Wittgenstein: Hizkuntzaren Erabilera Zuzena eta Filosofiaren Funtzioa

Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en vasco con un tamaño de 16,39 KB

Wittgenstein: Hizkuntzaren Erabilera eta Filosofiaren Funtzioa

1. Ulermena

1.1. Ideia Nagusiak

  • "Mundua izateak harritu egiten nau" esatea gaizki esana dago.
  • Zerbait harritzen gaitu, lehen beste modu batekoa zela imajinatzen dugunean.
  • Wittgensteinek adibide batzuen bidez azaltzen digu zerk harritu gaitzakeen.
  • Munduak harritzeak zentzugabea dela dio.

1.2. Gaia

Hizkuntzaren erabilera zuzenaz ari da, ez erabilera gramatikalaz, pragmatikoaz baizik.

1.3. Azpimarratutako Hitzak

  • Mundua: Proposizio mota bat da zentzua: zentzuz betetakoak (munduari buruzko egoera gerta daitezkeenak deskribatzen dituztenak) eta zentzuz hustutakoak (ez dute ezer esaten munduari buruz). Azken hauek munduaren eta hizkuntzaren egitura logikoa erakusten dute eta logikaren proposizioak dira. Zentzugabeak edo sasi-proposizioak, esan ezin dena adierazi nahi dutenak. Hauek hizkuntzaren eta munduaren mugetatik kanpo dauden ideiak adierazi nahi dituzte. Esanahia duten gauzak izango dute zentzua.
  • Tautologia: Hizkuntzaren analisi logikoaren ezaugarrietako bat da. Proposizio atomiko bat egiazkoa da pintatzen duen gertakaria errealitatean existitzen denean. Proposizio molekular bat, proposizio atomikoen egia funtzioa da. Egiazkoak diren proposizioak tautologiak dira. Oinarrizko proposizioen egia aukera guztietarako faltsuak diren proposizioak kontraesanak dira. Tautologiak eta kontraesanak logikaren proposizioak dira, eta horien berezitasuna da zentzuz hustutako proposizioak direla, beren egiazkotasuna ala faltsutasuna "a priorizkoa" (=esperientziatik kanpo) delako.

2. Testuinguraketa

2.1. Wittgenstein-en Obra eta Pentsamendua

  • Wittgensteinek bi ikusmolde filosofiko sortu zituen. Lehenengoak, Russellek atomismo logikoari buruz egindako teoria osatu egin zuen. Bere lehen obran, Tractatus-ean, egin zuen hau. Helburu nagusia arazoak aztertu eta hizkuntza oker erabiltzeagatik sortu direla ohartzea da.
  • Bigarren Wittgenstein-en lan nagusia Filosofia Ikerketak da. Lan honetan hizkuntzak pentsamenduarekin eta adimen egoerekin duen harremana aztertu zuen.
  • Tractatus logico-philosophicus-ari dagokionez: Tractatus-a osatzen duten 20 mila hitz paragrafoetan zatituta daude, non 1.1. 1. paragrafoaren azalpentzat hartu behar den, eta 1.1.1. 1.1.-ena. Bi esaldi ospetsuenak "Mundua kasua den oro da" eta "Hitz egin ezin daitekeenaz, hobe isilik egotea da" dira. Zazpi eskuizkributan idatzirikoa, behin eta berriz birfindu zuen funtsezko elementuetara bildu arte. Emaitza ederra da, baina atzemangaitza.
  • Wittgensteinek hizkuntza kasu honetan, pintura batekin alderatzen du, esanahiaren teoria piktoriko moduan.
  • Egia funtzioaren teorian dioen bezala, proposizio atomiko bat egiazkoa da pintatzen duen gertakaria errealitatean existitzen denean. Proposizio molekular bat, proposizio atomikoen egia-funtzioa da. Egiazkoak diren proposizioak tautologiak dira. Oinarrizko proposizioen egia aukera guztietarako faltsuak diren proposizioak, berriz, kontraesanak. Tautologiak eta kontraesanak logikaren proposizioak dira, eta berezitasuna zentzuz hustutako proposizioak direla da, beren egiazkotasuna ala faltsutasuna "a priorizkoa" (=esperientziatik kanpo) delako.
  • Natur Zientzia egiazko proposizioen osotasuna dela dio bestalde. Proposizioek erakutsi egiten dute, forma logikoaren jabe direla. Etika, Estetika eta Metafisikaren proposizioak gure hizkuntzaren logika gaizki ulertzetik sortzen dira: ez dute esanahirik zeren hizkuntzaren eta munduaren mugak zeharkatzen dituzte. Esanahirik ez dutenez, ez dute zentzurik: ezin dira ez egiazkoak ez faltsuak izan, baina esparru esanezin hau da garrantzizkoena.
  • Bi proposizio mota bereizten ditu Wittgensteinek: zentzuz betetakoak (munduari buruzko egoera gerta daitezkeenak deskribatzen dituztenak) eta zentzuz hustutakoak (ez dute ezer esaten munduari buruz). Baina azken hauek munduaren eta hizkuntzaren egitura logikoa erakusten dute eta logikaren proposizioak dira. Zentzugabeak edo sasi-proposizioak, esan ezin dena adierazi nahi dutenak. Hauek hizkuntzaren eta munduaren mugetatik at dauden ideiak adierazi nahi dituzte.
  • Filosofia jarduera edo aktibitate bat da, proposizioak aztertu edo analizatzearena, benetako proposizioak sasiproposizioetatik bereiziz.
  • Hizkuntzaren analisi logikoa lortzea izango litzateke Filosofiaren funtzioa Wittgenstein-en ustez.
  • Bestalde, hau guztiaz gain, hasieran esan bezala, bigarren Wittgensteinek Filosofia Ikerketak idatzi zituen: hau da Wittgenstein bigarrenaren lan nagusia. Wittgensteinek hizkuntza nola erabiltzen den aztertzen hasten da. Eskola-haurrei irakasten bizitako esperientziaren eragina nabari da ikuspegi aldaketa honetan, haur bati hitz baten esanahia azaltzea hitz hori nola erabiltzen den irakastea baita.
  • Tractatus-ean terminoaren esanahia terminoak izendatzen duen objektua da, erreferentzia. Filosofia Ikerketak-eko Wittgensteinentzat terminoaren esanahia terminoaren erabileran datza; batetik terminoaren erreferentzia ez baita nahikoa bere esanahia ulertzeko; eta bestetik, izen berezien erabilerak erakusten du esanahia eta erreferentzia ez direla gauza bera. Hizkuntza bat jakiten da bera osatzen duten hizkuntza jokoak ezagutzen direnean.
  • Hizkuntza jokoari dagokionez, egoera baten aurrean gaudenean, egoera horren arabera hizkuntza mota ezberdina erabiltzen dugula dio Wittgensteinek. Hizkuntza edo hitz hauen esanahia hitz horren erabileran datza. Honela, hizkuntza erabilera ezberdin hauek, maila berean daudela egiaztatzen digu, ulertzeko ahalmena dagoen bitartean.
  • Filosofiaren funtzioa proposizioak ulertzea da Wittgensteinen ustetan. Hala ere, filosofiaren zeregin orokorra zentzuaren mugak azaltzea da, esan daitekeena eta esan ezin daitekeena adieraziz.
  • Filosofiaren funtzioa da hutsegiteak hautematea hizkuntzan: esaldi batek noiz ez daukan zentzurik hizkuntza joko batean erakustea eta zein erabilerek desagerrarazten duten arazoa adieraztea. Beraz, filosofiaren funtzioa ez da hitzen funtzio sintaktikoa aztertzea, horien funtzio pragmatikoa baizik.
  • Azkenik esan beharra dago, aztertutako testua etikaz egindako hitzaldi (Hitzaldi bat Etikaz) batetako testuetako bat dela. 1929ko azaroan Wittgensteinek Tractatus-aren itzultzailearen gonbidapena jaso zuen hitzaldi bat emateko Cambridge-ko elkarte batean. Bere bizitza osoan eman zuen hitzaldi ezagun bakarra da hau, 1930eko urtarrilaren 2an irakurri zuen eta etikaren izaera jorratu zuen bertan. Etika on denaz egiten den ikerketa orokorra da, beste hainbat gauzekin batera. Proposizio guztiok bi zentzu desberdinetan erabil daitezke: zentzu arruntean edo erlatiboan, eta zentzu etikoan edo absolutuan. Etikak zentzu absolutuan egiten ditu adierazpenak.
  • Aztertuz gero hizkuntzaren erabilpen oker baten fruitu direla konturatzen gara, gure lengoaiaren zenbait erabilera okerrek proposizio etiko eta erlijioso guztiak zeharkatzen baitituzte. Proposizio hauek similak dirudite, baina simil batek zerbaiten simila izan behar du, hots, egoera batena. Etikaren kasuan, similaren atzean ez dago egoera deskribagarririk. Ondorioz etikaren proposizioak zentzugabeak dira, mundutik urrunago joan nahi dutelako, lengoaiaren mugetatik kanpo. Beraz etika judizio absolutuetan ezartzen den heinean, ezin da zientzia izan.

2.2. Wittgenstein-en Bizitza eta Garaiko Testuingurua

  • Ludwig Wittgenstein 1889ko apirilaren 26an jaio zen Vienan. 1903-1906 artean Linz-eko Realschule-n ikasi zuen. 1906-1908 artean Berlingo Goi Mailako Eskola Teknikoan ingeniaritza mekanikoa ikasi eta 1908an Manchester-era joan zen ingeniaritza aeronautikoa ikastera. Baina Frege eta Russell-en lanak irakurri eta matematikaren oinarritze logikoaz interesatu zen. 1911an Cambridge-ra joan eta Russellekin bildu ondoren, zerbait idazteko eskatu zion. Honela, geroago Trinity Collegen onartzen dute Wittgenstein. Gainera, Zientzia Moralaren Elkarteko partaide egiten dute. 1913an aita hil zitzaion eta Norvegiara aldatu zen. 1914ko ekainean, berriz, Austriara itzuli eta 100.000 koroa artista pobreei ematea erabakitzen du. Abuztuan austriar ejertzitoan lerrokatzen da. Orduan, Tractatus-a idazteari ekiten dio, 1918an gerrarekin batera bukatzen duelarik. Bitartean frente desberdinetan borrokatu zuen, berak zuen ausardia erakutsiz. 1918an italiarrek preso hartu zuten zazpi hilabetez. Bien bitartean Tractatus-a argitaratzen saiatzen da, baina ez zuen argitaratzailerik aurkitu. 1919an uko egin zion aitarengandik oinordetutako aberastasun guztiari eta bere anai-arreben esku uzten du dena. Bere egiteko filosofikoa amaitu orduko, magisteritza eskolan matrikulatu zen. 1920an maisu lana hasten du Trattenbachen eta Alpeetako herrixketan geroago. 1921-22 bitartean, Tractatus-a argitaratzea lortzen du.
  • 1924ean M. Schlick-ekin biltzen da, Tractatus-ak sortutako interesagatik eta 1927tik aurrera astelehenero Vienako Zirkulua (Formazio zientifikoko jendea elkartzen zen tokia) osatzen zutenekin. 1926an maisu lanbidea utzi zuen Haidhauer kasua zela eta, eta lorezain hasi zen monasterio batean. 1929an Cambridgera bueltatzen da doktore titulua lortu ondoren. Hortaz, berriro filosofia lanei heltzen die baina ikuspegi berri bat hartuz. Gainera, eskolak ematen hasten da. 1933-34 ikasturtean Koaderno urdina eta Koaderno marroia zabaltzen dira, ikasleek Wittgensteinen klaseetan hartutako apunteez osatuak. 1935ean Norvegiako bere etxera doa Filosofia Ikerketak prestatzen hasteko. 1938an Alemaniak Austria anexionatzen du bere probintzia bihurtuz. Wittgensteinek hiritartasun britainiarra eskatzen du eta Cambridgera bueltatzen da non irakasle katedradun izendatzen duten. 1939an Bretainia Handiak gerra deklaratuko dio Alemaniari. 1941-44 artean erizain lanetan jardungo du Londresen, eta laborategi laguntzaile lanetan Newcastlen. Gerra bukatzean Cambridgera itzuliko da non Zientzia Moralaren Elkarteko Lehendakari izendatzen duten. 1947an katedrari uko egin eta Irlandara doa eta Dublinen Filosofia Ikerketak bukatuko du. 1949ko udazkenean minbizia aurkitu zioten; honela, Cambridgera itzuli eta bertan, Bevan sendagilearen etxean, filosofian lanean, pasa zituen azken hilabeteak. Azkenik, 1951ko apirilaren 29an hil zen.
  • Bere bizitza alde batera utziz, bere garaiko egoeraz ere jardun beharko genuke, hobeto eta errazago ulertzeko bere filosofia.
  • Garaiko Viena, Austria-Hungariako Inperioaren hiriburua, gizarte kristaua eta plurinazionala zen, Habsburgotar Francisco Jose enperadorearen gobernaldipean. Europar hirietatik Viena izan zen gehien kristaututako hiria, hiru arrazoiengatik: antisemitismoaren internazionalizazioagatik, gizarte estatusa hobetzeagatik eta ezkontza legeengatik.
  • Mende hasieran ikuspegi kultural berria sortu zen. Bertan, garai eta hiri honetan hauek bizi ziren: Ernst Mach fisikoa, izaki ezegonkor eta ezagutezinaren teorizatzailea; Sigmund Freud, psikoanalisiaren sortzailea eta inkontzientearen teorizatzailea; Arnold Schönberg musikagilea; Arthur Schnitzler literaturgilea; Adolf Loos, arkitektoa; Otto Weininger idazlea; Karl Kraus pentsalari eta politikoa.
  • Lehen Mundu Gerrak (1914-1917) Austria-Hungariako Inperioaren desegitea eta Austriako Errepublikaren jaiotza ekarriko ditu, zeinak tolerantzia giroari amaiera eta antisemitismoaren indartzeari hasiera eman baitzizkion.
  • Zientziaren esparruan matematikarentzat oinarri berriak bilatu nahiak Filosofia Analitikoa sortu zuen. Honek metafisikaren eta espekulazio filosofikoaren ukapena, eta hizkuntzaren analisi logikoaren defentsa ekarri zituen. Maxwell eta Planck izan ziren garaiko kulturako aipagarrienak, hauekin batera Einstein ere.
  • Filosofiari dagokionez hiru izen berezi eta Eskola bat dira azpimarratu beharrekoak. Lehenik Gottlob Frege (1848-1925) matematikako irakasle Jenako unibertsitatean eta logika modernoaren sortzailea. Bere lanaren helburu nagusia aritmetikari oinarri ematea izan zen logikaren printzipioetatik abiatuz. Horretarako hizkuntza arrunta formalizatu zuen proposizio aldagaiak “p”, “q”, “r”, eta lokailu logikoak ”∧”, “∨”, “→” bereiziz. “Subjektu-predikatu” bereizketa “funtzio-argudio” bereizketaz ordezkatu zuen. Honez gain ere, izen batek bere zentzua adierazten du eta bere erreferentzia denotatzen du.
  • Bigarrenik Bertrand Russell (1872-1970). Principia Mathematica idatzi zuen Whitehead-ekin batera, Fregek matematikaren oinarritze logikoaz hasitako lana osatuz. Russellek Atomismo logikoaren ikusmoldea sortu zuen zeinak hizkuntza perfektua sortu nahi baitzuen. Fregeren sistema logikoak paradoxa bat zuela (“klaseen paradoxa”) frogatu zuen.
  • Hirugarrenik George E. Moore (1873-1958) Cambridgeko unibertsitateko irakasle eta Principia Ethica lanaren egilea. Moorek hizkuntza arrunta aztertu behar dela proposizio filosofikoen kontzeptuak argitzeko, aldeztu zuen.
  • Azkenik Vienako Zirkulua azpimarratu behar da, nagusiki formazio zientifikoko kideez osatua, 1929an Vienako Zirkuluaren ikuspuntu zientifikoaren Manifestuarekin Eskola bihurtu eta Neopositibismo edo Positibismo Logikoaren sortzailea. Hizkuntza zientifikoaren analisiak bi proposizio-mota bereizten ditu: proposizio analitikoak, matematika eta logikarenak, zeinen egiazkotasuna sistema formala zuzentzen duten arauen menpe dagoen; eta proposizio enpirikoak, zientzienak, zeinen egiazkotasuna esperientziaren menpe dagoen. Zirkulukoek diote Filosofia ez dela zientzia, jarduera bat baizik, hizkuntza logikoki aztertzearena edota hitzak eta esaldiak azaltzearena, zentzurik ez daukatenak erakutsi eta ezabatzeko.

3. Iruzkin Kritikoa

Wittgenstein-en Hitzaldi bat Etikaz-eko testuetako batean, hain zuzen ere guk aztertu dugunean, esaldi batek zentzua noiz izango duen eta noiz ez adierazten digu. Proposizio batek kasu honetan "Mundua izateak harritu egiten nau" esatea gaizki dagoela dio. Bere ustez honek ez du zentzurik, lehenago beste zerbait pentsatuko bagenu edo hau beste modu batetakoa izango zela uste izango bagenu besterik ez litzatekeelako izango harrigarria.

Zerk harritu gaitzakeen adibideen bitartez adierazten digu Wittgensteinek. Proposizio batek logika duen ala ez jakitea izango litzateke Wittgensteinen ustez Filosofiaren eginbeharra. Proposizio batzuk zentzudunak izango diren adinean, beste batzuk zentzugabeak direla dio; hau da, proposizioak direla dirudi, baina egia esan ez dira. Hauek, Hizkuntzaren eta munduaren mugetatik kanpo dauden ideiak adierazi nahi dituzte eta hauetako proposizio bat izango litzateke berak testu honetan azaleratzen diguna.

Hau kontutan izanda, gaur egun ere honelako zentzugabeak diren proposizioak edo kontraesanak dituztenak ere nabariak dira. Adibide argi bat, egungo komunikabideetan ikus dezakegu. Egunero irrati, telebista nahiz egunkarietan, berri ugari azaltzen dira. Berri hauek, gai zientifiko/teknikoei buruz baino gehiago, arazo moralei buruz hitz egiten dute gehienbat. Gai zientifiko/teknikoak objektiboki ematen dituzte berriak; baina arazo moralak, berriz, askotan komunikabide batetik bestera edo komunikabide katearen arabera, gauzak asko aldatzen direla nabari da subjektiboki ematen baitituzte azken batean ideiak.

Aipatutako kasu hau oso nabaria da adibidez Euskal Herrian. Hemengo berriemaileek modu batetara ematen ari diren bitartean bertako berriak, beste herrialde, lurralde edo estatukoak beste nolabait, beren ikuspuntutik kontatzen dituztela nabari da. Gu ETB1eko teleberria ikusten ari gara eta honen ostean, beste kate batean berriak ematen dituzte. Bi kateen artean ezberdintasun handia dagoela nabari da ia beti.

Hau gertatzen denean, jendeak ez daki askotan zeinek esaten duen egia eta zeinek ez. Kontraesan bat dago, hain zuzen ere, biak ez baitute informazio zehatza ematen, batek besterik ez du egia esango; baina zeinek daki nork esaten duen egia?

Hizkuntza eta proposizioak erabiltzeko moduaren arabera gauzak asko aldatzen dira. Esan bezala, guk gauza bat esan dezakegu, besteak berdina esatera doanean gertaera gehiago sakondu eta potoldu egiten duen bitartean.

Aipatutako arazo moralak, erlatiboak direla esango nuke. Norbere moralaren arabera erosiko luke adibidez pertsona bakoitzak egunkari bat edo beste. Egunkari bakoitzak bere ikuspuntua ematen du eta hortatik arazo edo hobeto esanda, balio moral bat lehenago esan bezala, modu batetara edo bestera kontatuko du.

Maddi Ezkurdia
2.B

Entradas relacionadas: