Nazionalismoen eta erregionalismoen sorrera XIX. mendean
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Francés
Escrito el en
vasco con un tamaño de 2,67 KB
Nazionalismoen eta erregionalismoen sorrera
Kataluniako nazionalismoa
Katalunia aitzindaria izan zen mugimendu erregionalista bat garatzen. XIX. mendean, Espainiako beste edozein erregiotan baino hazkunde ekonomiko handiagoa gertatu zen bertan. Gizarte talde berri horrek pentsatzen zuen bere interes ekonomikoak ez zeudela ongi ordezkatuak gobernuetan, eta protekzionismoaren aldarriaren inguruan bildu ziren.
Kataluniako gizarte eta ekonomia garapenarekin batera, kultura katalanaren pizkunde nabarmena gertatu zen eta bertako hizkuntzaren erabilera zabaldu zen. Renaixença izeneko mugimendua sortu zen; horrela, katalanismoa aurrerapen ekonomikoaren eta kultura-pizkundearen ondorioa izan zen.
Katalanismo politikoaren garapena
- 1880ko hamarkada: Katalanismo politikoa garatu zen eta zenbait ildo izan zituen: tradizionalismoan oinarritutakoa (Torras i Bagesen gidaritzapean) eta ildo aurrerakoi eta herrikoia (Valentí Almirallek bultzatuta).
- Manresako Oinarriak: Aurrerapauso garrantzitsua izan ziren katalanismo politikoa finkatzeko. Unió Catalanista taldeak sortutako agiria izan zen, eta erregionalismoa egiazko nazionalismo izatera iritsi zen.
- Lliga Regionalista: 1898ko krisiak Berrezarkuntza sistema politikoa gogor astindu zuen. Ondorioz, Lliga Regionalista osatu zen, Enric Prat de la Ribak eta Francesc Cambók gidatuta, bi helburu nagusirekin: politikan parte hartzea eta erakundeetan ordezkariak izatea, katalanismoa defenditzeko.
Euskal nazionalismoa
Euskal nazionalismoa karlismoaren porrotaren ondorioz foruak nabarmen galdu izanari emandako erantzuna izan zen. Horrez gain, euskararen aldeko kultura-ildo baten garapena hartu behar da kontuan: euskaroen mugimendua.
Sabino Arana eta abertzaletasuna
Sabino Arana abertzaletasunaren bultzatzaile nagusia izan zen. Aranak Euskal Herriko kulturaren aldeko grina handia izan zuen. Haren ustetan, euskal kulturarentzat oso arriskutsua zen Espainiako beste eskualde batzuetatik Bilboko meategietara etorkin asko iristea; pentsatzen zuen «maketoek» euskara, usadioak eta euskal etnia arriskuan jartzen zituztela.
Aranaren proposamenak gizarteko sektore batzuetan zabaldu ziren, bereziki burgesia txikian. 1895ean, EAJ-PNV sortu zen Bilbon. Aranak bere aberrirako izen berri bat, Euzkadi, zabaldu zuen, baita bandera ere.
Hasieran, EAJk independentismoaren ildoa hartu zuen, baina jarrera horrek autonomismorantz jo zuen Arana hil ondoren. Euskal abertzaletasunaren baitan zatiketak gertatu baziren ere, mugimenduak indarra hartu zuen.