XVII. mendeko euskal literatura: Sarako Eskola eta Axular

Enviado por Chuletator online y clasificado en Otras lenguas extranjeras

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,65 KB

XVII. mendeko euskal literaturaren loraldia

Sarrera: XVII. mendetik aurrera, euskal liburugintzak aurrerakada nabarmena izan zuen Ipar Euskal Herrian (I.E.H.). Hegoaldean baino liburu gehiago argitaratu ziren iparraldean, arrantzak Lapurdiko bizimodua hobetu baitzuen. Katolikoen eta protestanteen arteko gerra amaituta, katolikoek nagusitasuna lortu zuten eta Trentoko Kontzilioaren aginduak zabaldu zituzten. Kostaldeko gorakada ekonomikoak eta giro erlijioso zein sozial bereziak Lapurdiko euskal literaturaren loraldia ekarri zuten.

Sarako Taldea: Iparraldeko idazle nagusiak

Mende hartako autoreak Sarako Taldean bildu ziren. Iparraldean euskarazko liburuak idatzi zituzten 6-7 idazle ziren, eta ezaugarri hauek zituzten:

  • Ziburu, Donibane eta Sarako elizgizonak ziren gehienak.
  • Axular zen taldeko buruzagia.
  • Lanak bertsoz eta prosaz idatzi zituzten.
  • Gaia nagusiki erlijiosoa zen.
  • Lapurtera klasikoa bihurtu zen I.E.H.ko euskalki literario nagusia.

Joanes Etxeberri Ziburukoa

Joanes Etxeberri Ziburukoa (1580) idazlearen bertso-lanak bakarrik iritsi zaizkigu. Hiru liburu nagusi argitaratu zituen:

  1. Manual Debozionezkoa: Doktrinari buruzko gaiak eta otoitzak.
  2. Noelak eta bertze kanta espiritual berriak: Gabon kantak, Jesus Kristoren bizitzako pasarteak eta santuei dagokienak.
  3. Elizara erabiltzeko liburua: Eliztarren mesedetan egindako otoitz-liburua.

Pedro Agerre Azpilikueta, "Axular"

Pedro Axular (1556-1644) Urdazubikoa zen eta Sarako parrokiako erretore izan zen. Dotorezia handia erantsi zion euskarari; esaldi luze eta korapilatsuak gustuko bazituen ere, bere mezua ulergarria eta garbia zen. Bere obra nagusia, Gero (1643), kristauari erlijio-betebeharrak biharko ez uzteko gomendioa da. Bere ideiak hobeto adierazteko, sinonimoak pilatzen zituen eta autore klasikoen aipuak erabiltzen zituen.

Arnaut Oihenart eta Zuberoako literatura

Arnaut Oihenart Zuberoako legegizona zen (abokatu karrera ikasi zuen) eta kargu garrantzitsuak izan zituen. Historiari eskaini zizkion bere ahaleginak, Notitia Utriusque Vasconiae lanean Ipar eta Hego Euskal Herriko historiaren berri emanez. Literaturan, Art Poétique Basque idatzi zuen. Sorkuntzan, Atsotitzak eta Neurtitzak (esaera zaharrak eta poesiak) nabarmentzen dira. Errenazimenduaren eragina ekartzen saiatu zen; gai nagusia maitasuna zen, hizkera trinko eta ulergaitzarekin. Ez zuen jarraitzailerik izan. Mende honetan hasi ziren Zuberoako euskalkian egindako lanak plazaratzen, nahiz eta Lapurdikoak baino gutxiago izan.

Nafar-lapurtera: Euskalkiaren bilakaera

Iparraldeko euskalkien artean, nafar-lapurtera da erabilera zabalena duena, bai hiztun kopuruari dagokionez, bai lurraldeari dagokionez (Lapurdi eta Nafarroa Beherean hitz egiten da).

Hizkeraren batasuna eta lekukoak

Lapurdiko eta Nafarroa Behereko hizkeren artean ez zegoen alde handirik. Batasun horren arrazoiak honako hauek dira:

  • Ibilbide historiko bateratua.
  • Ezaugarri geografikoak: ez dago harremanak eragozten dituen mugarik.
  • Elizak eragindako indar bateratzailea.

Azpieuskalkiei dagokienez, bi bereizten dira: sortaldekoa eta mendebaldekoa. Lehen lekukoen artean, XVI. mendean Joanes Leizarragak erabilitakoa dago, arkaismoz eta hizkuntza klasikoetako hitzez josia. Bestea, lapurtera klasikoa da, Axularrek Gero idazteko erabili zuena.

Entradas relacionadas: