Plaken Tektonika: Ertz Dibergenteak eta Konbergenteak

Geología2,62 KB

1. Mugimendu mota: Ertz edo muga dibergenteak

Dortsal ozeanikoak eta rift-ak: Bi plaka bata bestearekiko urruntzen direnean eta, beraz, lurrazal berria sortzen denean gertatzen da. Hondo ozeanikoetan dortsal ozeanikoak sortzen dira eta kontinenteetan, berriz, rift-ak. Dortsal ozeanikoak itsaspeko mendikateak izaten dira eta mendikate horren erdigunetik astenosferako material urtuak (magma) kanporatzen dira.

Ertz dibergenteak litosfera ozeanikoaren eta erliebearen sortzaileak dira; ozeano-hondoak zabaldu egiten dituzte. Ertz dibergenteak dauden lekuetan lurrikarak gertatzen dira eta sumendi-kate luzeak daude ozeano-gandor horren erdigunean. Dortsaletan etengabeko jarduera bolkaniko handia dago.

Fenomeno horren ondorioz ozeanoaren hondoa zabaldu egiten da, eta, beraz, plaken gainean dauden kontinenteak urrundu egiten dira elkarrengandik. Dortsal atlantikoaren kasuan, urrunketa 10 cm-koa da urtean, gutxi gorabehera.

Bestalde, azken urteotan, Afrikaren erdialdean rift bat eratzen ari dela hauteman ahal izan da. Pitzadura erraldoi hori Afrikako aintziretako eskualdetik Palestinaren iparralderaino doa. Adituen ustez, etorkizunean, Afrikako plaka hautsi egin liteke inguru horretatik; horrela, bi plaka eratuko lirateke, eta bien artean ozeano bat ireki.

2. Mugimendu mota: Ertz edo muga konbergenteak

Azpiratze-zonak: Bi plaka bata bestearekiko elkartzen direnean eta, beraz, bata bestearen azpitik sartzen direnean gertatzen da (azpiratze edo subdukzioa).

Talkatzen diren plakak hiru egoeratan aurki daitezke:

  • a) Bi plaka ozeaniko: Bat ondoratu egiten da bestearen azpian eta subdukzio-gune bat sortzen da. Kasu honetan ozeano-fosa bat sortzen da. Gainera, goiko plaka ozeanikoa altxatzen denez, uharte-arku bat osatzen joaten da eta sumendiek magma ugari isuri dezakete, baita lurrikarak eragin ere. Horrela eratuak dira Japoniako uharteak. Sismizitate handia denez, tsunami-arrisku handia ere izaten da.
  • b) Plaka ozeaniko bat eta plaka kontinental bat: Plaka ozeanikoa ondoratu egiten da plaka kontinentalaren azpian. Plaka kontinentalaren erliebea altxatu eta itsas ertzeko mendikate bat sortzen da: orogeno perikontinentala. Sumendiak eta lurrikarak gertatzen dira ertz horietan. Horixe da Nazca eta Hego Amerikako plaken ertzen kasua; Andeak mendikatea modu horretan sortu baitzen.
  • c) Bi plaka kontinental: Kontinente barneko mendikateak sortzen dira. Ertz konbergenteak elkartzen diren zonetan lurrikarak ugariak dira eta sumendi-jarduera ere gertatzen da.

Descargar

PDF Word HTML