Antzinako Egiptoko Artea: Arkitektura eta Eskultura
Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Plástica y Educación Artística
Escrito el en
euskera con un tamaño de 2,36 KB
Arkitektura
Egiptoko arkitekturan ilobiak eta tenpluak izan ziren nagusi. Harriz egiten ziren, gehiago iraun zezaten. Mastabak izan ziren lehenengo ilobiak: piramide-enborraren formako eraikinak ziren. Gero, piramide mailakatuak egiten hasi ziren, eta elkarren gainean kokatutako mastabek osatzen zituzten piramideak; eta ondoren, faraoien eta horien familien nahiz noble batzuen ilobi gisa erabiltzeko, horma jarraituko piramideak egiten hasi ziren. Famatuenak Gizako Keops, Kefren eta Mikerinos-en piramideak dira. Hipogeoak edo harkaitzean zulatutako ilobiak ere erabili ziren.
Tenpluak
Tenpluek, sarreran, esfingeen bidez apaindutako etorbide bat izaten zuten, eta sarrera nagusiak dorreak, estatua handiak eta obeliskoak erabiliz apaintzen ziren, faraoien ekintza famatuen oroigarri gisa. Barruan, herriaren bilgune gisa erabiltzen zen patio bat eta jainkoaren estatuaren ganbera zeuden. Guganaino ondoen iritsi diren tenpluak Karnak eta Luxorkoak dira, Tebasetik gertu.
Eskultura
Eskultura arkitektura erlijiosoarekin eta ilobietakoarekin oso lotuta zegoen. Faraoien eta horien emazteen, apaizen nahiz eskriben eskultura ugari egin ziren, kalitate handikoak gainera, eta, gehienetan, besoak gorputzari itsatsita eta hankak elkarren ondoan zituztela egiten ziren. Horietako asko izugarriak ziren eta harkaitzean lantzen ziren. Eguneroko bizimoduko jarduerak ere landu ziren egurrean, gero ilobietan kokatzeko. Gainera, ilobiak eta tenpluak apaintzeko erliebeak egin zituzten. Horien ezaugarri nagusiak ondokoak ziren: burua soslaiez izan ohi zuten eta sorbaldak aurrera begira; horrela, jainkoek hobeto ezagutuko baitzituzten hiltzean.
Margolanak eta Arte Xeheak
Margolan asko ere eraikinei lotuta zeuden. Esate baterako, piramideen eta ilobien barrualdea lurperatu zen pertsonaren eguneroko bizimoduko alderdiak adierazten zituzten margolanekin apaintzen zen. Papiroetako idatziak ere margolanekin apaintzen ziren. Arte xeheak iaiotasun handiz landu zituzten, eta emaitzak ere halakoxeak izan ziren; honako hauek egin zituzten:
- Bitxiak
- Edalontziak
- Zeramikazko ontziak
- Altzariak
- Sarkofagoak
- Brontzezko irudi txikiak
- Eta abar