.
- Kobak edo Haitzuloak: lur azpian sortzen diren barrunbeak dira.
- Estalaktitak (sabaian) eta Estalagmitak (lurrean): urak duen kaltzio karbonatoa metatzean sortutako formazioak.
- Leizeak: lurrazala lurpeko galeriekin komunikatzen dituzten irekigune estuak dira.
3. Eremu Buztintsua
Tertziarioaren amaieran eta Kuaternarioan jalkitako material sedimentario ez oso gogorrez (margak, buztinharriak) eratuta dago. Ondoko aldeetan aurki dezakegu: Ebroren eta Guadalquivirren sakonunetan, inguru hondoratuetan eta Mediterraneoko kostaldeko lautadetan.
Eremu buztintsuaren erliebea horizontala da (lautadak, paramoak), tolesturarik egon ez delako. Higadura azkar gertatzen da. Aldi bero eta lehor luzeak eta euri-jasa labur eta gogorrak txandaka gertatzen diren lekuetan (Penintsulako hego-ekialdea, Euskal Herriko Bardeetan), uhaldiek isurialdeak higatu eta lubakiak edo arraildu sakonak eratzen dituzte. Horrela, "badlands" izeneko paisaia sortzen da.