Botere Politikoa, Legitimazioa eta Estatu Ereduak
Botere politikoaren legitimazioa
Aristotelesek bi irizpideren arabera sailkatu zituen erregimen politikoak:
- Gobernari kopurua.
- Gobernuak denei edo gizarte zati bati egiten zion mesede.
Aristotelesen arabera, bigarren irizpide hori zen zilegitasunaren oinarria. Herri bakoitzaren egoera historiko edo sozialaren arabera erregimen bat aukeratzea eta, honez gain, hiru erregimenak ondo konbinatzen jakitea zela gobernatzeko modurik onena adierazi zuen.
[TAULA]
Gizarte hitzarmenaren teoriak
Gizarte hitzarmenaren teoriak hasierako egoera deskribatzen du: naturazko egoera. Eta hortik abiatuta, estatuaren beharra azaltzen du. Asmoa ez da ordena sozial jakin batek zer jatorri duen azaltzea, baizik eta estatua bera herritar guztiek onartzea justifikatuko luketen arrazoiak ematea.
Gizarte hitzarmenari buruzko hiru ikuskera
- Eredu indibidualista (T. Hobbes): Denak denen aurka borrokan. Askatasun eta eskubide mugagabeak. Subiranoaren alde. Estatua bakearen, ordenaren eta segurtasunaren bermatzaile da.
- Eredu libertarioa (J. Locke): Gizakia aske eta bere lanaren emaitzen jabe da. Berezko eskubideak: bizitza, askatasuna eta jabetza. Hitzarmen bikoitza: herritar guztien artekoa (estatua sortzeko) eta herritarren eta gobernarien artekoa. Estatu babeslea; helburua gizabanako bakoitzak justizia bere esku har dezan eragoztea da.
- Eredu unibertsalista (J.J. Rousseau): Berezko berdintasuna. Bizirik irauteko arazoak. Hitzarmenaren aurretik ez dago eskubiderik. Komunitatearen alde. Estatua denen nahiaren adierazpena da, denen onura bilatzeko bidea.
Askatasunaren beste ikuspegi bat
Antzinakoen eta modernoen askatasun kontzeptua
B. Constantek azaldu zuen, 1819an emandako hitzaldi batean, zer alde dagoen antzinakoen eta modernoen askatasunaren artean.
Antzinakoen askatasun kontzeptua
Atenasko demokrazian agertu zen eta herri-eginkizunetan parte hartzean zetzan. Herritarra zen gizaki librea, gobernuko kontuetan legez eta aktiboki parte har zezakeena. Askatasun kontzeptu hau mugatua zen; ez zituzten herritartzat hartzen emakumezkoak, esklaboak, metekoak, ezta 30 urte azpikoak ere.
Modernoen askatasun kontzeptua
Gizaki orok, gizaki den aldetik, aske izateko gaitasuna eta gaitasun hori erabiltzeko eskubidea du. Baieztapen hori Erdi Aroan eta Aro Modernoan sortutako zuzenbide naturalen teorien ondorioa da, eta modernoen askatasun kontzeptuaren sorburua da.
Zuzenbideak dioenez, komunitate politikoak sortu aurretik, gizabanako orok eskubide jakin batzuk ditu, eta gizarteak eskubide horiek errespetatu behar ditu; eskubide hauei askatasun esaten zaie. Izan ere, hauen artean daude: iritzia emateko eskubidea, adierazpen askatasuna, erlijioa hautatzea, elkartze askatasuna, ordezkariak hautatzeko eskubidea, etab.
Pentsamolde honentzat, norberaren eskubide guztiak errespetatzen direnean da gizakia aske. Eskubide horietako bat da herri-gaiak kudeatzeko ordezkariak hautatzekoa, nork bere bizitza pribatuari ahalik eta probetxu gehiena ateratzeko.
Askatasun positiboa eta askatasun negatiboa
I. Berlin filosofoak bi askatasun kontzeptu bereizi zituen: positiboa eta negatiboa.
- Askatasun positiboa: Norbera bere buruaren jabe izatea da. Gizabanako bakoitzak kontrolatzen du bere bizitza eta bere erabakiak. Gizabanako hori ez dago kanpo-indarren menpe.
- Askatasun negatiboa: Gizabanako bakoitzari bere nahi guztiak betetzeko inork oztoporik eta trabarik ez jartzea. Gainerakoek jar ditzaketeen oztopoei uko egiten zaielako deitzen zaio horrela; hau da, gainerakoek ez dutelako ezer egiten norberak egin nahi duena galarazteko.
Berlinen ikuspuntutik, askatasunaren bi kontzeptu horiek balio handia dute izakiaren bizitzan. Baina, bere ustez, historian zehar askotan manipulatu izan da askatasun positiboaren kontzeptua, askatasun negatiboa nabarmen murrizteko. Esate baterako, zenbait ideologiak gizaki talde batzuei sinetsarazi nahi izan diete berez ez zirela askeak. Hori entzutean, ustez menderatuta zegoen taldea mobilizatu egiten zen. Mobilizazioak amaitu eta gero, aldiz, buruzagiek ikaragarri murrizten zuten herritar guztien askatasun negatiboa.
Indibidualismo posesiboa
Macphersonen arabera, Aro Modernoaren hasieran, indibidualismo posesiboa sortu zen. Gizakien ikuskera horren arabera, norbera da bere buruaren jabe bakarra, bai eta norberaren gaitasun fisiko eta intelektualen eta gaitasun horien bidez sortutako gauza guztien jabe ere. Hortaz, ez dugu inolako zorrik gizartearekin.
Testuinguru horretan, gizartea gizabanako jabeen elkartea da eta harreman nagusia merkataritza-harremana da. Trukean, gizabanako bakoitza norberaren onurak lortzen saiatzen da, eta beharrezkoa denean baino ez da arduratzen denen ongiaz. Hori dela eta, estatuaren funtzio nagusia gizabanakoaren askatasuna eta ondasunen jabetza pribatua babestea dela esaten da.
Gizarte zibila berreskuratzea eta estatuaren mugak
Estatu subiranoa kide guztien arteko adostasunaren emaitza da. Gaur egun, ordea, gure zuzenbidezko estatu sozial eta demokratikoek hainbat arazori egin behar diete aurre:
- Ongizate estatua estatu ongile bilakatu da: Zeharo paternalista izan da eta ekimen pribatua murrizten du. Herritarrek mendekotasun pasiboa hartu dute, herritar aske eta arduratsuak izan beharrean.
- Estatuaren eskumenak eta burokrazia: Administrazioaren boterea gehiegi handitu da, gobernarien eta gobernatuen arteko bereizketa areagotuz.
- Globalizazioa: Jarduera politiko, sozial eta ekonomikoa nazioarteko bihurtzen ari da, eta estatu subiranoa ez da gai horri aurre egiteko.
Gizarte zibilaren susperraldia
Gizarte zibila gizartearen beste dimentsio bat da, hainbat elkartek eta harreman-sarek osatua. Talde hauen ezaugarri nagusia estatuaren hertsaduraren mende ez egotea da. Bi ikuskera nagusi daude:
- Estatuaren esparrukoa ez den dimentsioa da, non botere ekonomikoa elementu bat den.
- Estatu-boteretik eta botere ekonomikotik bereizitako elkarlanerako eremua da, elkartasun-loturek zuzendua.
Gizarte zibilaren eta estatuaren arteko lotura zehazteko proposamenak:
- Gizarte zibilak legitimatzen du botere politikoa.
- Gizarte zibilari dagokio estatua kontrolatzea.
- Estatuaren hertsadurarik gabeko eremu publikoa eratzea ezinbestekoa da.
- Gizarte zibilak autonomoa izan behar du eta bere gain hartu behar ditu erantzukizunak.
- Elkartasuna eta erantzukizuna oinarri dituen etika indartu behar da.
Estatu ereduak eta tradizio politikoak
Estatu liberala
Estatu liberala zuzenbidezko estatua da. XVII. mendetik aurrerako iraultza liberaleek herriaren subiranotasunetik sortutako legearen inperioa ezarri zuten. Immanuel Kantek "Betiereko bakea" lanean hiru oinarrizko printzipio adierazi zituen:
- Askatasun printzipioa: Gizarteko kide guztiak aske dira.
- Mendekotasun printzipioa: Kide guztiak legedi komun bakarraren mende daude.
- Berdintasun printzipioa: Mendeko guztiak berdinak dira.
Liberalismoaren zereginak: kideen bizia babestea, segurtasuna zaintzea, ziurgabetasuna murriztea eta jabetza-eskubidea ziurtatzea dira.
Tradizio sozialista
Tradizio liberalaren ardatza askatasuna den bitartean, sozialismoak berdintasun soziala eta ekonomikoa bermatzea du helburu. Bi mota bereizten dira:
- Sozialismo zientifikoa (Komunismoa): Estatu liberala klase menderatzailearen tresna dela dio. Merkatua ezabatu, ekoizpen-bideak sozializatu eta estatua iraultzaren bidez desegitea proposatzen du.
- Sozialismo erreformista: Estatuak esku hartzen du baina oinarri demokratikoak hautsi gabe. Merkatua gizarte-beharren mende jartzea eta botere politikoa banatzea du helburu.
Zuzenbidezko estatu sozial eta demokratikoa
XIX. mende amaieratik, estatuak eginkizun aktiboagoa hartu du justizia soziala lortzeko eta sistema ekonomikoaren krisiei aurre egiteko.
- Estatu soziala: Herritarren eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalak bermatzen ditu (zerbitzu publikoak).
- Estatu demokratikoa: Herriaren subiranotasuna da oinarria, hauteskundeen eta parte-hartzearen bidez.
- Zuzenbidezko estatua: Pertsona eta instituzio guztiek konstituzioari eta berme juridikoei men egiten diete.