San Agustin: Pentsamendua, Ezagutza eta Errealitatearen Teoria
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en
vasco con un tamaño de 16,76 KB
Gizakia (Antropologia): Materia eta Forma
Izaki aldakor denez, gizakia ere Materia (gorputza) eta Formaz (arima) osatuta dago.
Pentsamenduaren Bi Erro Klasikoak
Estoizismoa
Garai helenistikoan garatu zen eskola filosofikoetako bat da, eszeptizismoarekin eta Epikurok sortutako eskolarekin batera. Jarraitzaileei estoiko deritze. Etikan eragin handiko joera filosofikoa izan da.
- Jatorria: K. a. III. mendean abiatu zen Zenon Zitiokoaren eskutik.
- Iraupena: Sei mendetan zehar zabaldu zen, III. mendera arte.
- Jarraitzaile ospetsuak Erroman: Seneka eta Marko Aurelio.
Gizartean, zorigaitza eta ezbeharrak etsipenez onartzen dituen bizitza-jarrera gisa ere ulertzen da. Pentsaera estoikoaren arrastoak egun ere hauteman daitezke, ekintzak eta gertaerak zentzutasunez eta jakinduriaz baloratzeko moduan.
Neoplatonismoa
Ez da soilik Platonen filosofiaren berriztapen hutsa, baizik eta, Platonen pentsamenduaz gainera (epikureismoa salbu), beste antzinako filosofien funtsezko norabideak eta ekialdeko ideia erlijioso-mistikoak batzen dituen sistema sendoa da. Ammonios Sakkasek fundatu eta Plotinok azaldu zuen lehenengoz.
Betetasun-Printzipioa
Errealitatearen osotasunak kate bat eratzen duela dio, maila hutsik ez daukan katea. Lehen printzipiotik urruntzen diren neurrian, perfekzio gutxiago duten errealitateen etengabeko segida dago. Jainkoaren eta mundu sentigarriaren artean, bitarteko errealitate espiritualak daude. Doktrina hauek kristautasunak bere teologia eta filosofia eraikitzeko probetxatuko ditu, nahiz eta ikuspegi askotan batera ez etorri.
Platonismoaren eta Kristautasunaren arteko harremana
Platonismoak eta Neoplatonismoak alde positibo asko ekarri zizkion kristautasunari, fedearen erakutsiak arrazoiaren kontrakoak ez direla frogatu nahi duen kristautasunari, hain zuzen ere.
Hala ere, kristautasunaren pentsakera Greziatik datorrenetik urrun geratuko da zenbait puntutan:
- Kristautasunak benetako egia zalantzagabekoa aurkezten du.
- Historia prozesu lineal bezala interpretatzen da (Greziako prozesu ziklikoaren aurrean).
- Jainko ahaluguztiduna eta kreatzailea.
- Antropologiari originaltasuna dakar: arima hilezkorra da, Azken Judizioan arima guztiak berpiztuko dira, eta gizakia izatez bekaria dela dio, tentazioei aurre egin behar zaiela.
Patristika
Fedea eta Arrazoia
Patristikak fedea eta arrazoia parekatzen ditu. Sinesmena da egiaren iturria, eta arrazoiaren egitekoa, ordea, sinesmenari laguntzea da.
Origenes
Filosofia ez dator Jainkoarekin beti ados. Bi hiri direla dio: Jainkoarena eta gizakiarena. Bibliaren lehen interpretazio alegorikoa egiten du.
Justino Martiria
Marko Aureliok mezu bat bidaltzen du bere erlijioaren beherakada ikusita. Jainkoa Logos bezala ulertzen du. Platonen filosofiaren helburua, kristautasunarekin batera, Jainkoa berehala ikustea da. Filosofoak jakin gabe kristauak direla dio. Profetetan Logosa presente zegoen, beraiek jakin ez arren.
San Agustinen Teoria Nagusiak
Metodoaren Teoria: Fedea eta Arrazoiaren Oreka
San Agustinek arrazoiaren eta fedearen arteko oreka bilatzailea aurkitu nahi du. Arrazoiaren zeregina fedearen ulerpena izango da, eta biak uztartu beharra dute:
- Arrazoiak fedearen edukiak argitzen ditu (fedea sendotzen laguntzen du).
- Fedeak arrazoia gidatu eta argitzen du.
Bi lematan gauzatzen da:
- “Intellige ut credas” (Ulertzen dut sinesteko): Sinetsi aurretik sinesgarritasunaren motiboak arrazoitu behar dira.
- “Crede ut intelligas” (Sinesten dut ulertzeko): Filosofiaren lehenengo eta garrantzitsuena sinestea da. Filosofia kristaua Fedetik hasten da.
Ezagutzaren Teoria: Egia Absolutua
Helburua Egia Absolutua lortzea da. Egia partikular guztien gainetik dagoena: aldaezina, objektiboa eta betierekoa. Jainkoa bakarrik izan daiteke Egia hori.
Egia lortu behar da, ez bakarrik dena ezagutzeko, baita arimaren lasaitasun eta atseden osoa lortzeko ere. Egiaren ezagutzak ZORIONA ematen du.
Egiaren bilaketa hau ez da kontenplatiboa, aktiboa baizik. Bide espirituala da, eta ibilbide honetan parte hartzen dute bai ezagutzak, bai fedeak eta bai maitasunak. Bide hau barne-bidea da, norbere kontzientzian aurkitu behar da egia, izpirituaren intuizioz.
Kontzientziaren Hiru Ziurtasun Ezeztaezinak
- Banaizela.
- Bizi naizela.n
- Ezagutzen ari naizela.
Ezagutzaren Hiru Mailak
1. Ezagutza Sentikorra
Sentimenetik datorkigun ezagutza da, zalantzagarria eta izaki aldakorrei dagokiena. Arimak zerbait sentitzeko erabiltzen dituen estimuluak besterik ez datoz hortik. Ez du baliorik eta aldakorra da, ziur ezin finka daitekeena.
2. Behe Mailako Arrazoizko Ezagutza (Zientzia)
Arrazoitzearen bidez lortzen den lehen ezagutza da, zientzia deitzen duguna. Ez dator sentimenetik, arimak sortzen baitu, honek baitauka zenbait sortzetiko ideia. Berarekin unibertsaltasuna eta beharrezkotasuna ezagutzen ditugu, baina denborazkotasunari buruz, esaterako, ezagutza matematikoan.
3. Goi Mailako Arrazoizko Ezagutza (Jakintza)
Hau jakintza da, ezagutza filosofikoa. Honek gai erlijioso eta etikoei buruzko egi unibertsalak eta beharrezkoak aztertzen ditu. Hemen ez dago denborazkotasunik, Egia hauek betierekoak eta aldaezinak baitira. Berari esker ezagutzen ditugu jokabide arau absolutuak, arimaren hilezkortasuna edo Jainkoaren existentzia.
ARGIZTAPENAREN bidez lortzen da: Jainkoak arimari, arrazoimenari ematen dion argiztapenari esker.
San Agustinen Antropologia, Etika eta Politika
Gizakia (Antropologia Dualista)
Ikusmolde dualista honetan, Arima da baliotsuena (Platonismoaren eragina). San Agustinen arabera, “gizakia gorputz hilkor eta mundukorrez baliatzen den arrazoizko arima da”. Arimak gorputza piztu, zaindu eta gobernatu egiten du.
Arimaren Izaera
- Substantzia espirituala, bakuna eta zatiezina da.
- Hiru gaitasun ditu: oroimena, adimena eta nahimena.
- Hilezkorra da: gorputza hiltzen denean arimak irauten du.
- Jakituna da, Jainkoarekin loturik dagoelako.
Etika: Zoriontasunaren Helburua
Gizakiaren azken helburua zoriontsu izatea da. Zoriona Jakituriari lotuta dago (jakintsua dena zoriontsua da), eta Jainkoa ezagutzean datza.
Zoriona lortzeko, gizakiak Goreneko Ongiarengana itzuli behar du, hura maitatu eta hari itsatsi. Benetako zoriona ezin da munduan aurkitu, geroko bizitza betierekoan baizik, hau gorputzaren errua baita.
Borondate Librea eta Grazia
Zorionerantz bideratzeko, gizakiak aukeratzeko ahalmena du: bere ekintzak bideratu edo desbideratu ditzake. Gizakiak askatasuna du, gorputzak eraginda, Jainkoarengandik aldentzeko eta bekatuaren bidean jartzeko, baina horrela ez da inoiz zoriontsu izango.
Arima beti arituko da gorputza bideratu nahian, eta horretarako Jainkoak lagunduko du, Grazia emanez. Grazia Jainkoak arimari, aukeramenari laguntzeko ematen dion dohaina da, gizakiaren borondatea hobetzen duena, zorionaren bidean jarriz.
Politika: Hirien Teoria
San Agustin da gizartearen bilakaerari buruz hausnartu eta Historiaren Filosofia egiten duen lehenengoetakoa. Historia ulertzeko egitura eta interpretazioa ematen du, beranduago Aro Modernoan erabiliko diren ideia politiko eraginkorrak sortuz.
Bi Hirien Borroka
Gizateriaren historia bi hirien arteko borrokaren emaitza da:
- Jainkoaren Hiria: Ongiaren hiria / Argiaren hiria / Aingeruekin sortzen da / Abel da lehen gizakia / Garatu den adierazpen gorena Kristoren Eliza da / Jainkoarengan sinesten duten gizaki guztien bilduma da.
- Lurreko Hiria: Gaizkiaren hiria / Ilunpearen hiria / Hasierako Bekatuarekin sortzen da / Kain da lehen gizakia / Paganismoaren eta gozamenaren mundua da / Sinesgabe eta jakituria gabekoen mundua da, zorigaiztoaren eta sufrimenduarena.
Borroka honek denboran zehar jarraituko du, azkenean Jainkoaren Hiriak irabazi arte.
Ideia Politiko Nagusiak
- Bakea da gizartearen ongi gorena: Gerraren justifikazio bakarra apurtutako bakea ezartzea da. Elizaren helburua Jainkoaren bakea ezartzea da. Estatuak, alderantziz, munduko bakea lortzen saiatzen da.
- Elizak estatuak segurtatzen dituen bakea eta ondasunak behar ditu. Elizak, hiritar onak heziz, laguntza ematen dio estatuari eta lurreko aurrerakuntza eta ontasunari, lurreko bakearen alde eginez.
- Gizakia gizartean bizi da. Gizartea onuragarria da, nahiz eta perfektua ez izan eta akatsak izan.
- Gizartea eta familia gizakiaren izaeratik datoz, ez dira konbentzionalak, naturalak baizik.
- Agintariaren boterea Jainkoarengandik dator zuzenean.
San Agustinen Kontzeptu Filosofikoak
Argiztapena (Illuminatio)
San Agustinen ezagutzaren teoria da, geroago eskolastiko guztiek bereganatuko zutena. Teoria honetan datza: Jainkoak giza arimetan betiereko ideiak edo egiak isurtzeko egiten duen prozesuari deitzen zaio argiztapena.
Argiztapen hau Jainkoak sinesten dutenei egiten dien oparia da. Haren bidez, hirugarren ezagutza maila lortuko dute, eta benetako egia ezagutu. Sinesgabeek bigarren mailako ezagutza besterik ez dute lortuko, eta ez dute azken ezagutza honek ematen duen zoriona eskuratuko.
Arima Garbia eta Bekatua
Jainkoaren nahia betetzen duen gizakiak arima garbia du. Jainkoak bere nahia bi eratan adierazten du:
- Biblian: (Hamar Aginduak, eta abar).
- Kontzientzian: (Sinesteduna izan edo ez izan, Jainkoak bere kontzientziarekin hitz egiten dio, bizitzan zuzen jokatzeko arauak adieraziz).
Arima lohituko balitz, kristautasunaren ustez, badago arima garbitzeko biderik, Jainkoari barkamena eskatuz, Aita errukiorra baita.
Bekatuaren Definizioa
Bekatua Jainkoaren legea haustea da. San Agustinen formula ospetsua:
Pecatum est dictum vel Factum vel concupitum aliquid contra aeternam legem.
Bekatua Jainkoa iraintzea da, Jainkoarengandik urruntzea, eta gauza materialak Jainkoa baino gehiago maitatzean datza.
Betiereko Egiak
Jainkoak ariman sortzen dituen argiztapenaren ondoriozko baieztapen edo eduki ziurrak dira. Euren funtsa ez dago sentikortasunean, hau aldakorra baita. Hortaz, Egien esparrua gauza hilezkorren eremua da.
Bertutea
Gizakiari dagozkion ekintzak gauzatzeko ahalmena, gaitasuna, erraztasuna eta joera adierazten du bertuteak. Ez dago jatorrizko ahalmenik; jatorrizko joerak daude soilik, eta jarduera serio eta iraunkorrez eskuratzen dira.
Bertutea jarrera iraunkorra da, eta aktibitaterik ezak eta aurka jarduteak guztiz moteltzen du. Bere kontrakoa bizioa da, hau da, era ez egokian jarduteko egoera.
Bertute Motak
- Adimenezko Bertuteak (Dianoetikoak): Gizakia egiaren ezagutzan perfekzionatzen dute. Hauek dira: adimena, jakituria, zentzutasuna eta artea.
- Borondatezko Bertuteak (Moralak): Ekintza moralean perfekzionatzen dute gizakia. Hauek dira: zuhurtzia, justizia, sendotasuna eta neurritasuna.
Jariadura / Emanazioa
Zenbait joera filosofikotan, eta bereziki Neoplatonismoan, goikoak, bere gainezkatzeagatik, behekoa ekoizten duen prozesua da, lehenak prozesu horretan ezer galdu gabe. Aldi berean, emanazio prozesuan goikotik behekora degradazio prozesu bat dago (perfektutik inperfektura, existentziatik existentzia gutxiago duenarengana).
Jariadura kreaziotik bereizten da, honek zerbait ezerezetik sortzen baitu. Goi printzipiotik gertatzen den jariaduran ez dago ezerezetik kreaziorik, izate galtzerik gabeko auto-hedapena baizik.
Kristautasunaren eta Jariaduraren arteko muga
Neoplatonismoaren eta kristautasunaren arteko muga gaindiezina honetan datza: kristautasunak Jainkoak Mundua ezerezetik sortu zuela dioenean jariadura ukatzen du, jariadura teoriak munduaren betierekotasuna adierazten baitu.
Kreazioa (Creatio ex nihilo)
Jainkoak mundua sortu duen ekintza librea da. Jainkoak Hitzaren bitartez sortu zuen mundua, berak baititu gauza guztien betiereko ideiak edo arketipoak.
Kreazionismoaren Kontrako Doktrinak
Kreazionismo teoria hiru doktrinei kontrajartzen zaie:
- Batetik edo goi errealitatetik errealitatea jarioz ateratzen dela dioen teoriari (Jariadura).
- Aurrez existitzen zen materiatik mundua jainko edo demiurgo batek eratu zuela dioen doktrinari.
- Mundua betierekoa dela dioen doktrinari, mugimendu zikliko batean betiereko itzulera hartuz.
Ondasun Iraunkorrak
Suntsiezinak diren ondasunak dira, hots, espirituaren ondasunak eta arimaren elikagaiak. Ondasun hauek arima perfekzionatu eta zoriontsu bihurtzen dute. Hauek dira, besteak beste: jakituria, zuhurtzia, justizia, sendotasuna, neurritasuna...
San Agustinen kasuan, ondasun iraunkor ederrena Jainkoa da, eta Hura ezagutzera eta jasotzera iristen den arima zoriontsua da.
Ondasun materialak (elikagaiak, jantziak, tresnak...) ustelgarriak eta zoriaren ondorioa direnez (etorri egiten diren bezala joaten zaizkigu), ez dute zoriontasun osorik eskaintzen.
Argiztapenaren Mekanismoa (Barne Maisua)
Ezagutzeko ez da bakarrik behar ezagutzailea eta ezagutgaia. Bien arteko erlazioa lortzeko argia egon behar da. Eremu arrazionalean argi hori intelektuala da, Jainkoak emana.
Argiztapena sinestedunen arrazoimenean Jainkoak jartzen duen gaitasun berezia da, benetako egiak hautemateko. Jainkoa da egia irakasten digun Barne Maisua eta gu argitzen gaituen argia. Gizakiaren barnean bizi den Kristo da arima arrazoizko orok kontsultatzen duen Jainkoaren bertute aldaezina eta betiko jakituria.
San Agustinen iritziz, ezagutzeko ez dira nahikoa ezagutzailea eta ezagutgaia, hirugarren elementu bat behar da. Ideiak Jainkoarengan daude, munduko errealitate aldakorren arketipo bezala. Gilson-ek dioenez, argiztapena Jainkoak giza adimenari, ideiak ulertzeko gauza izan dadin, ematen dion argia da.
Platoniar oroimenaren arazoa baztertu egiten da, baina jatorrizko ideiak gordetzen dira. Jainkoak sortzen duenean inprimatzen dizkion betiko egien ideiez horniturik dator izpiritua existentziara. Izpirituak badauka bere baitan ideiak ekoizteko behar den guztia, zentzuen laguntza soila delarik. Hemen platoniar iraganaren oroimena orainaldiaren oroimen bihurtzen da.
Errealitatearen Ikuspegia
Izaki Aldakorrak (Mundu Sentigarria)
Mundu sentigarriko izakiak dira. Bi osagarri dituzte: materia eta forma. Jainkoak ezerezetik sortuak dira. Izatearen zerbait eman die, baina bera ez direnez, ez dira benetako izakiak.
Hazi-Arrazoien Teoria (Rationes Seminales)
Jainkoak materia sortzean, barnean indar multzoa ezartzen du (haziak, indar sortzaileak). Haziak ernaltzen direnean, izaki partikularrak eratzen dira. Izakiak hazi-arrazoi eran sortuak daude, baina ez haragiztatuak.
Izaki Aldaezina (Jainkoa)
Jainkoa bera da, dagoen substantzia bakarra. Perfekzio guztiak ditu: betierekoa, ahalguztiduna, infinitua eta bat izatea. Izaki osoa eta betea denez, bakarra izan behar du. Ezaugarri nagusia aldaezintasuna da.
Kreatzailea ere bada, gauza guztiak ezerezetik berak sortuak. Munduaren eta errealitatearen kausa da, bera ezerk ez baitu kausatu.
Jainkoaren Existentziaren Frogapena
Jainkoaren existentziaren frogapena kontzientzia unibertsalean dago: herri guztiak Jaun goren baten sinesten dutelako, eta norbanakoaren kontzientzian Jainkoaren presentzia sentitzen dugulako.
Gaizkiaren Arazoa (Manikeismoaren Kontra)
Gaizkia ez da errealitate positibo bat, Ongiaren eza baizik. Jainkoak sortua izanik, ez dago ezer esentziaz txarra denik. Gaizkia ez dago gauzetan, gauzez baliatzen diren borondatezko ekintzetan baizik.
Gaitz Motak
- Gaitz Fisikoa (Gaixotasunak, hondamendiak): Ez dator Jainkoarengandik. Gabezia edo hutsunea da, eta horren jatorria izakia osatzen duen materian bilatu behar da. Beraz, ez dago gaitz fisikorik berez.
- Gaitz Morala: Gizakiaren eta izakiekin duen bidegabeko portaeraren emaitza da. Jatorria borondate librean du. Jainkoa ez da erantzulea, gizakiak askatasuna oker erabiltzen badu edo munduan gaitza sartzen bada.