Euskal Literaturako Idazle eta Joerak: Jautarkol, Eleberri Historikoa eta Existentzialista

Lengua y literatura2,75 KB

Koldobika Jauregi "Jautarkol" (1896-1971)

Koldobika Jauregi “Jautarkol” (1896-1971) idazle errenteriarra izan zen. Prosaz askoz gehiago idatzi arren, poema batzuei zor die ospea: Biozkadak (1929) izeneko liburuari, hain zuzen. Apaiza izanik, gai erlijiosoak maiz erabiltzen zituen, baina barne-sentimenduak adierazteko gaitasun handia zuen. Olerkariek landuko duten poesia lirikoaren aitzindari bihurtu zen. Mugimendu horretan partaide ere izan zen; izan ere, 1935eko Olerti Egunean bere “Maite-Opari” poemak lehen saria jaso zuen. Gerra ondoren, batez ere, hitz lauzko lan hauek kaleratu zituen:

  • Ipuinak (1953)
  • Xenpelar Bertsolaria (1958)
  • Paskual Duarte’ren Sendia (1967), Camilo José Celaren eleberriaren euskaratzea.

Eleberri Historikoa Euskal Literaturan

Txomin Agirre saiatu zen horrelako eleberriak idazten. Baina, 1950eko hamarkada aldera, bazen gai historikoei heltzeko bestelako arrazoirik ere: ezin zen egoera politikoaz argi hitz egin, Gerra Zibilak tabu izaten jarraitzen baitzuen. Horregatik, besterik ezean, erreferentzia historikoetara jotzea nolabaiteko aterabidea izan zitekeen, argi azaltzerik ez zegoena itzulinguruka behintzat adierazten bazen. Yon Etxaide donostiarra dugu maisu eleberri mota honetan. Oso gogoko ditu Erdi Aroko gaiak dituzten eleberriak, baina baita Aro Modernokoak eta Garaikidekoak ere. Landu dituen genero guztietan (eleberria, ipuina, antzerkia...) herrigintza du helburu nagusi. Hizkuntza-mailan aparteko arreta jartzen du. Baturik ez zegoen garaian, gipuzkera osotuan idatzi zituen bere lanak, euskara jaso eta joria erabiliz.

Eleberri Existentzialista eta Txillardegi

Jose Luis Alvarez Enparantza “Txillardegi”k (1929) Leturiaren egunkari ezkutua (1957) argitaratu zuenean, euskal nobelagintzak aro berri bati ekiten ziola zirudien. Gaia, giroa eta kokapena ezohikoak ziren. Eleberri honek badu Unamunoren ukitua, baita Europan hain modan zeuden Jean-Paul Sartre eta Albert Camus idazle existentzialisten kutsua ere. Kokapena erabat hiritarra izan gabe, ohiturazko eleberrietan ageri ziren baserrietako eta herri txikietako girotik aldentzen da. Lehen pertsonan idatzita dago. Bigarren eleberrian, Peru Leartza’ko (1960), eguneroko bizimodu aspergarriak eta denboraren ihesak kezkatzen dute pertsonaia nagusia. Leturia eta Leartza, arrazoi desberdinengatik, arazoz jositako gizonak dira, amaiera txarra izango dutenak. Bi liburuek hizkuntza dute, agian, alderdirik ahulena. Nabari da gazte euskaldunberri batenak direla. Lehen liburuetako euskara gordin samar hori harrigarriro hobetu eta aberastu zuen Elsa Scheelen (1969) bere hirugarren eleberriarekin. Egitura aldetik, ostera, bide landuagoak erabili zituen.

Descargar

PDF Word HTML