Wittgenstein eta Etika: Hizkuntzaren Mugak Gaindituz
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en
vasco con un tamaño de 3,55 KB
Wittgensteinen Hizkuntzaren Mugak eta Etika
Wittgensteinen helburua hizkuntza zientifikoaren mugak finkatzea da, hau da, esanahia duen hizkuntzaren mugak, zientifikoki egiaztatu daitekeena soilik. Horrela, alde batetik, proposizio egiazkoak edo enpirikoak aipatuko ditu, gertaerak deskribatzen dituztenak. Bestetik, tautologiak aipatzen ditu, matematikaren eta logikaren proposizioak. Hauek ez dute egoera gertagarririk adierazten, baina beharrezkoak eta nahitaez egiazkoak dira, munduaren eta hizkuntzaren egitura logikoa aditzera ematen dutelako.
Etika eta Hizkuntza Zientifikoaren Kanpoaldea
Etika, berriz, hizkuntza zientifiko horretatik kanpo legoke, naturaz gaindikoa delako, eduki enpirikorik gabea baita, eta beraz, mugen kontra jotzen du; horrexegatik, hizkuntza ez da bere toki naturala izango. Etika, beraz, filosofia bezala, ez da zientzia bat izango, baina bai beharrezkoa, gizakiak etikoki jokatzeko joera bat duelako. Wittgensteinek esango du judizio etikoak balio absolutukoak izan behar direla, hau da, ez akzidentalak, ezta neutralak ere, zentzu erlatiboa bezalaxe.
Kanten Teoriarekiko Konparaketa
Kanten teoriarekin bat zetozen Wittgensteinen pentsamenduak eta usteak. Kantek ezagutzeko gaitasunaren mugak finkatu nahi zituen, eta horretarako bere garaiko zientzia hartu zuen abiapuntutzat. Ezagutza objektibo hori, alde batetik, a posteriorikoa izan zitekeen, esperientzian oinarritzen zena. Bestetik, a priorizkoa izan zitekeen, beharrezkotasunean eta orokortasunean oinarritzen dena, kausa-efektuaren erlazioa. Horrela, metafisikak ez zuen tokirik zientzia gisa, naturaz gaindiko gaiei buruz mintzatzen delako. Eta beraz, ezin dugu esanahia duen hizkuntza zientifikoa erabili halako gaiez hitz egiteko.
Descartes eta Ikuspegi Kritikoa
Arrazionalismoaren eta Enpirismoaren Talka
Descartesen, arrazionalismoaren ordezkaria, teorien kontra joango da Wittgenstein bere ideiak adieraztean. Filosofo aitzindari honen arabera, gure ideia guztiak lortzeko eta garatzeko, aurretik gure adimenean dauden jatorrizko ideiez baliatu behar gara. Hauek ez datoz esperientziatik, aitzitik, gure buruan zeuden dagoeneko. Horrela, Descartesen ustez, arrazoimenarekin dena ezagutu daiteke; Wittgensteinek, berriz, mundu enpirikoa soilik ezagutu daitekeela esango du.
Etikaren Funtsezko Garrantzia Gizartean
Ni, lehenengo Wittgensteinekin ez nator bat. Izan ere, hizkuntza ez da bakarrik hizkuntza zientifikoaz osatzen; eguneroko hizkuntza arruntak ere osatzen du, Wittgensteinek bere bigarren etapan esan zuen bezalaxe. Eguneroko hizkuntza honek harremanak gauzatzen laguntzen du; beraz, beharrezkoa da eta funtzio bat betetzen du. Etika, azken arlo honen barruan dago; hau da, erabiltzen dituen hitzen esanahia testuinguruaren araberakoa izango da. Baina horrek ez du esan nahi beharrezkoa ez denik. Izan ere, gizakia animalia politikoa da; beraz, zertarako balioko zaio jakintza eta ezagutza guztia, jokatzen ez badaki? Horra hor etikaren garrantzia. Bide zuzena erakusten du, eta jendeak jarraitu beharko lukeena da, baina egia da guztiek ez dutela egiten. Hala ere, etika existituko ez balitz, inork ez luke, zerbait gaizki egitean, “kontzientzia kargua” deiturikoa izango, eta balio moralak zapalduta geratuko lirateke. Beraz, etikak gizartea zuzentzen laguntzen digun tresna da, jokaerari buruzko teoria unibertsal bat; eta utopia bada ere, zuzena izango litzateke mundu guztiak etikaren benetako garrantzia kontuan hartuta, berataz baliatzea jokatzeko orduan.