Al-Andalus: Historia, Gizartea eta Kultura
Al-Andalus: Historia eta Bilakaera Politikoa
Erresuman gerra zibila zegoen. Musulmanen armadek Rodrigoren armada garaitu zuten Guadaleteko guduan. Erresistentzia gutxi aurkitu zuten, bisigodoen noblezia bananduta baitzegoen. Al-Andalus izena jarri zieten mende hartutako lurraldeei. Emir edo gobernadore batek gobernatzen zuen Al-Andalus, Damaskoko Kaliferriaren mende, eta Kordoba izan zen lurraldeko hiriburua.
Emirerri independentea
Abd ar-Rahmanek ihes egin eta Iberiar penintsulara heltzea lortu zuen; han boterea eskuratu zuen. 756. urtean, Kordobako emir izendatu zuen bere burua, eta Abd ar-Rahman I.a izena hartu zuen. Emir independenteak zirenez, ez zeuden kalifaren agindupean, baina haren erlijio-aginpea onartzen jarraitu zuten.
Kordobako kaliferria
Abd ar-Rahman III.ak tronua oinordetzan hartu zuen 912. urtean. Rahmanek kalifa izendatu zuen bere burua. Gobernua zuzentzeaz gain, kaliferriko erlijio-agintari gorena ere bazen. Kordobako kalifaldia Al-Andalusko historiako aldi bikainena izan zen. 976. urtean, Hisham II.a kalifa izendatu zuten. Hamaika urte baino ez zuenez, gobernua jeneral bikain baten esku geratu zen: Almanzor.
Taifak, almorabideak eta almohadeak
Almanzor hil ondoren, borrokek Al-Andalus suntsitu zuten eta kaliferria zenbait erresuma edo taifatan zatitu zen 1031. urtean. Erasorik ez izateko, taifek pariak (zergak) ordaintzen zizkieten kristau-erresumei. Almorabideei eskatu zieten laguntza. Almorabideak gerrari berbereak ziren eta Afrikako iparraldean inperio handi bat osatua zuten. Taifak desegin eta Al-Andalus bateratu zuten berriz ere. Geroago, almohadeek eraso handia jo zuten kristau-erresumen aurka. Kristau-erresumak batu ziren eta almohadeak garaitu zituzten Navas de Tolosako guduan.
Granadako Nazarien Erresuma
Penintsulako azken lurralde musulmana izan zen. Malaga, Almeria, Granada eta Cadizko ekialdea hartzen zituen. Nasrtarren familiak gobernatzen zuelako ezarri zen nazari terminoa. Nazarien Erresuma oso ahula zen. Ia bi mende eta erdiz Gaztelaren basailu izan zen. Nazariek beti izan zituzten beste familien arteko borrokak. Errege-erregina katolikoek Granada konkistatu zuten 1492. urtean.
Ekonomia eta Gizartea
Ekonomia aberatsa
Nekazaritzan aritzen ziren batez ere. Labore garrantzitsuenak zerealak, mahatsondoak eta olibondoak ziren. Ureztatzeko teknikak garatu egin ziren noria eta erreten-sare baten bidez, eta ekoizpenak gora egin zuen. Labore berriak ekarri zituzten, adibidez: arroza, azukre-kanabera, alberjiniak eta orburuak. Kalitate handiko eskulangintza garatu zen zeramikan, larru-bozelketan, urregintzan, armagintzan, koloratzaileen ekoizpenean eta zetazko lanetan. Al-Andalus oso merkataritza biziko gunea zen. Beste eskualde batzuetan ere saltzen ziren produktuak. Haien truke, merkatariek esklaboak eta urrea ekartzen zituzten. Urrezko dinarrarekin eta zilarrezko dirhemarekin ordaintzen zen.
Gizarte heterogeneoa
Musulmanak kristauekin eta juduekin toleranteak ziren. Talde boteretsuena konkistatzaileek eta haien ondorengeek osatzen zuten:
- Arabiarrek lurralde onenak eta gobernuko karguak berentzat hartu zituzten.
- Berbereak zenbaitetan matxinatu egiten ziren.
- Muladiak: islamaren erlijioa, hizkuntza eta ohiturak bereganatu zituzten bertakoak.
- Mozarabiarrak: kristauak ziren eta zergak ordaintzen zituzten.
- Juduak: oso aktiboak ziren ekonomia-jardueretan. Komunitate garrantzitsuak eratu zituzten Toledon, Granadan, Kordoban, Sevillan eta Zaragozan.
Hiriko bizitza eta etxebizitza
Landan bizi arren, hiriek garrantzi handia zuten. Kordobak, esate baterako, 100.000 biztanle inguru zituen. Islameko hiriak harresiz inguratuta zeuden eta ateak gauez ixten zituzten. Hiriaren bihotza medina edo hiri zaharra zen; bertan zeuden eraikin nabarmenenak, hala nola aljama edo meskita. Kaleak estuak eta irregularrak ziren. Medinaren inguruan errebalak zeuden; herritar gehienak han bizi ziren. Bizitza politikoaren gunea alkazarra zen, eta bizitza soziala zokoaren edo azokaren inguruan antolatzen zen.
Etxebizitzei dagokienez, alfombrak, kuxin handiak, tapizak, ura eta olioa gordetzeko tinak eta mahaitxoak zituzten. Lastairetan egiten zuten lo. Armairurik ez zutenez, hormetan egindako zuloetan gordetzen zituzten gauzak. Gela beroa eta gela epela zituzten.
Kultura eta Arkitektura
Kultura-ondarea
X. mendetik aurrera izan zuen goren unea. Averroes musulmana eta Maimonides judua izan ziren pentsalari nabarmenenak. Aipatzekoa da gaztelaniazko 4.000 hitz inguruk arabieran dutela jatorria.
Arkitektura musulmana
Material pobreak eta iraupen txikikoak erabiltzen zituzten, adibidez: adreiluak, igeltsua eta azulejoak. Baina material horiek dekorazio oparoz apaintzen zirenez, aberastasun handiko itxura hartzen zuten. Motibo geometrikoak eta begetalak erabiltzen zituzten dekoratzeko. Argi-itzalen jokoak eta ura (iturriak, urmaelak, ur-jauziak) oso garrantzitsuak ziren giro atseginak sortzeko. Eraikin musulmanek ferra-arkua eta arko polilobulatua erabiltzen zituzten pisuari eusteko. Estaltzeko, sabai lauak, zurezkoak eta kupula aberatsak erabiltzen zituzten.