Deskolonizazioa: Kausak, Kronologia eta Prozesuak
Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Historia
Escrito el en
euskera con un tamaño de 3,45 KB
Deskolonizazioaren kausak
Bigarren Mundu Gerra amaitu zenean, XIX. mendean eratutako inperio gehienek oraindik bizirik zirauten. Hala ere, beste egoera bat sortu zen, Europako inperioei eustearen aurkakoa.
- Metropolien ahultasuna: Bigarren Mundu Gerrak koloniei ohartarazi zien beren metropoliak ahulak zirela eta ez zirela garaiezinak. Asian, Japoniak Indonesiako eta Indotxinako koloniak okupatu zituen eta metropolitik bakartu zituen. Hala, kolonia horietako biztanleriak Mendebaldearen aurkako propagandaren eragina izan zuen.
- Mugimendu nazionalistak: Gerrak mugimendu nazionalistak sendotu zituen. Bigarren Mundu Gerra baino lehen ere bazeuden mugimendu nazionalistak, legezkotasunez edo klandestinitatean independentzia lortzeko borrokatzen zirenak.
- Superpotentzia berriak: Gerratik ateratako bi superpotentzia handiek, Estatu Batuek eta SESBek, ez zituzten kolonia tradizionalak, baina mundu-nagusitasuna lortzeko borrokan laguntza behar zuten. Hori zela eta, mugimendu independentistak sortzen lagundu zuten, mundu osoan beren eragina ezartzeko, Europarenaren ordez.
- Nazio Batuen Erakundea (NBE): NBEren zeregina ere oso garrantzitsua izan zen. Erakundearen oinarrietako bat inperioek mendean zituzten herriek autodeterminazio-eskubidea izatea zen. 1920ko hamarkadara arte, europarrak harro zeuden inperioak zituztelako, eta kolonien ustiapenak aberriarekiko harrotasuna areagotzen zuen. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, egoera hori lotsagarri bihurtu zen, eta gobernuek ez zuten nahi inork inperialistatzat hartzea.
Deskolonizazioa: kronologia eta kokapena
Deskolonizazioak kultura-, erlijio- eta ekonomia-aniztasun handiko milioika pertsonarengan izan zuen eragina. Prozesua 1946an hasi zela esaten da, Filipinak Estatu Batuetatik eta Transjordania Britainia Handitik independentizatu ziren urte berean. Zati handiena XX. mendeko 1950eko eta 1960ko hamarkadetan eta 1970eko hamarkadaren lehen zatian gertatu zen. Independizatutako azken koloniak hauek izan ziren: Hong Kong (1997an, Britainia Handitik) eta Macau (1999an, Portugaldik).
Prozesu motak: baketsuak eta bortitzak
Deskolonizazio prozesua asko aldatu zen toki batetik bestera. Oro har, baketsua izan zen britainiar kolonietan, negoziazioaren bidez gauzatu baitzen. Frantziako Inperioa desegiteko, berriz, zenbait tokitan gerra gogorrak egin behar izan ziren.
Asian
Asian, 1950. urtea baino lehen lurraldearen zati handi bat independentizatu zen. Hindustan penintsulako independentzia baketsua izan zen, eta Britainia Handiak onartu zuen. Bi herrialde sortu ziren, India eta Pakistan, eta geroago beste bat, Bangladesh. Beste lurralde batzuetan, ordea, askapen-gerrak egin behar izan zituzten, hala nola Frantziar Indotxinan (Vietnam, Laos eta Kanbodia sortu ziren) eta Indonesian (Herbehereetatik independentizatu zen).
Afrikan eta Ozeanian
Afrikan ere desberdintasunak izan ziren. Kontinentearen iparraldean, Aljeria aipagarria da, askapen-gerra odoltsu batean egin baitzion aurre Frantziari. Oro har, Afrika Beltzean, estatu berrien independentzia baketsua eta itundua izan zen. Hala ere, mugak trazatzean ez zituzten tribu-banaketak kontuan hartu, eta horrek arazo larriak ekarri zituen, hala nola etnien arteko borrokak. Ozeanian, deskolonizazioa baketsua izan zen.