Iberiar Penintsulako Erliebea, Klima eta Landaretza

Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Geología

Escrito el en euskera con un tamaño de 19,87 KB

Erliebe Formak eta Prozesuak

Tolestura-mendikatea

Mendikate hauek zenbait lekutan Mesozoikotik aurrera metatuz joandako material sedimentarioez, Zenozoikoko orogenesi alpetarrean sortutako gune garaiak dira. Material nagusia kareharria da eta eraldatze karstikoa ohikoa da. Adibidez, Pirinioak edota Iberiako mendiak.

Arro sedimentarioa

Orogenesi alpetarraren ondorioz sortutako sakonunea. Ibai handi batek eta haren ibaiadarrek zeharkatzen dituzten gune lauak dira. Material nagusia buztinak, margak, eta abar dira. Batzuk hondoratutako bloke paleozoikoak dira (Dueroren, Tajoren eta Guadianaren sakonuneak); besteak, tolestura-mendikateak altxatzean hondoratutako lurrak (Ebroren eta Guadalquivirren sakonuneak).

Arro hidrografikoa

Ibai batek edo batzuek zeharkatzen duten lurraldea da. Ibai horren (edo horien) norabidea eta bokalea kontuan hartuta, isurialdeak bereizten dira. Penintsulan hiru isurialde bereizten dira: Kantauriarra, Atlantikoa eta Mediterraneoa.

Eraldatze edo modelatze karstikoa

Kareharria irazkorra denez, urak erraztasunez zeharkatu eta disolbatu egiten du; kareharrizko eremuetan higadura-prozesuak oso handiak izan daitezke, eta horren ondorioz paisaia berriak sortzen dira. Higadura horren emaitzari modelatu karstikoa deitzen zaio.

Mendigune edo mazizo zaharra

Zenozoikoko orogenesi alpetarrean eraldatu edo altxatutako material paleozoikoei dagokien gunea, oso higatuta dauden paisaia batzuek osatzen dutena. Material nagusia granitoa da, eta horst motako failak ohikoak dira. Adibidez, Galiziako mazizoa, Toledoko mendiak eta Iberiar Penintsulako Erdiguneko Mendikatea.

Isurialde Hidrografikoak

Kantauriar isurialdea

Honako ezaugarriak dituzte:

  • Arro hidrografiko txikiak eta higadura-ahalmen handia.
  • Ia ez dute terrazarik eratzen.
  • Oro har, hegoaldetik iparralderako norabidea nagusia da.
  • Euri-erregimenak dira nagusi (elurrak ez du emariaren jatorrian hain garrantzi handirik; salbuespena Ipar Euskal Herriko ekialdean).
  • Emari handiak eta erregularrak (agorraldi txikiak).

Isurialde mediterranearra

Honako ezaugarriak dituzte:

  • Ibai luzeagoak, malda leunagoekin, oin-maila Ebro ibaia dutela.
  • Terraza-eraketa garatuagoa.
  • Norabide nagusia iparraldetik hegoalderakoa (Ebro ipar-mendebaldetik hego-ekialdera doa).
  • Euri-erregimenak nagusi, baina elurrak Bizkaian edo Gipuzkoan baino ekarpen handiagoa du (Nafarroan Pirinioetatik datozen ibaien ekarpenagatik).
  • Agorraldi argiagoak Kantauriar isurialdean baino.

Klimaren Oinarriak

Klimaren elementuak

Lurralde jakin batean nolako klima dagoen jakiteko, haren ezaugarriei erreparatzen diegu:

  • Tenperaturak: Atmosferako aireak zenbateko beroa duen adierazten du.
  • Prezipitazioa: Lurraren gainazalera erortzen den atmosferako ura da, euri, txingor edo elur bihurturik.
  • Presio atmosferikoa: Atmosferako aireak leku batean duen pisua da. Itsas mailan 1.013 milibarekoa da.
    • Presio hori baino handiagoko guneari goi-presioko gunea esaten zaio; haren erdigunea antizikloia da, eguraldi lehorra eta egonkorra eragiten duena.
    • 1.013 milibarekoa baino txikiagoko guneari behe-presioko gunea esaten zaio; haren erdigunea depresioa (edo zikloia) da, eta horrelako batek eguraldi ezegonkorra eta euritsua dakar.
  • Haizea: Han-hemenka dabilen airea da, presio atmosferikoaren aldeen ondorioz sortzen da. Haizea goi-presioko guneetatik behe-presiokoetara joaten da beti, eta guneen arteko presioaren aldea zenbat eta handiagoa izan, orduan eta indartsuago ibiliko da haizea.

Klima deskribatzeko, batez ere lehenengo biei (tenperatura eta prezipitazioa) erreparatzen diegu.

Ekintza-guneak

Aire-masak sortzen diren guneak dira. Gune hauek urtaroen arabera mugitzen diren behe- eta goi-presioko guneek (antizikloiek eta depresioek) osatzen dituzte, eta lurralde bateko kliman eragina dute. Esate baterako, Espainiako kliman eragina duen Azoreetako antizikloiak udan eragin handia dauka, eta udazkenean edota neguan hegoaldera doa, haren eragina desagertuz.

Klimaren faktoreak

Lurralde bateko klima hainbat faktoreren arteko elkarrekintzaren emaitza da: latitudea, altitudea, erliebea eta itsasoaren eragina.

  • Latitudea: Lurraren edozein lekuren eta ekuatorearen arteko distantzia da; distantzia horren arabera eguzki-izpiak ez dira latitude guztietara berdin iristen.
    • Ekuatoretik gertu eguzki-izpiek perpendikularki jotzen dutenez, tenperatura altuagoak dira, ura gehiago lurruntzen da eta prezipitazioak ugariagoak izan daitezke.
    • Latitudea handitu ahala, eguzki-izpien inklinazioa handituz doa, eta izpiak azalera zabalagoan banatzen direnez, tenperaturak baxuagoak dira.
  • Altitudea: Tenperaturek behera egiten dute (0,6 ºC gutxi gorabehera gora egiten dugun 100 m-ko), eta prezipitazioak ugaritu egiten dira. Horregatik, klima-zona eta latitude berean dauden bi lekuk klima desberdinak izan ditzakete: nolako altitudea, halako klima.
  • Erliebea: Zenbait erliebe-formek –adibidez, mendilerroek– eragina dute kliman, haizeak eta euriz betetako hodeiak pasatzea eragozten dute-eta.
  • Itsasoaren eragina: Itsasoak tenperaturak leuntzen ditu (beroak ez dira hain beroak eta hotzak ez dira hain hotzak) eta hezetasun-iturria da (prezipitazio handiak). Horregatik, klima-zona eta latitude berean dauden bi lekuk klima desberdinak izan ditzakete; kostaldetik gertu edo urrun dauden kontuan hartuta, eragina handiagoa ala txikiagoa da (itsasotik urrundu ahala klima bat kontinentaldu egiten da, hau da, klima lehortuz doa eta tenperatura-bitartea handiagoa da).

Kontinentaltasuna

Itsasoaren eraginetik urrun dauden eremuetako berezko ezaugarri klimatikoen multzoa da. Azpimarragarrienak urte barruko tenperatura-bitartea handitzea eta prezipitazioak gutxitzea dira. Iberiar Penintsulan kontinentaltasun handiena duen eremua Mantxa da.

Klima Motak

Euskal Herriko eta Espainiako klimak

Mediterranearra (arrunta)

  • Tenperaturak: Negu epelak eta uda beroak ditu. Batez besteko tenperatura 15 ºC baino altuagoa da.
  • Prezipitazioak: Ez da klima euritsua (prezipitazio irregularrak dira eta udako lehortea ohikoa da); 400 mm eta 600 mm arteko prezipitazioak; maximoak udaberrian eta udazkenean izan ohi dira.

Mediterraneoko kostalde osoan (penintsulako hegoaldean, ekialdean eta Balear uharteetan).

Mediterranear kontinentaldua

  • Tenperaturak: Negu hotzak eta uda beroak ditu, eguneko eta gaueko tenperaturen arteko alde handia; tenperatura-bitarte handia (17 ºC-tik gorakoa).
  • Prezipitazioak: Ez da klima euritsua (prezipitazio irregularrak dira eta udako lehortea ohikoa da); 300 eta 650 mm-ren artekoak.

Mediterranear kontinentaldua penintsulako klima mota nagusia da. Barnealdean (itsasoaren eraginetik urrunduta) eta itsas-mailatik ikusita lur garaietan dagoen klima; penintsulako erdiguneko goi-ordokian eta Ebroren sakonunean dago. Euskal Herriko hegoaldean (Arabako Errioxan edota Nafarroako Erriberan) ere badago.

Mediterranear erdi-elkorra

  • Tenperaturak: Mediterranear arruntean ikusten diren ezaugarri berberak.
  • Prezipitazioak: Are lehorragoa da mediterranear arrunta baino; 300 mm-z azpiko prezipitazioak.

Erliebeak asko baldintzatzen duen klima da. Penintsulako hego-ekialdean (Almeria, Murtzia, eta abar).

Ozeanikoa (arrunta)

Itsasoaren eraginpean dagoen klima:

  • Tenperaturak: Leunak (negu freskoak eta uda epelak); tenperatura-bitarte txikia (12 ºC baino txikiagoa).
  • Prezipitazioak: Euri ugari urte osoan (900 mm-tik gorako prezipitazioak); maximoak neguan normalean.

Penintsulako iparraldean eta ipar-mendebaldean dagoen klima. Ozeanikoa Euskal Herriko klima mota nagusia da (Bizkaian, Gipuzkoan, Arabako eta Nafarroako iparraldean eta ia Ipar Euskal Herri osoan).

Barnealdeko ozeanikoa (Trantsizio eremukoa)

Apur bat kontinentalduta dagoen klima ozeanikoa da:

  • Tenperaturak: Negu hotzagoak eta uda beroagoak dira ozeaniko arruntean baino (tenperatura-bitarte handiagoa ozeaniko arruntean baino).
  • Prezipitazioak: Ugari izan arren, apur bat txikiagoak dira ozeaniko arruntarekin alderatuta (650-900 milimetroren arteko prezipitazioak).

Gune ozeanikoko barnealdean (adibidez, Galiziako barnealdean) dagoen klima da. Hor itsasoaren eragina txikituz edota itsas mailatik altitudean gora joaten baita. Euskal Herriari dagokionez, Arabako eta Nafarroako erdialdean dagoen klima da.

Goi-mendiko klima

Goi-mendikoa KLIMA HOTZA da. Altitudeak asko baldintzatzen du. Horren ondorioz, honelako ezaugarriak ditu:

  • Tenperatura baxuak: Negu hotzak (oso leku garaietan tenperatura negatiboak daude) eta uda freskoak.
  • Prezipitazio handiak: Oso euritsua da, neguan elur asko egiten duela.

Penintsulako iparraldean (Euskal Herrian adibidez) 1.000 metrotik gorako mendiguneetan; penintsulako erdigunean 1.500 m-tik gorakoetan; penintsulako hegoaldean 2.000 m-tik gorakoetan.

Kanarietako klima (Azpitropikala)

Kanarietako klima KLIMA BEROA da. ALISIOEN ERAGINPEAN dagoen klima. Eguraldi egonkorra da eta lehortasun handikoa (irla batzuk lehorragoak dira besteak baino).

Mikroklimak

Gune klimatiko jakin batean egon arren, bestelako ezaugarri bereziak dituen leku jakin bateko klima dira.

  • Adibidez, Grazalemako mendigunea Andaluzia aldean dagoen oso leku euritsua da (euri orografikoak direla-eta).
  • Bero-uharteak: Hirigune batzuetan kutsaduragatik tenperatura altuagoak dira haien inguruetan baino.

Landaretza eta Eskualde Biogeografikoak

Landaretza

Gune batean landare nagusiak zeintzuk diren kontuan hartuta, hiru paisaia mota bereizten ditugu:

  • Basoak: Zuhaitzak landare nagusiak dira.
  • Sasitzak / sastrakadiak: Zuhaixkak landare nagusiak dira.
  • Belardiak: Belarrak landare nagusiak dira.

Landareen aldeko faktoreak daude (hezetasuna eta beroa) eta aurkako faktoreak (lehortasuna eta hotza).

  • Hezetasuna atsegin duten landareak higrofiloak dira.
  • Hotza nekez jasaten dutenak (beroa atsegin dutenak) termofiloak dira.
  • Hotzari aurre egiten dakitenak kriofiloak dira.
  • Lehortasunari aurre egiten dakitenak xerofiloak dira.

Landaretza potentziala

Zenbait natur-faktore kontuan hartuta, lurralde batean egon daitekeen landaretza-mota nagusia da; faktore horiek klima, lurzoru mota eta erliebea dira. Sarritan gizakiok lurralde bateko landaretza hori aldatzen dugu, errentagarriak diren espezie arrotz batzuk landatuz.

Eskualde eurosiberiarra (ozeanikoa)

  • Penintsulako iparraldeari eta ipar-mendebaldeari dagokien gunea.
  • Landaretza nagusia baso atlantikoan dauden hosto erorkorreko zuhaitzak (euri ugari behar dutenak) dira. Batez ere haritzak eta pagoak daude.
  • Lurralde honi dagokion sasitza otalurra da (otea, txilarra, garoa, eta abar).

Eskualde ozeaniko honetan bi zonalde bereizten dira:

  • Kostaldetik gertu dauden lekuak (lehenago aipatutako ezaugarriak eta espezieak dituztenak).
  • Barnealderantz kontinentalduz doan eremuan (zeinean euri gutxiago eta tenperatura-tarte handiagoa dauden), haritz mota txikiagoak daude eta sasitzak indartu dira. Hemen zuhaitz tipiko batzuk ametzak, haritz kandugabeak, eta abar dira.

Baso batzuk berritu dituzte espezie errentagarriak (pinuak, eukaliptoak, eta abar) landatuz. Adibidez, insignis pinua Bizkaian.

Eskualde mediterranearra

Gehienak hosto iraunkorreko landareak, xerofiloak (lehorretara moldatuak) eta termofiloak (hotza nekez jasaten dutenak) dira.

  • Eskualde honetako baso mediterranearrean zuhaitzik tipikoenak artea eta artelatzak dira, eta koniferoen artean Aleppo pinua.
  • Eremu mediterranear honek gizakiaren eragin handia (laborantza, abeltzaintza, suteak, eta abar) ezagutu duenez, angioak bezalako paisaiak ikusten dira.
  • Sasitza mediterranear tipikoa makia da (sasitza honi ere garriga deitzen zaio); makian erromeroa, ezkaia eta isatsa espezie arruntak dira.
  • Oso leku lehorretan sasitza degradatu egiten da; hor landaretza tipikoa estepa (lehortasunera moldatutako belardi mota) da, eta palmondo nanoa eta espartzua agertzen dira.

Penintsulako erdialdean (mesetan) eta Ebroko sakonunean klima mediterranearra kontinentalduta dago (horregatik negu hotzari aurre egin behar diote landareek); ondorioz, hotza jasaten duen arte-mota bat (karraska edo arte-laparra) eta ezaugarri kontinentaletara moldatuta dauden zuhaixka batzuk (ipurua, izpilikua, eta abar) ohikoak dira.

Mendiko eskualdea (borealpetarra)

Erliebearen formak, altitudeak eta eguteran edo laiotzean egoteak –adibidez, laiotzean eguteran baino baxuago beti– mendiko landaretzaren mailaketa bat ezartzen dute. Maila hauek aldatzen dira mendi batzuetatik besteetara; mailaketa horren adibide bat:

  • Lehenengo maila: Hosto erorkorreko espezieek osatua (baso atlantikoaren antzekoa): haritzak eta gero pagoak.
  • Bigarren maila: Maila honetan koniferoek (izeiek, mendi-pinuek, eta abar) protagonismoa dute. Hotzari aurre egiten diote ongi.
  • Hirugarren maila: Basoak desagertzen dira, sasitzak eta belardiak bakarrik baitaude. 3.000 metrotik gora ia landarerik ez.

Eskualde makaronesiarra (Kanarietakoa)

Uharte hauetan lore eta landareen aniztasun handia dago. Endemismo ugariko gunea da. Espezie termofiloak eta xerofiloak (indipikondoa, Kanariar palmondoa, eta abar) oso ohikoak dira. Uharteetan zabalduena pinu kanariarrek osatutako basoa eta zenbait uhartetako zonalde garaietan laurisilva (baso azpitropikala) ere ohikoa da.

Endemismoa

Munduko leku jakin batean bakarrik dagoen (beste inon ez dagoen) animalia- edota landare-espezie bati deitzeko erabiltzen den terminoa da; uharteetan eta mendiguneetan ohikoak dira. Adibidez, Kanarietako dragoa.

Basamortutzea (= desertifikazioa)

Zenbait lurraldetako paisaian eta landaretzan gerta daitekeen degradazio mota bat. Degradazio hau natur-arrazoiengatik (baldintza klimatikoen aldaketa) eta eragin antropikoagatik (neurriz kanpoko ustiapena) gerta daiteke.

Euskal Herriko Erliebe Unitateak

Euskal Mendiak

Pirinioetan eta Kantabriar mendilerroaren bertako sektorean kokatuta daude. Altuera moderatukoak (tontorrik garaienak ozta-ozta gainditzen ditu 1.500 metroko altuera) eta orogenesi alpinoaren ondorioz tolestu eta eraikitako mendiak dira, bigarren eta hirugarren aroetako eraketa sedimentarioz osatuak (batez ere kareharrizkoak direnak). Euskal Mendien artean ondorengo unitateak bereiztu daitezke:

Kantauriar isurialdeko unitateak

  • Kostaldeko mendikateak: Higer lurmuturra eta Zumaia artean altxatzen diren mendiak, Jaizkibel (549 m), Ulia, Urgull, Igeldo, Mendizorrotz. Material modernoagoz osatuak, hirugarren arokoak eta altuera gutxikoak dira.
  • Itsasbazter aurreko mendikatea: Kostatik urrutiago dauden mendizerrak osatzen dutena. Eremu honetan erliebeak leuntasuna galtzen du eta mendiak garaiagoak bihurtzen dira, aldapa nabarmenagoak, desnibel gogorrak eta haran estuak agertzen direla. Ekialdetik mendebaldera ondoko mendiak nabarmentzen dira: Uzturre, Ernio mendigunea (1.072 m), Pagoeta, Erlo eta Arno Gipuzkoa herrialdean, eta Bedartzandi eta Iluntzar Bizkaian. Kareharria nagusia denez, karstifikazioa oso fenomeno arrunta da.
  • Bortzirietako mendigunea: Gipuzkoa eta Nafarroa artean aro paleozoikoko materialez osatutako mendi-egitura tipiko hau altxatzen da. Toki garaienetan ozta-ozta 1.000 m gainditzen badu ere (Urepele, 1.059 m), itsasotik gertu dagoelako eta haran zokoetatik duen desnibel gogorraren ondorioz oso itxura menditsua du.
  • Ibaibide ertainetako mendi eta haranak: Itsasbazter aurreko mendikate eta ibai nagusien sorburuen artean, hau da, Kantauriar-Mediterraniar uren isurialdea mugatzen duten mendilerroen magalean, ibai-arteria nagusien erdi-tartea osatzen duen unitate litologiko anitza hedatzen da (Oria, Urola, Deba, Butroi, Asua, Ibaizabal, Kadagua). Gailurren batek 1.000 metrotako altuera ozta-ozta gainditzen du, gehienak altuera horretatik beherakoak dira (Murumendi, Izazpi, Irimo eta Urko Gipuzkoan; Oiz, Sollube, Ganekogorta eta Triano mendiak Bizkaian).

Kantauriar-Mediterraniar uren banalerroaren mendikatea

Atlantiko eta Mediterraneo arteko uren banalerroa zehazten duen mendikatea da. 100 km inguruan ekialdetik mendebaldera hedatzen diren mendizerrek Euskadi ia erditik banatzen dute, ikuspegi fisikotik bi eremu desberdinduz. Mendilerroa ekialdean Aralarko mendiguneaz hasten da (Irumugarrieta 1.400 m) Gipuzkoa eta Nafarroa artean; Aratz mendizerra eta Aizkorri (Aitxuri 1.511 m) eta Urkila eta Elgea mendizerrak Gipuzkoa eta Araba artean; mendebalderago Durangaldeko gailurrak (Anboto), Bizkaia eta Araba artean Gorbeia mendigunea (1.475 m) eta Salbada mendizerra daude. Kareharrizko litologiak morfologia karstikoa sortzen du.

Uren banalerroaren hegoaldean

  • (Arabako) Lautada: Zadorra ibaiak drainatzen duen haran zabala, ertz menditsu batek mugatzen duena (iparraldean, Kantauriar-Mediterraniar uren mugalerroen mendikatea; hegoaldean Araba erdiguneko mendizerrak, mendebaldean Mendebaldeko mendizerrak). Beraien altuera 500-600 m inguruan dago.
  • Araba erdiguneko mendizerrak: Lautada eta Trebiñoko arroaren artean hedatzen dira eta Araba ia bi zati simetrikotan banatzen dute. Ez dira altuera handikoak (Kapildui, 1.180 m da gailurrik garaiena) baina etenik gabekoak. Ekialdetik mendebaldera daude Entzia eta Iturrieta mendizerra, Gasteizko mendiak eta Tuio mendizerra.
  • Mendebaldeko haran eta mendizerrak: Benetako multzoa, kareharrizkoa batez ere Arkamo, Arrasto, Badaia eta Artzena mendizerrek osatzen dute; Kuartango, Omecillo eta Gaubea dira mendizerra horien artean dauden haranak, material buztintsu bigunagoan induskatuak.
  • Trebiñoko arroa: Haran zabala eta mendiz inguratua. Litologia anitza duen aro zenozoikoko arro sedimentarioa.
  • Hego-ekialdeko haran eta mendizerrak: Arabar Mendia deituriko eskualdearekin bat dator. 1.000 metrotik gorako gailurrez osaturiko morfologia zaila duen eremua (Arboro 1.048 m). Joar edo Kodes mendizerraren magalean Kanpezuko sakongunea dago, Arabar mendiguneko tokirik zabalenetarikoa.

Toloño-Kantabria-Joar mendilerroa

Araba erdiguneko eskualdeak banatzen ditu, alde batetik trantsiziozko klima ozeaniarraren eremua, eta bestetik, Arabar Errioxa mediterraniar-kontinental klimakoa. Ekialdetik mendebaldera doan kareharrizko eta topografikoki jarraikortasun nabarmena duen lerrokadura da, Palomares (1.461 m) gailurrean bukatzen den hau.

Ebroko Sakongunea

Toloño-Kantabriar-Joar mendizerraren eta Ebro ibaiaren artean Arabar Errioxako eskualdea hedatzen da. Eskualde hori Ebro sakongune zabalaren zati txiki bat da. Aro zenozoiko eta antropozoikoetako materialez osatua (buztinak, hareharriak) eta hegoaldera, Ebro ibai alderantz, apurka malda beherako erliebea duena.