Hirietako kutsadura: Smog motak eta euri azidoa
Hirietako kutsadura eta haren ondorioak
Atmosferaren kutsadura hiri handietan arazo larria da, eta hainbat mota daude. Smog kutsadura da ohikoena, smoke eta fog hitzen elkarketatik datorrena (kea eta lainoa). Bi mota nagusi bereizten dira: smog fotokimikoa (udan gertatzen dena, bero handia dagoenean) eta smog azidoa (neguan).
Smog azidoa
Ke eta kedar partikulak lainoarekin nahastean sortzen da, laino trinko kutsatzailea eratuz. Airean partikulak eta SO2 pilatzean sortzen da, negu hotz eta lanbrotsuak dituzten hirietan. Iturburua sufre asko duten erregaiak dira (ikatza).
- Prozesua: Esekitako partikulek kondentsazio-nukleo modura jarduten dute, ur-lurrunaren eta SO2-aren arteko erreakzioak eraginez.
- Ondorioak: Begien narritadura eta arnas aparatuko arazoak eragiten ditu (asma, bronkitisa). Mukiek eta hanturek arnas hartzea eragozten dute, eta ondorioz, gaixoak itota edo bihotzekoaren ondorioz hil daitezke.
Smog fotokimikoa
Eguzki-erradiazioaren eraginez sorturiko bigarren mailako kutsatzaileek eratzen duten laino arre eta mehea da. Hidrokarburoen errekuntzan igorritako nitrogeno dioxidoaren (NO2) fotooxidazioaren ondorioz sortzen da.
- Faktore lagungarriak: Kutsatzaileen hedapena oztopatzen duen antizikloi-egoera, intsolazio handia eta haize ahulak.
- Ondorioak: Arnas aparatuko narritadura, buruko mina, ikusmen-arazoak eta alergiak. Kalte handiena landareentzat da.
Euri azidoa
Euri arruntak berez izaera azidoa du, atmosferako CO2 ur-lurrunarekin nahastu eta azido karbonikoa osatzen duelako. Hala ere, atmosferan pilatzen diren SOx eta NOx gasak urarekin nahasten direnean, azido sulfurikoa eta azido nitrikoa sortzen dira. Euriak 5,6 pH baino gutxiago duenean, euri azidoa dela esaten da.
Deposizio hezea
Hodeiek oso urrun garraia ditzakete atmosferan sortutako azido sulfuriko eta nitrikoa, euria, elurra edo txingor eran lurrera itzuli baino lehen.
Euri azidoaren ondorioak:
- Lurzoruaren pHa: Emankortasunaren galera ekar dezake.
- Uretako ekosistemak: pHa aldatzeak espezieen desagerpena eragin dezake.
- Basoak: Hostoen kolorea galtzea eta zuhaitzen heriotza.
- Ondare kulturala: Airearen kutsadurarekin batera, eraikinak eta monumentuak hondatzen ditu.