Nekazaritza paisaia

Enviado por Chuletator online y clasificado en Geografía

Escrito el en vasco con un tamaño de 8,92 KB

LEHEN SEKTOREKO JARDUERAK

Elikatzea da gizakiaren oinarrizko premietako bat. Horregatik, mendeetan zehar, lehentasuna izan da elikatzeko beharrezkoak diren baliabideak eskuratzea, eta, gaur egun, munduko gosea desagerraraztea da erronka handienetako bat.

Oinarrizko edo lehen mailako baliabideak —hots, naturatik zuzenean lortzen diren baliabideak- ematen dizkiguten jarduerak sartzen dira, hain zuzen ere, lehen sektorean. Nekazaritza, abeltzaintza, arrantza eta baso-ustiapena dira jarduera horiek.

Horien artean, nekazaritza da garrantzitsuena. Munduko biztanleriaren % 47rentzat, ezinbestekoa da bizitzeko.

Garatzen ari diren herrialdeetan, nekazaritzak bultzatzen du ekonomia, eta herrialde garatu gutxik izan dute hazkunde ekonomiko bat, aldez aurretik nekazaritza-iraultzarik izan gabe.


LEHEN SEKTOREAREN GAUR EGUNGO EGOERA

Munduko biztanleria aktibo osoaren %40k dihardu lehen sektorean. Ehuneko hori handia da, baina behera egiten ari da, poliki-poliki, eta beste ekonomia-sektoreen ehunekoa, berriz, gora.

Lehen sektorearen produktibitatea gora ari da egiten urtez urte; garrantzi ekonomikoa, aldiz, behera, bigarren eta hirugarren sektoreen ekarpenen aldean. 2012an, nekazaritza-sektoreak sortu zuen munduko BPGd-aren %3.

Dena den, alde handiak daude herrialdeen artean.

·Herrialde garatuetan, biztanleria aktiboaren ehuneko txiki batek soilik dihardu lehen sektorean; zehazki, %1etik %5era artekoek. Dena den, lehen sektoreak produktibitate handia du, mekanizazioari eta aurrerapen teknikoei esker. Hori gorabehera, lehen sektoreak ekarpen txikia egiten dio aberastasun nazionalari: BPGd-aren %4tik behera (herrialde batzuetan —adibidez, Japonian eta Estatu Batuetan—, %1,56tik behera).

·Garatzen ari diren herrialdeetan, batez beste, biztanleen erdiak dihardu sektore horretan, eta sektore horrek BPGd-aren %10etik gora sortzen du. Estatu pobreenetan, biztanleen %80k dihardu sektore horretan, eta sektore horrek BPGd-aren %24tik gora sortzen du. Produktibitatea, ordea, txikia da, laborantza-teknika tradizionalak erabiltzen baitituzte.


LURSAILAK

Nekazaritza-ustiategi deritzo jabe baten ekonomia-unitate batek jarduerak egiteko erabiltzen duen espazio fisikoari (pertsona bat edo enpresa bat izan daiteke jabea). Tamainaren arabera, ustiategiak handiak (latifundio), ertainak edo txikiak (minifundio) izan daitezke. Eta jarduera nagusiaren arabera, zenbait ustiategi mota daude: nekazaritza-ustiategiak, abeltzaintza-ustiategiak, baso-ustiategiak eta ustiategi mistoak.

Lurzati edo lursail batek edo gehiagok osatzen dute ustiategi bat. Lursailen formaren, tamainaren eta mugen arabera, zenbait paisaia mota sortzen dira.

Tamainaren arabera, lursailak txikiak (hektarea bat baino gutxiago), ertainak (hektarea batetik hamarrera bitarte) eta handiak (hamar hektarea baino gehiago) izan daitezke. Halaber, formari dagokionez, erregularrak edo irregularrak izan daitezke.

Lursailen mugak nolakoak diren, bi nekazaritza-paisaia nagusi bereizten ditugu: lur zabalak eta lur itxiak.

·Lursailak itxita ez daudenean, lursail independentez osatutako nekazaritza-paisaiak sortzen dira. Lursailen artean ez da banaketarik egoten.
Paisaia horri lur zabaleko paisaia edo openfield paisaia deritzo. Nekazaritza-paisaia hori nagusi da Espainiako hegoaldeko goi-ordokian. Paisaia mota horretan, nekazarien etxebizitzak bilduta egon ohi dira.

·Aldiz, lursailak hesien, harrizko hormen, alanbre—hesien eta abarren bidez itxita eta bide-sare baten bidez elkarri lotuta daudenean, lur itxiko paisaia edo bocage paisaia sortzen da. Paisaia mota horretan, nekazariak etxe bakartuetan bizi ohi dira, lursailen ondoan, edo lurraldean zehar barreiatutako herrixketan. Nekazaritza-paisaia hori nagusi da Kantauriko erlaitzean eta, oro har, Europa atlantikoan ere bai.


LABORANTZA-SISTEMAK

Laboreak nola lantzen diren erakusten du paisaiak. Lursailen ustiapen-mailaren arabera, nekazaritza intentsiboa edo estentsiboa izan daiteke.

·Nekazaritza intentsiboaren helburua da lurra ahalik eta gehien ustiatzea. Herrialde garatuetan, teknika modernoak erabiltzen dira; teknika horien bidez, errendimendu handia lortzen da. Garatzen ari diren herrialdeetan, nekazariek modu tradizionalean lantzen dute lurra, teknika gutxirekin edo teknikarik gabe; horregatik, lurra modu intentsiboan ustiatzeko, langile asko baliatzen dituzte, baina errendimendua txikia da.

·Nekazaritza estentsiboa lursail handitan egiten da. Ez dira lursail guztiak ustiatzen; aitzitik, lursail batzuk lugorri uzten dira -hau da, erein gabe-, lurraren emankortasuna leheneratzen laguntzeko. Ekoizpena handia da, landu daitezkeen lursail asko baitaude.

Landareentzako ura nondik datorren, bi laborantza mota bereizten ditugu nekazaritza-paisaian: ureztatua eta lehorrekoa.

·Laborantza ureztatuak ureztapen-sistema artifizialen bidez (ubideak, urpetzea, ihinztatzea. . .) lortzen den urarekin hazten dira.

·Lehorreko laborantzak euri-urarekin hazten dira. Batzuetan, lehorreko laborantzak sistema modernoen bidez ureztatzen dira, lehorte garaiei aurre egiteko.

Entradas relacionadas: