Ortega y Gasset: Objektibismotik Arrazoibitalismora
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en vasco con un tamaño de 8,48 KB
Ortega y Gasset: Objektibismotik Arrazoibitalismora
Objektibismoa (1902-1914)
Ortegaren lehen aldi honetan, Alemaniako egoera zientifiko-filosofikoa ezagutu eta Espainiako arazoari heltzen dio. Espainiaren arazoa Europarekiko atzerapenarena da. Kausa nagusia zientzia eta teoria eza da, eta jarrera zientifikoaren sustraiak objektibismoan daude. Objektibismoak objektuen, gauzen lehentasuna aldarrikatzen du. "Salba gaitezen gauzetan!", hau da, ihes egin dezagun edozein subjektibismotik dio. Objektuei aurre egiteko beharrezkoa da teoria bat, ez baita nahikoa gauzak ikustea, pentsatu eta berreraiki egin behar dira. Zientzia egin ahal izateko gauzak objektibizatu egin behar dira, abstrakzioaz pentsatu. Hortik sortzen da teoria, objektibizazio prozesuaren helburua.
Perspektibismoa (1914tik aurrera)
1914ko Meditaciones del Quijote lanak aldi honen hasiera markatzen du. Hemendik aurrera bere pentsaera propioa garatzeari helduko dio, zirkunstantzialismoaren aurkikuntzatik abiatuta. Zirkunstantzialismoak dio gizaki oro zirkunstantzietan murgilduta dagoela, zirkunstantzia horiei zentzu bat eman behar diegula, eta zirkunstantzia nagusien ondoan zirkunstantzia xumeak, gertukoak daudela, beste horiek bezain edo garrantzitsuagoak. Hau da, gogoeta filosofikoan ez da daturik baztertu behar. Zirkunstantziak ugariak eta aldakorrak direnez, nola ordenatu, nola jakin zein den garrantzitsuena? Ortegak erantzuten du gertukoenetik, ez absolutuki garrantzitsuena delako, baizik eta zirkunstantzia horretan murgildua dagoen gizabanakoarentzat garrantzizkoena delako. Perspektibak ugariak eta desberdinak izan daitezkeen arren, saiatu behar da perspektiba desberdinak osatzen, erlatibismoan ez erortzeko. Perspektibismoaren onurak etika eta kultur arloetan inon baino hobeto ikus daitezke. Horrela, onartzen denean norberaren perspektibaz gain beste perspektiba desberdinak daudela, norberarena bezain baliozkoak, bestea baloratzen dugu bere desberdintasunagatik, eta zenbat eta hobeto islatzen duen bere perspektiba, orduan eta baliozkoagoa izango da.
Raziobitalismoa (Helduaroa)
Orain arteko bi perspektiba nagusiak, bitalismoa eta errazionalismoa, gainditu nahi ditu bizi-arrazoimenaren bidez. Bitalismo klasikoarentzat (Bergson), arrazoimena ez da ezagutza gorena. Errealitatea bilakaera denez, ezagutza egokiena intuizioa da. Ortegak ezagutza arrazionalaren nagusitasuna ukaezina dela dio, baina gogoeta filosofikoaren erdigunean bizitza jartzen du. Arrazoimena erdigunean dago, baina irrazionalak inguratzen du. Ortegaren bitalismoak arrazionalismoaren mugak seinalatzen ditu, ez dituelako onartzen arrazoimenak errealitatearen zenbat eremu ezin dituen zeharkatu, irrazionalak direlako. Raziobitalismoak errealitatearen, eta bere barruan bizitzaren, lehentasun ontologikoa baieztatzen du, errealitatea eta bizitza pentsamenduaren aurrekoak direla, alegia. Bizitzaz norberaren bizitza ulertzen da, pertsonala, zirkunstantzia zehatz batzuetan gauzatzen dena, askatasunaren ezaugarria duena, eta "nire bizitza" da, giza bizitza. Giza bizitzaren bereizgarritasuna pentsamena da, norbere baitaratze ahalmen bezala ulertua, eta horrela berriz ere arrazoimenarekin topatzen gara. Arrazoimen-bizitza arteko dialektikak ezaugarritzen du arraziobitalismoa.
Gure Garaiko Gaia
Ortegarentzat garai orok bere eginkizuna du. Garai bakoitza printzipio batzuetan oinarritzen da, eta Garai Modernoaren oinarrizko printzipioa subjektibitatea dela dio. Printzipio hau errazionalismoak eta idealismoak sortzen dute, eta bi korronteok diotena horrela labur daiteke: -Arrazoimena gizakiaren alderdi funtsezkoa da; -Arrazoimena subjektu bakoitzaren berezitasunen gainetik dago, denboraz kanpo dago eta gai da subjektua egia abstraktuekin, denboraz kanpokoekin erlazionatzeko; -Arrazoimen ahistoriko hori da bitarteko egokia filosofiaren, zientziaren, moralaren eta politikaren garapenerako; -Mundua arrazoimenaren emaitza da, zehatzago, arrazoimenak bere baitan aurkitzen duen datu bat da, munduko gauzak kontzientziaren edukiak direlarik. Idealismoari errealismoa kontrajartzen zaio, eta errazionalismoari erlatibismoa eta bitalismo irrazionalista (Nietzsche). Horiek gainditzeko, Modernitatearen aurkikuntza nagusian sakondu behar da: subjektibitatean. Beraz, gure garaiko gaia modernitatearen gainditzea da, Idealismoa baztertzea.
Masa eta Elitea
Ortegak dio gizarte modernoa masa eta elitean zatitzen dela. Elitea gizarteko hoberenek osatu behar dute, iritzi arruntatik aske daudenek, baina iritzi publikoa egituratzen dutenek. Masa kultura gutxiko jendeak osatzen du, erraz manipula daitekeena. Intelektualaren lana da kultura masari hurbiltzea, autogobernatzeko gai izan dadin. Bitartean, intelektualak masa gidatu behar du herrien borondatea betetzen duten egitasmoetara. Intelektualek eginkizun gidatzaileari uko egiten badiote, masa kaos bat bihurtzen da eta orduan gerrak eta diktadurak sortzen dira.
Ideiak eta Sinesteak
Ortegak ideiak eta sinesteak bereizten ditu. Ideiak gizakiok eraikitzen ditugun pentsamenduak dira. Sinesteak ideia berezi batzuk dira, gurean guztiz sustraituak daudenak. Ideiak eduki egiten dira, sinesteetan bizi garen bitartean. Ideiez eztabaida egiten dugu, ez baikara horietan guztiz murgiltzen; sinesteak gure bizitza dira, ideiek arrazoimena ordezkatzen duten bitartean. Ez gara sinesteen jabe, baizik eta sinesteak dira gure jabe. Sinesteek inguratuta bizi gara, arnasten dugun aireaz bezala, eta sinesterik ez bagenu ez genuke ihardungo. Gainera, sinesteak gure aurrekoak dira, eta horregatik ia inork ez ditu zalantzan jartzen. Ziurtasun hau etxetik kalera irtetzearen adibideak irudiztatzen du. Ez dugu inolako ziurtasunik kalea hor kanpoan dagoela pentsatzeko; kalea hor dagoela sineste bat da. Hain zuzen ere, kalera doanak ez duelako kalea hor egongo ez denik pentsatzen, kalearen existentzia sineste bat da. Baldin inork une batez zalantzan jarriko balu kalearen existentzia, orduan sineste izateari utzi eta ideia bihurtuko litzateke. Horrek kalera irtetzearen erabakia ezabatu egingo luke, sineste bat sineste izateari uzten dionean giza iharduera etenda geratzen baita. Sinesteetatik ideietara igarotzea izan da filosofoek askotan egindako lana. Filosofoek, zalantzaren birusa txertatuz, sinesteak baztertu eta ideiak erdiestea eragin dute gizarte eta garai desberdinetan, eskertxarraren saria jasoz batzuetan. Eta filosofoen artean eszeptikoa da beldurgarriena, bera baita sinesteen zalantzatzea muturreraino daramana. Ideiak, pentsamendu oro bezala, egin eta desegin egiten dira etengabe. Pentsamenduak behin eta berriz birformulatu behar dira, sineste bihurtu arte bederen. Ideiak, bada, sortu, aldeztu, eztabaidatu, zabaldu, zapaldu eta gurtu -bizia emateraino- ditzakegu. Ezin duguna da ideietatik bizi, inoiz ez direlako guregan sustraitzen behin betiko.
Bizitza eta Historia
Gizakia oinordeko da. Garai bakoitzean gizakiak ideia- eta sineste-multzo handi bat jasotzen du oinordetza modura. Beharrezkoa da, bada, kontzientzia historikoaz jabetzea eta hobetzen saiatzea. Animaliek instintuak jasotzen dituzte, baina instintuak aldagaitzak dira. Gizakiok sinesteak eta ideiak jaso, eraldatu edo ezaba ditzakegu, baldin eta hori erabakitzen badugu. Erabaki hau gure kontzientzia historikoak hartzen du historia-arrazoimenaren bidez. Ez arrazoimen hutsak, ez arrazoimen instrumentalak ezin dute gizakia bere berezitasunean ulertu. Historia-arrazoimena da garai, belaunaldi, gizabanako baten bizi-egitasmoa ulertu dezakeena, bizitzaren kategoriak aplikatuz: sentimenduak, sinesteak, egitasmoak. Historia-arrazoimenaren zeregina da bizitzaren esperientziaz ohartaraztea, ez baititugu soilik sineste positiboak jasotzen, baizik eta erroreak ere bai. Berak ezagutarazi behar ditu errore horien zergatiak, etorkizunean errepika ez daitezen. Horrela bakarrik izan dezakegu etorkizunak iragana onduko duelakoaren itxaropena. Beraz, historia-arrazoimena bizi-arrazoimenarekin lotuta dago. Gizakia iraganaren eta etorkizunaren arteko erlazioaren fruitu da. Erlazio hau funtzio bat da: iragana etorkizunaren funtzioa da. Etorkizunaren aukera izateak iragana kontuan hartu beharra dakar, iraganetik hartu behar baitira etorkizunari aurre egin ahal izateko giltzak. Baina ez da nahikoa iragana oroitzea etorkizunari aurre egiteko, iragana bizi egin behar da, orainaldira ekarri. Une horretantxe aldarrikatzen du Ortegak tradizioari dei egitearen behar etengabea. Tradizioa ez da "tradizionalismo" bezala ulertu behar, hau da, iraganetik bizi behar delako ustea, baizik eta iragana kontuan hartuz aberastu eta ontzeko asmoarekin.