Askatasuna, Autonomia eta Erantzukizuna

Otras materias4,27 KB

Askatasuna Autonomia Da

Hautatzeko Askatasuna

Askatasuna: egin daitezkeen ekintza guzti-guztien alde onak eta txarrak aztertu ondoren aukera guztien artean hautatzeko ahalmena da.

  • Determinatuta ez egotea.
  • Arbitrarioa ez izatea. Berdin erakartzen gaituen bi gauzarekiko axolagabetasun hutsa izatea ez da nahikoa; izan ere, egindako aukera irrazionala izango da orduan, arbitrarioa baita.
  • Hautatzeko arrazoi onak izatea.

Askatasunari buruzko ikusmolde horren alde egin dute eta egiten dute aristotelikoek eta utilitaristek.

Zer baliabide erabili aukeratzeko soilik baliatzen da hautatzeko askatasuna. Orduan, jada jarrita dagoen helburu bat lortzera behartuta gaude, eta horretarako zer baliabide erabili baino ezin dugu hautatu? Hau da, baliabideak soilik al daude gure esku? Ala aitzitik, helburuak ere hauta ditzakegu?

Autonomia Kontzeptua

Kantek dioenez, helburuak ere hauta ditzakegu gizakiok: autonomoak gara. Eskarmentuz badakigu, beti esan izan direla gezurrak, eta beti gertatu izan direla erailketak; baina hala ere, hori egitea ez dagoela ongi esaten dugu. Jakinduria hori gure baitatik atera dugu, ez esperientzietatik; gure berezko legea da. Kantek askatasunaren legea edo lege morala esan zion horri, eta lege horren kontzientzia izateak garbi uzten du gure legeak ditugula, aske garela.

Heldutasun Morala: Heteronomiatik Autonomiara

Heldutasun morala heteronomia moralean hasten da eta autonomia moralean amaitzen. Kohlbergen teoriak hiru maila bereizten ditu.

  • Maila aurrekonbentzionala: norberaren interesak asetzen dituena hartzen du gizabanakoak bidezkotzat, eta arauak eteteak izan ditzakeen ondorioengatik betetzen ditu haiek. Maila honetan daudenek dute heldutasunik txikiena; bulkada egoisten arabera jokatzen dute, beraz, ez dira autonomoak, heteronomoak baizik.
  • Maila konbentzionala: norberaren gizarteko legeekin bat datorrena da bidezkoa. Gizabanako giza talde bateko kide sentitzen da, beste ezer baino gehiago; eta gizarte horren arauak eta printzipioak onartzen ditu. Heteronomo samarrak dira oraindik: norberaren bulkada egoistak nolabait kontrolatzen dituzte, bai; baina gizarteko arauetara moldatzeko jokatzen dute hala, ez norberaren printzipioei jarraituz.
  • Maila postkonbentzionala: gizabanakoak ondo bereizten ditu zer diren gizarteko arauak, eta zer printzipio moral unibertsalak. Autonomoak dira. Termino hori grezierako autos eta nomos hitzetatik dator: lehenak norbera esan nahi du, eta bigarrenak, lege edo arau.


Erantzukizuna

Zer da Erantzule Izatea?

Erantzukizun hitza zuzenbidearen alorretik sortu zen, hau da, ekintza bat justifikatzea. Gero, XVIII. mendean, norbaitek beste norbaiti kalteren bat egindakoan kaltearen ordaina bere gain hartu behar duela adierazten zuen.

Erantzukizun morala, kontzientzia moralaren fenomeno subjektiboa da; horrek esan nahi du jarduten ari den subjektua bera sentitzen dela bere ekintzaren erantzule, ez dagoela inor epailerik erantzule joko duenik, subjektu horren beraren kontzientziaz besterik. Bere baitatik jasoko du zigorra, ausiki (remordimiento) deritzogun gaitzespen sentimenduak izango zaizkio zigor.

Erantzule izateak hauxe esan nahi du:

  • Jardun duenak askatasunez jardun duela; ekintza hori ez egiteko edo beste modu batera egiteko aukera ere bazuela onartzea.
  • Jardun duena gai dela egindako ekintzaren arduradun izateko, hala jokatzera zerk bultzatu duen azalduz, hartarako zergatiak edo arrazoiak emanez.
  • Egindako ekintzak eragindako ondorio guztiak onartzea.

Lehendabiziko baldintza funtsezkoa da. Askatasunaren bestea aldea da erantzukizuna.

Uste Osoa eta Erantzukizuna

Uste osoaren etikari jarraitzen dionak, printzipioen eta balioen arabera jokatzen du.

Erantzukizunaren etikak, ondorioetan jartzen du enfasi osoa.

Bereizketa hori bi “mota ideal” dira; hau da, moraltasunez jokatzerakoan izan daitezkeen bi joera, aurkakoak baina osagarriak. Norbaitek printzipioen arabera baino jokatzen ez duenean, jokabide intoleranteak eta totalitarioak izaten ditu, baina norbaitek bere ekintzen ondorioei baino erreparatzen ez dienean, printzipioak kontuan izan gabe, batere eskrupulurik gabe jarduteko arrisku osoa du.

Descargar

PDF Word HTML