Zoriontasuna eta Gaizkia Agustin Hiponakoaren Filosofian

Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en vasco con un tamaño de 5,16 KB

Zoriontasunaren Bilaketa Filosofian

Testuak zoriontasunari buruzko hausnarketa bat eskaintzen du, filosofoek diotena azpimarratuz: ez da nahikoa nahi bezala bizitzea zoriontsu izateko. Onartu behar da ez dela beti lortzen nahi den guztia, eta frustrazio hori kudeatzea garrantzitsua da sufrimendu handiak saihesteko.

Agustin Hiponakoa: Zoriona Jainkoarengan

Agustin Hiponakoak ezagutza jainkozko egia lortzeko bitarteko gisa jorratzen du. Bere ustez, zoriona ez dago aldi baterako atseginen menpe, baizik eta Jainkoa ezagutu eta maitatzean lortzen den barne-bakearen menpe. K.o. 354. urtean jaio zen Tagasten, eta K.o. 430ean hil zen, Hiponan. Bere lanik ezagunena Aitorpenak (latinez, Confessiones) da, autobiografia espiritual bat eta bere bizitzari buruzko hausnarketa sakona. Jatorrizko bekatuaren teoria garatu zuen, esanez gizaki guztiek Adam eta Evaren bekatua heredatzen dutela. Benetako ezagutza Jainkoarengan bakarrik aurkitzen denez, hura ezagutzea ezinbestekoa da zoriontsu izateko.

Platon eta Paganismoarekin Alderaketa

Platonek zioen zoriontasuna Ongiaren ezagutza dela, unibertsoaren ordena ulertzean aurkitzen dena. Agustinek, aldiz, zoriontasuna Jainkoarekin bat egitean eta haren ezagutza lortzean datorrela uste zuen. Beraz, Platonek jakintza eta zoriontasuna unibertsoaren ordenan kokatzen ditu, baina Agustinek Jainkoaren ezagutzan.

Paganismoan jainko zehatz bat ez egoteak zoriontasunaren iturria ezegonkorra izatea dakar, Agustinen arabera. Hark uste zuen benetako zoriontasuna Jainkoaren ezagutza eta maitasunaren bidez lortzen dela; horretarako, Jainkoa ezinbestekoa da. Paganismoak, askotan jainko anitz eta munduko indarrak gurtzen dituena, ez du Jainko bakar eta egonkor bat eskaintzen, eta, horregatik, Agustinen arabera, ezin da zoriontasunaren benetako iturburu izan.

Jakintzaren eta Zoriontasunaren Lotura

Jakintza eta zoriontasuna erabat lotuta daude Agustinen pentsamenduan, biak Jainkoaren ezagutzan eta maitasunean oinarritzen baitira. Jainkoa da zoriontasunaren eta jakintzaren iturri gorena. Platonek eta paganismoak, aldiz, zoriontasuna eta jakintza munduko ordena eta harmonian bilatzen dituzte, baina Agustinek Jainkoa ikusten du horren guztiaren ardatz eta helburu gisa.

Hausnarketa Pertsonala

Nire ustez, jakintzak zoriontasuna ekar dezake, baina ez beti; zenbaitetan, ezjakintasunak bake eta lasaitasun handiagoa eman dezake, bereziki egoera mingarriak kudeatzeko orduan. "Begiek ikusten ez dutena, bihotzak ez du sentitzen" esaera egia izan daiteke egoera jakin batzuetan, non informazio gehigarriak sufrimendua areagotu besterik ez baitu egiten. Jainkoaren ezagutza zoriontasunaren iturri gisa ikusten ez dutenentzat, baliteke barne-bakea beste jarduera espiritual edo filosofiko batzuen bidez lortzea, hala nola naturarekiko harremanaren edo elkartasunaren bidez.

Gaizkiaren Arazoa: Agustinen Teodizea

Agustinek teodizearen auziari aurre egin behar izan zion: Jainkoa ona bada, zergatik existitzen da gaizkia? Galdera horri erantzuteko, Platonengan inspiratutako dualismo antropologikoa defendatu zuen.

Dualismo Antropologikoa eta Jatorrizko Bekatua

Gizakia bi zatiz osatuta dago:

  • Arima: materialgabea, hilezkorra eta arrazionala. Hiru ahalmen ditu: oroimena, adimena eta borondatea.
  • Gorputza: finitua, materiala eta sentikorra, sentsualitatera makurtuta dagoena.

Jatorrizko bekatuaren ondorioz, gizakiaren gorputzak arima menderatzen du. Hala ere, gizakia ezin da bere kabuz egoera horretatik atera; horretarako, Jainkoaren grazia behar du.

Gaizkiaren Jatorria: Askatasunaren Erabilera Okerra

Manikeoen aurrean, Agustinek defendatu zuen gaitza ez datorrela jainko gaizto batengandik, baizik eta giza askatasunaren erabilera okerretik. Egiazko gaitz bakarra gaitz morala da (bekatua). Agustinek Origenesen traduzianismoaren ideia defendatzen du: gizaki guztiek jatorrizko bekatua heredatzen dute.

Gorputzak arima bekatura bultzatzen du, ezin duelako liberum arbitrium-aren (aukeramen askearen) erabilera egokia egin. Ahalmen horrek ongiaren eta gaizkiaren artean hautatzeko aukera ematen dio gizakiari, baina jatorrizko bekatuak ahulduta, gaizkira jotzeko joera dugu.

Benetako askatasuna jatorrizko bekatutik askatzea da, baina hori Jainkoa maitatzeko borondatearekin soilik gertatzen da. Jainkoaren graziari esker, arima gorputzaren menpekotasunetik askatzen da, nahiz eta bizitza honetan askapen hori inoiz ez den erabatekoa. Horrela, Agustin intelektualismo moraletik aldentzen da.

Gaitz fisiko edo naturalak ez dira berez gaitzak, Jainkoak sortutako izakien mugen ondorio baizik. Izaki sortuak ustelgarriak dira, eta haien desagerpena gauza txartzat hartu ohi dugu, baina unibertsoaren ordenaren parte da.

Metafisikoki, Jainkoa Ongi absolutua da, eta izakien perfekzioak onasun horren isla baino ez dira. Ondorioz, errealitate osoa ona da, Jainkoak sortu duen heinean. Ontologiaren ikuspegitik, gaitza ez du Jainkoak sortu, baina existitzen da. Beraz, gaitza ezin da izan ongiaren gabezia (privatio boni) besterik.

Entradas relacionadas: