1939ko Legea: Francoren Autarkia eta Interbentzionismoa

Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Historia

Escrito el en euskera con un tamaño de 3,52 KB

Testuaren Izaera eta Egilea

Aztertutako testua juridikoa da, lehen mailako lege bat, 1939ko urriaren 25ean idatzia. Arlo politikoa jorratzen du, ondorio ekonomikoak dituena.

Francisco Franco: Egilea eta Diktadorea

Egileari dagokionez, nahiz eta "gure" bezalako hitzak agertu, garaian azken hitza Francok zuenez, egilea indibiduala dela esan daiteke: Francisco Franco (Ferrol 1892 - Madril 1975).

Militar diktadore espainiarra izan zen, 1939-1975eko diktaduran estatuburua eta 1936ko adierazpen militarreko kolpista, Espainiako Gerra Zibila eragin zuena. Familia erdi mailakoa zen, eta aita ere militarra zuenez, hark tradizio familiarra jarraitu eta Toledora joan zen militar izateko ikastera.

Karrera Militarra eta Boterearen Igoera

Ikasketak amaitu ondoren, Francok barruan sentitzen zuen handinahiaren ondorioz Marokora joan zen, bertan postuz erraz igotzeko aukera zuela ikusi baitzuen. 1912-1926 urteen artean ibili zen, eta 1925ean Europako jeneral gazteena izatea lortu zuen, militarren artean prestigioa eta ospea lortuz. Horrela, Primo de Riverak bere diktadurapean (1923-1930), Zaragozako akademiaren zuzendari izendatu zuen.

Errepublikaren garaian (1931-1936), gorabeherako harremana izan zuen gobernuarekin, baina Lerrouxen gobernuarekin maila nahiko altuko karguak eskuratzea lortu zuen. Francok, esan bezala, 1936ko uztailean emandako estatu kolpean parte hartu zuen, eta urte horretatik aurrera boterea bereganatzen joan zen. Boterea eskuan hartu, eta hura mantendu zuen bere heriotzara arte.

Hartzailea eta Testuinguru Historikoa

Hartzailea kolektiboa da. Orokorrean nazio osoari zuzenduta dago, baina zehazki enpresaburuei.

Une historikoari dagokionez, testua Gerra Zibila bukatu berri zela idatzi zen, Francoren sistema diktatoriala ezarrita zegoenean. Europan, II. Mundu Gerra hasi berria zen.

Testuaren Barne-Analisi eta Oinarri Ekonomikoak

Testuaren barne-analisiari dagokionez, lehen hiru paragrafoetan legeari sarrera egiten diote, hura justifikatuz eta ekonomiaren ildo nagusiak agerian utziz.

Lehen paragrafoan adierazten da Gerra Zibila garaian agerian gelditu zela industria armamentistikoa eta lehengaiak herrialdean bertan izatearen beharra.

Ekonomiaren Bi Oinarri Nagusiak

Bigarren eta hirugarren paragrafoetan, berriz, ekonomiaren bi oinarri nagusiak azaltzen dira:

  • Autarkia: "Espainia produktu arrotzen inportaziotik askatzeko" helburuarekin.
  • Interbentzionismoa: Estatuak esku hartzea, "komeni da (...) onurak eskainiz".

Legearen Artikulu Garrantzitsuenak

Jarraian hainbat artikulu ageri zaizkigu, Nazio Intereseko Industrien definizioa eta abantailak zehazten dituztenak:

1. artikulua:
Beharrezkoak diren industria batzuk (defentsarako industria, adibidez) Nazio Intereseko Industria bezala izendatuko dira.
2. artikulua:
Nazio Intereseko industriek izango dituzten abantailak izendatzen dira. Horien artean, zerga gutxiago ordaintzea eta urtero irabaziak izango dituztela bermatzea daude.
3. artikulua:
Aurreko artikuluan emandako erraztasunen truke, estatuak enpresak ikuskatu eta kontrolatuko ditu.
6. artikulua:
Enpresa baten egoera ekonomikoa ona bada, aukera dauka programa horretatik ateratzeko. Ondorioz, abantailak bertan behera geldituko dira eta ez dute jasoko gobernuaren ikuskapena.