Euskal idazle esanguratsuak: Txillardegi, Urretabizkaia eta Irigoien

Lengua y literatura13,03 KB

Jose Luis Alvarez Enparantza, "Txillardegi" (1929-2012)

Biografia

Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi goitizenaz ezaguna, Donostian jaio zen 1929an. Ingeniari industriala zen ikasketaz, baina hizkuntzalaritzako irakasle jardun zen batez ere. Eragin handia izan zuen hainbat alorretan. Hizkuntzalaritzan, euskara batuaren bultzatzaile nagusietako bat izan zen. Literaturan, euskal nobelagintza modernizatu zuen Leturiaren egunkari ezkutua eleberriarekin batez ere. Euskara bere kabuz ikasi zuen 1948tik aurrera, haren gurasoak euskaldunak izan arren txikitan ez baitzioten erakutsi. Politikan, Ekin talde politiko klandestinoaren sorreran parte hartu zuen 1952an, bai eta talde horretatik etorritako ETAren sorreran ere 1959an. 1967an, ETA utzi zuen, ildo politikoarekin bat ez zetorrelako. Baina Herri Batasuna alderdiaren sorreran ere parte hartu zuen 1978an, eta senatari hautatu zuten koalizio horren izenean. Aralar alderdiaren sorreran ere parte hartu zuen 2007an, ETAk su-etena hautsi zuenean, baina alderdi hori utzi zuen 2007an. Obra ugari argitaratu zituen: 40 liburu, 46 itzulpen-lan, 1.300 artikulu baino gehiago. Jakin Fundazioak haren lan argitaratu guztiak bildu eta digitalizatu egin ditu (https://www.jakin.eus/txillardegi). 2012an hil zen, Donostian.

Literatura-obra

Berrikuntza ekarri zuen euskal saiakerara eta nobelagintzara. Saiakeretan, askotariko gaiak hartzen zituen: existentzialak, erlijiozkoak eta moralak, politiko eta ideologikoak. Baina ezagunagoa da bere eleberriengatik. Txillardegiren lehen eleberriek haustura eragin zuten ordura arte nagusi zen narratiba tradizionalarekin. Narratiba tradizionalaren nobelak baserri munduarekin lotutako nobela kostunbristak ziren. Leturiaren egunkari ezkutua nobelan (1957), protagonistak ez du batere zerikusirik baserri munduarekin. Barne-kezkaz eta ezinegonaz beterik dago. Bizitzaren absurduaz galdetzen dio bere buruari, eta hautatu beharrak larridura sortzen dio. Lehen pertsonan idatzita dago, eta protagonista ez da pertsona idealizatu seguru eta egonkor bat, barne-gatazkan dabilen pertsona bat baizik. Krisian bizi da, zoriona nahiko luke, ez du segurtasunik, eta leku bakartietan ibiltzen da: parke, belardi, lorategietan, eta oso gutxitan jendearen artean. Leturiaren eta Miren izeneko emakume baten maitasun-harremana kontatzen da. Porrot egiten du harreman horrek. Miren gaixotu eta hil egiten da, eta Leturiak bere buruaz beste egiten du. Txillardegik idatzitako bigarren eleberria Peru Leartzako da (1959), eta horretan ere kezka existentzialak dira nagusi. Peruk lantegiko lana uzten du, askeago sentitzeko. Baina orain 24 orduko askatasuna du, eta lanean ari zenean baino gogaituago dago. Problematika existentziala ageri da bi eleberri horietan: pertsonaiak zorionaz, heriotzaz, Jainkoaz, oinazeaz, bakardadeaz kezkatuta daude. Etengabe hautatu behar dute, eta horrek estutzen ditu, krisi horietan bakarrik daudelako, besteak beste. Sartre eta Unamunoren eragina nabari zaio Txillardegiri. Beste bost eleberri idatzi zituen Txillardegik. Elsa Scheelen eleberrian (1969) bide klasikoari lotzen zaio Txillardegi. Nobela tradizionala da, formari begiratuta. Hirugarren pertsonako narratzaileak, orojakituna. Indartsua da kontaketa, eta errekurtsoz betea. Bizitza modernoa nolakoa den kontatzen digu. Haizeaz bestaldetik nobelan (1979), lehenengo bietan bezala, problematika existentziala agertzen zaigu. Gizakia mugatua da, bakar-bakarrik dago eta ez du irtenbiderik. Hortik atera nahi, eta ezin. Txillardegiren eleberririk sakon eta sinbolistena da, eta "kirtenkeria handi bat", Txillardegiren beraren hitzetan. Exkixu (1988) ETAko kide baten istorioa da. Putzu (1999) bigarren karlistadan kokatuta dago. Eta Labartzari agur liburuan (2005), kartzelaldi luze baten ondoren jaioterrira itzultzen den pertsona baten bizipenak kontatzen dizkigu.

Arantxa Urretabizkaia (1947-)

Biografia

Donostian jaio zen 1947an. Hamahiru urterekin, idazkari-ofizioa ikasi zuen, eta 16 urterekin lanean hasi zen bulego batean. Baina, lanean ari zela, ikasten jarraitu zuen. Erizaintza-ikasketak egin zituen, eta historiako lizentziatura eskuratu zuen 1975ean. 1977an kazetari hasi zen, eta hura izan du lanbide orduz geroztik: Egin, Deia eta Diario Vasco egunkarietan lan egin du, bai eta EITBn ere. Zinemarako gidoiak ere egin izan ditu. Euskaltzain urgazlea da euskararen akademian. Hondarribian bizi da aspalditik.

Obra

Arantxa Urretabizkaia poesia idazten hasi zen. Haren lehenengo liburua San Pedro bezperaren ondoak izeneko poema luzea da. Aurrerago, Maitasunaren magalean poema-liburuarekin Kritika Saria irabazi zuen 1982an. Arrakasta handia lortu zuen Zergatik Panpox? nobelarekin (1979). Protagonistaren egun normal bat kontatzen da, goizetik gauera. Protagonista emakume bat da, haur txiki bat duena eta senarrak bost urte lehenago utzi duena. Obra barne-bakarrizketa luze bat da, eta berritzailea izan zen motibo askorengatik: emakume batek euskaraz idatzitako lehen eleberria zen (1979!); protagonista ere emakumea zen eta haren egunerokotasuna kontatzen da, haren gogo eta burutazioak tartekatuz; tonu bat baino gehiago erabili zituen (hunkigarria, poetikoa, arruntasunarena); gaiak ugariak dira, eta asko ordura arte ez ohikoak euskal literaturan: bakardadea, amatasuna, amaren eta seme-alaben arteko maitasuna, hirietako bizimoduak sortzen duen alienazioa eta emakumeek beren gorputzarekin duten harremana, besteak beste; hiru pertsonaiaren arteko joko bat da (emakumea, haren seme txikia eta joandako senarra), baina ez dago elkarrizketarik eta dena emakume protagonistaren hitzetan adierazten da. Nobela honen alderdi berritzaileek Urretabizkaia euskal literaturaren lehen planora ekarri zuten. Koaderno gorria (1998) eta 3 Mariak (2010) obretan ere emakumeak dira pertsonaia nagusiak, eta amatasuna eta maitasuna gai garrantzizkoak. Koaderno gorrian seme-alabak lapurtu dizkioten ama baten samina eta itxaropena kontatzen dizkigu Urretabizkaiak. Senarra eta umeak desagertu, eta emakumeak haien berririk ez zazpi urtean. Estilo intimistaz, amatasunari buruzko sentimenduak, haurdunaldiaren zirrarak eta bakardadearen etsipenak islatzen dira kontaketan. Eta 3 Mariak nobelan, bi emakume zaharren istorioa kontatzen digu. Urte asko igaro ondoren, elkartu dira berriz eta elkarrekin bizitzen hasi eta planak egiten dituzte gaztaroko haien hirugarren laguna aurkitzeko. Zaharrak izanda ere, bizitzeko gogoz daude eta bizipozaz beteak. Zahartzaroaz, adiskidetasunaz eta askatasunaz mintzatzen zaigu Urretabizkaia estilo xume batez. Saturno izeneko eleberrian (1987) protagonista gizonezkoa da, alargun geratutako berrogei urte inguruko gizon bat. Eta haren maitasun istorioa kontatzen da, haren maitasun istorio latz tristea. Apustu bat zela medio, heldu omen zion idazleak protagonista maskulino bati. Aspaldian espero zaitudalako ez nago sekula bakarrik obra hiru narraziok osatzen dute: Aspaldian, Espero zaitudalako eta Ez nago sekula bakarrik (1983). Zuri-beltzeko argazkiak (2014) eta Bidean ikasia (2016) liburuek badute zerbait autobiografiatik. Eta, Bidean ikasia izenburuko saiakeran, Hondarribian Alardea dela-eta 20 urtez baino gehiagoz dirauen gatazkaren kontaketa egiten digu, kronika, fikzioa eta gogoeta nahastuz eta estilo zuzen eta gertukoa erabiliz. Euskadi Literatura Saria irabazi zuen liburu horrek 2017an. Eta liburu horretatik hartua dago beheko pasartea. Urretabizkaiaren azken lana Azken etxea izenburuko eleberria da. 2022an argitaratu zuen, eta emakume zahar baten istorioa kontatzen du. Etxe bat erosi nahi du, bere azken urteak han pasatzeko, baina istorioa thriller modukoa bihurtzen da pixkanaka.

Joan Mari Irigoien (1948-)

Haurtzaroa

Ni Altzakoa naiz. Garai batean hiruzpalau etxe zeuden Altzan. Euskal Herriko herri txiki horietako bat zen. Oso polita, erreka, zelaia... Nik zazpi urte nituenean, hasi ziren eraikitzen eta eraikitzen, baina gaizki. Nik ez dut esaten ez dagoela eraiki beharrik baina ez edozein modutan.

Futbola

Zure biografiak beti izan ditu halako puntu bitxi batzuk: ezagutzen zintuztenek diotenez, futbolari-karrera egin omen zenezakeen ["Sanse"ko jokalaria izan zen], joko-antolatzaile bikaina omen zinen, baina... Baina zer? Hain joko-antolatzaile bikaina nintzen, neure bizitzako une jakin batean neure burua antolatu behar nuela erabaki nuen. Horretan gabiltza oraindik ere. Alferrik, bistan da...

Ikasketak

Goi mailako ingeniari titulua ere atera zenuen, ikasketa hori batere arrunta ez zen garaian. Eta, aldiz, zure jarrera bitalak gehiago dirudi poeta batena, edo kontenplalari batena, zientifiko batena baino. Bizitza erantzunik gabeko galderez beteta dago; baina badago erantzunik ez duten galderei erantzuteko modu bat: poesia. Eta nire bizitza hori izan da: erantzunik ez duten galdera horiei erantzun poetiko bat emateko ahalegina.

Venezuela

ONGak modan egon aurretik, gaztetan pare bat urte eman zenituen Venezuelan, hango auzo txiroetan laguntzen-eta. Zertan markatu zintuen horrek? Hego Amerikako aktualitatea jarraitzen duzu? Nola ikusten duzu? Guztiz markatu ninduen. Gogorra baita miseriarekin harremanak edukitzea: latorrizko txabolak, urik gabe... edo urez gainezka: ur-beltz-zikinez gainezka, ordea, Caracasko arrantxo miserable haietan. Geroztik, askotan pentsatu izan dut munduak ez duela konponbiderik, zerbait dugunok gosez hiltzen diren haurren... edo haurren gurasoen tokian jartzen ez bagara. (...) Eta literaturaren aldetik ere eragin zidan. Hogeita bat urterekin, futbola utzi eta Venezuelara joan nintzenean, irakurtzeko denbora aurkitu nuen. Han idazle batekin egin nuen topo, Antonio Pérez de Salarínekin, eta hark datu asko eman zizkidan Hego Amerikako literaturari buruz eta nahi eta nahi ez hogeita hamar bat liburu irakurri beharrekoak zirela esan zidan [Sabato, García Márquez, Benedetti...].

Eleberriak

  • 1975: Polizia Hutsetik esperantzara
  • 1976: Haur eta gazte literatura
  • 1983: Babilonia
  • 1989: Poliedroaren hostoak
  • 1993: Lur bat haratago
  • 1994: Metxa
  • 1996: Odolean neraman
  • 1998: Udazkenaren balkoitik
  • 2000: Consummatum est

Irakaskuntza eta telebistarako bikoizketa

Irakaslea izan zinen urte batzuetan, itzultzailea, nik ez dakidan lanbideren bat ere bai agian. Ogibide izateaz gainera, azpimarratzeko moduko ekarpenik bai, horien guztien artean? Irakasle izan nintzen eta oso oroitzapen onak ditut. Baina irakasleen bileretan burua Babiloniara joaten zitzaidan [bere liburuetako bat da]. (...) Eta beste irakasleek barre egiten zuten, zorionez. Bestelakoan, Roald Dahlen liburu batzuk itzuli nituen, pelikula asko eta asko itzuli eta egokitu ere bai... Pelikulei buruz gauza bat: urteetan egin nuen lan bikoizketa-etxe batean, oso gustura.

Idazle profesionala

Poesia, gazte-literatura eta eleberriak idatzi dituzu. Zure obrarik ezagunenak Poliedroaren hostoak, Babilonia eta Lur bat haratago direla esan izan da. Poliedroaren hostoak liburuarekin oso pozik gelditu zinela esan izan duzu. Bigarren ediziorako aldaketak egin nituen eta, bai, oso pozik gelditu nintzen. Susmoa dut idatzi dudan onena --ez dakit onena baina bai ontsuena-- edizio hartako lehen parte hartan ez ote dagoen. Nobela hartan gaurko gizonaren konplexutasuna nuen aztergai, gure ustezko nitasunaren barruan beste ehundaka nitasun erroturik baleude bezala. Poliedroa alde askotako irudia da. Nik uste dut alde askotako pertsona naizela, eta ez alde bakarrekoa. Pertsona konplexua da eta konplexutasun hori karlisten eta liberalen historiaren bidez kontatu dut. Karlisten eta liberalen izateko moduak desberdinak ziren, eta modu horietatik abiatu naiz. Liberalak aurrerakoiak eta libreak ageri dira, haizearen irudipean. Karlistak, aldiz, atzerakoiak eta lotuak. Karlistak lurra dira, lurretik goragoko guztia Jaungoikoa da. Bi printzipio hauen arteko nahasketaren fruitu naiz ni, haizearen eta lurraren nahasketatik sortu den poliedroa. Nolakoa izan da zure lan egiteko modua? Diziplina izugarria izan dut. Goiz eta arratsalde aritu naiz idazten. Ezkarain apartamentu txiki bat dut eta hara joan ohi nintzen. Egunean hamalau orduz idatzi dut. Bakoitzak bere modua du. Nik, liburu batekin hasi eta amaitu arte ez dut atseden hartzen. Horrela izan dira nire proiektu guztiak. Idazle profesional izateko aukera eman zizun kontratu bat sinatu zenuen Elkar argitaletxearekin duela 24 urte. Indarrean jarraitzen du? Iazko urriaren 31n jubilatu nintzen (2013). Urtetan egon naiz Elkar argitaletxetik soldata duin bat jasotzen, eta hori handia izan da nire bizitzan. Hori nahi nuen, eta Babilonia idatzi nuen garaian jarri ginen bi aldeak ados [1989an].

Descargar

PDF Word HTML