Platonen Errepublika: Estatu Ideala, Justizia eta Hezkuntza

Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en vasco con un tamaño de 6,35 KB

Platonen Errepublika: Sarrera eta Testuingurua

Errepublika Platonen garaiari dagokio. Platonen pentsamenduaren gai nagusiak Ideien Teorian oinarrituta daude, eta harengan banandu ezinak diren ezagutzaren teoria, politika, etika eta hezkuntza gaiak agertzen zaizkigu. Protagonista Sokrates da, eta haren ahotan jartzen ditu Platonen teoriak. Errepublikako Sokrates Platonen tesiak eta proiektuak kanporatzen dituen maskara da.

Errepublika 10 liburuz osatuta dago.

Lehen Liburua: Justiziaren Definizioa

Lehen liburuan justiziaren definizioari buruzko ikerketari ekiten zaio. Bertan, sofisten zuzentasunari buruzko teoriak auzitan jartzen dira. Benetako zuzentasuna definitu behar dela proposatuko du. Estatu zuzenik ez dagoenez, irudikatu beharko da elkarrizketan zehar, behar besteko eredua izan dadin.

Estatu Ideala eta Gizarte Antolaketa

3., 4. eta 5. liburuetan hiri zuzenak, hau da, estatu idealak, nolakoa izan beharko lukeen zehazten da. Horretarako, estatuaren sorburuko xedea aztertzen da: estatua gizakien beharrizanei erantzuteko sortu zen. Gizarte antolaketa estatuaren jatorritik eratortzen den lege unibertsal baten emaitza da.

Hiriaren beharren arabera eta gizabanakoen gaitasun naturalak kontuan hartuta, hiriak behar dituen gizarte taldeak bereizten dira. Hiriaren antolaketa giza talde bakoitzari dagokion funtzioari jarraiki egiten da. Horrela lortzen da herritarren interesak bateratzea, eta guztion zereginak koordinatuta, zuzentasuna hirian nagusi izatea.

Arimaren eta Estatuaren Hiru Zatiak

Platonek dioen bezala, ariman hiru zati daude, eta bakoitzak funtzio jakin bat du. Estatuan ere hiru estamentu bereizten dira:

  1. Produktugileak: Eskulangintzan trebeak, oinarrizko ondasunak ekoizteko ardura dute (nekazariak, eskulangileak, saltzaileak...). Familia eta jabetza pribatua dute. Irritsezko arima da nagusi, eta neurritasuna da haien bertutea.
  2. Zaintzaileak (Soldaduak): Defentsaz arduratzen dira. Prestatuak eta hezituak daude agintariak babesteko. Ez dute ondasunik. Familia gisako bizimoduari uko egiten diote, beren interes pribatuak hiriaren interesen aurretik ez jartzeko. Suminezko arima da nagusi, eta sendotasuna da haien bertutea.
  3. Agintariak (Filosofo-Erregeak): Aginte publikoa zuzentasunez betetzeaz arduratzen dira. Kargu lortzeko gaitasun intelektualez eta moralez hezituak. Arima arrazionala da nagusi, eta jakituria da haien bertutea.

Hezkuntzaren Garrantzia eta Justizia

Hezkuntzak garrantzi handia du, egonkortasuna lortzeko tresna baita. Estatuari eta ez familiari dagokio herritarrak hezitzearen ardura, norberekeria baztertzeko eta elkarte sentimendua sustatzeko asmoarekin. Agintari filosofoen ardura da hiritar bakoitza heztea, estatuaren barruan eman zaion funtzioa ongi betetzeko.

Hezkuntza ereduan islatzen da: gorputzaren hezkuntza arimaren hezkuntzaren menpe dagoen bezala, gizabanakoaren hezkuntza gizartearen (estatu onaren) menpe dago.

Justiziaren Harmonia

Ariman gertatzen den bezala, hirian ere justizia zatien arteko harmoniaren emaitza da. Gizarte talde bakoitzak dagokion bertuteaz dagokion zeregina betetzean datza estatuaren antolaketa zuzena. Estatuaren helburua herritarren zoriontasuna da, eta hori estatu zuzena denean lortzen da.

Liburuen Laburpena (V. eta VI.)

  • V. liburua: Zaintzaileen jabetza eta familia komunei buruz hitz egiten da. Familia hiriaren batasuna lortzeko beharrezkoa da.
  • VI. liburua: Benetako filosofoa nor den aztertzen da.

VII. Liburua: Haitzuloaren Mitoaren Esanahia

VII. liburuan, Platon Haitzuloaren Mitoaz baliatzen da hiri zuzenaren agintari filosofoek izan behar duten heziera azaltzeko. Zientzien hierarkia zuhurra aipatzen du, filosofoek ikasi beharrekoak zehaztuz (bereziki, Dialektika).

Estatua zuzentzeko adinako jakituria eta prestutasuna lor ditzaten, ikaskizun horiek noiz eta nola helaraziko zaizkien zehazten du.

Estatu Formen Degenerazioa (VIII. eta IX. Liburuak)

VIII. eta IX. liburuetan estatu forma desberdinak eta hauen ondorioak agertzen dira, estatu idealetik (Aristokrazia) hasi eta txarrenera (Tirania) nola iristen den azalduz:

  1. Aristokrazia: Onenek zuzendutako gobernua, gobernu eredugarria.
  2. Timokrazia: Aristokrazia okertuz sortua. Ohorearen eta anbizioaren gobernua.
  3. Oligarkia: Aberastasun irrikak Timokrazia bihurtzen du. Gutxi batzuen gobernua, aberatsena.
  4. Demokrazia: Oligarkek hiritarrak esplotatu ondoren, matxinadak sortzen dira. Txiroek aberastasuna banatu eta Demokrazia sortzen da (askatasun gehiegizkoa).
  5. Tirania: Ordena falta dela eta, Demokrazia Tirania bihurtzen da, boterea tiranoen esku geratuz.

X. Liburua eta Platonen Kritika

Azkenik, X. liburuan hezkuntzaren gaira eta poesiaren arriskuetara itzultzen da, baita arimaren hilezkortasunari buruz ere. Platonek proposatzen duen gizartea antolatzeko modua ez dator bat demokraziarekin. Onenak eta adimen gaitasun gehien dituztenak baino ezingo dira agintari politikoak izan. Ageri denez, demokraziaren inguruko Platonen iritzia oso kritikoa da.

Agintarien Hezkuntza Zehatza

Agintarien hezkuntza estatuaren iraunkortasuna bermatzeko funtsezkoa da. Helburua gorputzez, adimenez eta moralez heztea da.

  • Oinarrizko irakasgaiak: Gimnastika, Musika, Aritmetika eta Geometria.
  • Poesiak ez dira egokiak gazteentzat, mitoak zalantzan jartzen zituztelako.
  • Matematika oso garrantzitsua da hezkuntzan, gizakia Ideiak ezagutzeko prestatzen duelako.

Dialektikaren Fasea

Adimen gaitasuna, ikasketetan iraunkortasuna eta hiriarekiko maitasuna agertu dutenek Dialektikaren aldiari ekiten diote. Hori da filosofoak hezteko fase gorena, 5 urte irauten duena. Ideiak aztertzeko aukera ematen die ezagutza lortzeko.

Fase hau bukatu eta gero, kargu politikoak betetzen dituzte 25 urtez, esperientzia lortzeko. Azkenean, filosofoek Ongiaren Ideia begietsi ahal izango duten unea helduko da; Ongiaren Ideia kontuan hartu behar duten eredua da, bai hiria bai hiritarren bizitzak zuzentzeko.

Entradas relacionadas: