Oroimena

Enviado por Chuletator online y clasificado en Psicología y Sociología

Escrito el en vasco con un tamaño de 6,6 KB

7. Ahanztura “Dena oroituko bagenu, ezer oroituko ez bagenu bezain gaixo egongo ginateke”, esan ohi zuen William Jamesek. Noizbait oroimenean egon zena eta dagoeneko ez dagoen hori ahanztura da eta paradoxa bat dirudien arren, oroimenaren osasun ona ahanzturaren menpe dago. 

Ahanztura zera da, izenak, gertakariak edo ezagutzak oroitzeko ezintasuna. Informazioaren asetasunagatik edo berreskurapen-akatsengatik gertatzen da, nahiz eta dena oroitzea ezer ez oroitzea bezain larria litzatekeen. 

Psikoanalisten auburuz, ahanztura babeserako mekanismo psikologiko bat da: gogamena esperientzia mingarriengandik babesten da horiek modu aktiboan kontzientziatik kanporatuz eta gauza desatseginak edo historia emozional negatiboak ahaztuz. Iragana ezin da berriz idatzi, baina haren eragina mendera daiteke. 

Ahanztura oroimena bezain garrantzitsua da: izan ere, egunero egiten ditugun ekintza guztiak oroitzeak alferrikako datu asko biltegiratzea lekarke.
Jorge Luis Borges idazle argentinarrak bere ipuinetako batean “Funes el memorioso” ipuinean, erabateko oroitzapenera kondenatua zegoen pertsona baten tragedia aztertu zuen. 

Beste idazle handi batek, George Orwellek, 1984 izeneko bere eleberrian gizarte totalitario bat deskribatu zuen, non alderdi gobernatzaileak bere hiritarrak lema honen bidez menderatzen zituen: “Iragana kontroatzen duenak etorkizuna kontrolatzen du. Oraina kontrolatzen duenak iragana kontrolatzen du”. Gobernuak Egiaren Ministerio bat zeukan eta hark idatzitako historia eta oroitzapenaren esperientzia erreala aldatzeko gaitasuna zeukan. 


Ahanzuraren arrazoiak askotarikoak dira: 
**

Garunaren lesio edo endekapena

Ahanztura pertsona batek garuneko lesio bat daukalako edo alterazio neurologikoen ondorioz -Alzheimerren gaixotasuna, adibidez- edo alkoholikoen Korsakoff sindromeagatik gertatzen da. 
**

Errepresioa (ahanztura motibatua)

Informazioa aztoragarria edo mingarria delako, pertsonak ahaztu egiten du.Sigmund Freuden ustez, oroitzapen tristeak edo desatseginak erreprimitzea larritasunaren aurkako defentsa-mekanismo bat da. Hala ere, ezabapena ez bezala -zerbaitetan ez pentsatzeko saiakera kontzientea- mekanismo inkontzientea da. 
**

Interferentzia

Pertsona batek bizitako esperientzien arteko lehiagatik gertatzen da. Bi interferentzia mota ezberdindu daitezke: aurreranzko interferentzia, zeinaren bidez ikasitako informazioak ondorengo ikaskuntza zailtzen duen (adibidez, zuzenbidea ikasi duen ikasle batek legedi berrira egokitu behar duenean), eta atzeranzko interferentzia, ikaskuntza berri batek iraganeko informazioa oroitzea eragozten duenean. 
**

Testuinguru desegokia

Zaila da informazioa berreskuratzea beste ingurune batean ikasia izan denean. Egoera batean eskuratutako oroitzapenak pertsona hori egoera horretara bueltatzen denean bakarrik itzultzen dira, ez daude eskuragai beste egoera batean. Mozkor dagoenean dirua edo alkohola ezkutatzen duen edale bat ez da gai non ezkutatu zuen oroitzeko edanda ez dagoenean. 


8. Oroimenaren alterazioak:


Oroimenaren alterazioak iraupen luzeko oroimen-prozesuetan (kodetzea, biltegiratzea eta berreskuratzea) zehazten dira eta amnesia gisa kalifikatzen dira. Ahanzturaren kausak normalean arreta-urritasunarekin (larritasunaren edo arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmenduaren ondorioz), kodetze-ezarekin (materialaren kodetze desegokia), biltegiratze-defizitarekin (narriadurren edo interferentziaren ondorioz) edo berreskurapen-akatsekin (interferentzien ondorioz) lotu ohi dira. Oroimenaren alterazio mota asko daude. Nahasmendu batzuk arinak dira, adibidez prosopagnosia (aurpegiak oroitzeko ezintasuna) eta déjà vu  fenomenoa (zerbait aurretiaz bizi izan duzun sentsazioa). Haatik, beste batzuk akats larriak eta iraunkorrak dira; besteak beste, amnesiak, hipermnesiak eta paramnesiak.
1.Amnesia oroimena neurri batean edo erabat galtzea da, arazo neurologiko bat dela eta (erorketa istripu bat) edo kausa psikologikoen ondorioz. Amnesia mota hauek ezberdindu ditzakegu:

A) Aurreranzko amnesia edo finkapenezkoa

Informazio berria eskuratzeko eta gertakariak oroitzeko ezgaitasuna da, garuneko lesio baten edo endekapenezko gaixotasun baten ondorioz, adibidez, Alzheimerra dela eta. Aurreranzko amnesia duen pertsona batek gauzak non utzi dituen edo norekin hitz egin berri duen ahazten du. Alabaina, aldez aurretik ikasitako ohiturak nola gauzatu oroitu daiteke (prozedura-oroimena). Oliver Sacks neurologoak bere El hombre que confundió a su mujer con un sombrero lanean, alkoholismo kronikotik eratorritako amnesia bat duen paziente baten kasua aipatzen du, delirio konfabulatorio batean bizi dena, zeinak mundu eta nortasun bat sortzea derrigortzen duen, ahanzten ari den mundua eta izaera ordezkatzeko.

B)Atzeranzko amnesia

Iragana oroitzeko ezintasuna da, garuneko lesioaren aurretik gertatutakoa oroitzeko ezintasuna. Kortex tenporalean edo lobulu tenporaletan izandako kalteengatik. Pazienteak ez du oroitzen bere lehengo bizitza, baina gaitasun berriak ikasi ditzake.

C)Disoziaziozko amnesia

Bortxaketen, torturen edo sexu-abusuen biktimek denbora luzez disoziaziozko amnesia bat izan dezakete traumarekiko, horrek esperientzia traumatikoa oroitzea saihesten die.

D) Dementzia senila

Funtzio intelektualen pixkanakako gainbehera da, eta lehenengo sintomak oroimen-arazoak izaten dira, garunaren nahasmendu baten ondorioz. Dementzia senilak 65 urtetik gorako pertsonen %10-15ari eragiten dio. 


E) Amnesia funtzionalak


Pertsona baten bizimoduak haren oroimenari eragin diezaioke: estresak, larritasunak eta emozio negatiboek eragin nabarmena dute oroimenaren prozesuetan. Adibidez, zenbait ikasle zurian, pentsatu ezinik, geratzen dira azterketa batzuetan, batez ere ahozkoetan. Ildo beretik, aktoreek beldur eszenikoarengatik euren rola ahaztu dezakete. 

2.Hipermnesia


Gertakariak gordetzeko eta gogora ekartzeko gaitasun oso handia izatea da, pertsona arruntek baino askoz handiagoa. Pertsona batek anfetaminak hartzen dituenean edo nahasmendu maniako-depresiboa daukanean azaltzen da. 

3.Paramnesia


Oroipen faltsuak sortzea da, gertatu ez den zerbait gogoratzea. Paramnesia duen pertsona batek oroitzapen faltsuak egiazkotzat ditu eta bizi ez dituen gauzak bizi izan dituela uste du. 

Entradas relacionadas: