Euskal Mendien erliebea eta Ebroko sakonunea
Euskal mendiak (banalerroaren iparraldean)
Kostaren paraleloan, Errobi ibaiaren arrotik Barbadun ibairaino hedatzen dira. Ez dira tontor oso altuak; beraz, glaziarren aztarnak oso murriztuak dira. Salbuespena Aralar da: modelatu karstikoa garapen handikoa du. Uren banalerroaren eta kostaren artean lau erliebe‑unitate nabarmen bereiz daitezke:
Erliebe unitate nagusiak
a) Kostako mendikate tertziarioa
Getariatik Gipuzkoako ekialdeko muturreraino heltzen da mendikatea. Honen barruan erliebe unitate nabarmenena itsasbazterreko monoklinala da.
b) Kostako ipar antiklinorioa
Bortzirietako mendikatearen eta Matxitxako lurmuturraren artean dago; lerrokadura horretan Ernio, Arno eta Sollube daude. Egituraren arabera, antiklinorioa sinplifikatu egiten da eta mendebalderantz beherantz doa. Litologiari dagokionez, kareharriak ugariak dira eta modelatu karstikoa garatua dago.
c) Bizkaiko sinklinorioa
Punta Galeatik Bortzirietako eta Aldudeko mazizo paleozoikoetaraino doa. Mendebaldetik ekialdera joan ahala gailurrak gero eta altuagoak dira: Unbe, Oiz eta Murumendi. Materialei dagokienez, kareharriak, hareharriak eta margak dira nagusi.
d) Bizkaiko antiklinorioa
Bortzirietako mazizotik Ordunteko mendietaraino heltzen den mendien lerrokadura da. Aralar, Aizkorri, Anboto, Gorbeia eta Ganekogorta mendiek osatzen dute; gora‑behera handikoa da, nahiz eta altuerak ertainekoak izan.
Banalerroen hegoaldea
Banalerroen hegoaldean kokatzen da Arabako Lautada, barrualdeko sakonunearen jarraipena. Arakil ibaiko korridorearen bidez egiten du bat Iruñea eta Irunberrirekin; korridore horretatik doaz Gasteiz eta Iruñea arteko komunikazio bide nagusiak (Aralar eta Entzia‑Urbasoko mendilerroen artean, Sakana). Egituren aldetik sinklinorio handi bat dagokio, eta bere erliebea hondoratua da. Batez besteko altuera 500–600 m ingurukoa da.
Arabako lautadaren mendikateak
Mendebaldeko mendikateak
Badia, Arkamo eta Salvada mendikateek ixten dute Arabako Lautadaren alde mendebaldetik. Multzo hau Goi‑Kretazeoko kareharri eta margenez osatua dago eta egitura monoklinala du. Badia eta Arrato mendikateek Zadorra eta Baias ibaiak bereizten dituzte eta mendebaldetik ixten dute Lautada. Badia mendikateak modelatu klasiko nabarmena erakusten du.
Erdialdeko mendikateak
Arabako eta Nafarroako lurraldeetan zehar hedatzen dira: Andia, Urbasa eta Gasteizko mendiek osatzen dituzte. Modelatu karstikoa garatua dago. Horrez gain, ur‑azaleratze ugari dituzte, hala nola Urederrakoa. Gasteizko mendiek Laurada eta Treviñoko arroa bereizten dituzte. Lerrokadura altuera galduz doa, ekialdetik mendebaldera abiatuta. Treviñoko arroa Toloño mendikateak (hegoaldean) eta Gasteizko mendiek (iparraldean) mugatzen dute.
Hegoaldeko mendikateak
Toloño mendikateak bereizten ditu Treviñoko arroa eta Arabako Errioxako eskualdea. Hegoaldeko mendikatea Toloñotik Kodes mendilerrora arte luzatzen da (Nafarroa‑Araba mugan).
Ebroko sakonunea
Ebroko sakonunea Arabako hegoaldean eta Nafarroako erdialdean eta hegoaldean kokatzen da. Inguru horizontala da eta lautada zabalak ditu. Ebroko sakonunea Aro tertziarioko kubeta sedimentarioa da.
Tertziarioaren azken aldera, Iberiar Penintsula goratu eta Mediterraneo hondoratu zen; horren ondorioz, gaurko Ebro ibaia itsasora iritsi zen. Momentu horretan hasi zen gaur egungo erliebea eratzen.
Bardeak
Bardeak Nafarroako hego‑ekialdean daude eta bi zatitan banatzen dira:
- Bardea Zuriak: higadura nabaria eta bizia jasan du.
- Bardea Beltza: kareharrizko plataforma bat da; behe‑geruzek higadurari erresistentzia gutxiago ematen diotenez, higadura ez da hain nabarmena.