Nazionalismoa eta Sozialismoa XIX. eta XX. mendeetan
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Historia
Escrito el en vasco con un tamaño de 8,88 KB
Nazioak eta Nazionalismoa
Oinarri ideologikoak
XIX. mendeko eragile ideologiko eta politiko nagusiak nazionalismoa, liberalismoa eta sozialismoa izan ziren. Nazionalismoa indartsu berpiztu zen 1848aren hurrengo urteetan. Alde batetik, Alemaniako eta Italiako estatu ugariak, errealitate nazional handiagoaren zatiak zirenak zeuden. Beste alde batetik, atzerriko indarren menpe zeuden herriak: poloniarrak, eslaviarrak, hungariarrak eta Italiako penintsularen iparraldeko zonak Austriak eta Hungariak osaturiko inperioaren menpe zeuden.
Alemaniaren batasuna
Alemanian sentimendu nazionala zegoen. Frantziako iraultzak bizitu zuen eta mugimendu germaniarren 1848an izandako gertaeren eragile nagusia izan zen. Estatu Alemanen Konfederazioa Prusiako erreinuaren eraginpean zegoen, iparraldean, eta Austriarenean, hegoaldean; Austria-Hungariako inperioak, gainera, germaniarrak ez ziren Balkanetako eta Italia iparraldeko herrien eta kulturen multzo osoa zeukan menpean. 1861ean, Prusian Gilermo I.aren erregealdia hasi zen, eta, 1862an, Otto von Bismarck-ek hartu zuen kantzelaritza. Alemaniaren batasunaren sortzaile nagusia izan zen.
Prusiak garapen ekonomiko handia zeukan eta 1834tik, aduana batasuna ezarri zuen, iparraldeko estatu alemanekin. Schleswig-eko eta Holstein-eko dukerriak kulturaren aldetik alemanak ziren, baina Danimarkako koroaren menpe zeuden, eta bertako biztanleak Germaniar Konfederazioan sartzearen aldekoak ziren. Prusiak, Austriarekin batera, gerra adierazpena egin zion Danimarkari. 1866an, Austriaren eta Prusiaren arteko tentsioa areagotu egin zen. Gerra hasi zen. Gatazka militarra aste gutxian amaitu zen, prusiarrak Sadowan nagusitu zirenean. Prusiar potentzia handiak Ipar Alemania osoa kontrolatu eta, horrela, nagusitasun politikoa eta militarra erakutsi zuen Austriaren aurrean.
Prusiak eta Alemaniako 21 estatuk 1867an sinaturiko itun baten bitartez, Ipar Alemaniako Konfederazioa sortu zen. Frantziako armadak porrot itzela jasan zuen. Tropa alemanak Parisen inguruetaraino iritsi ziren, eta Alemaniako Inperioa aldarrikatu zuten Versaillesen 1871an. Hegoaldeko estatu alemanak, Prusiako armadak okupaturikoak, Konfederazioan sartu ziren eta denek onartu zuten Gilermo I.a II. Reicharen enperadore aldarrikatzea.
Italiako Risorgimentoa
Italiaren batasuna 1859 eta 1870 bitartean egin zen. Alemanian bezala, erreinu batek eskuratu zuen batasun prozesuaren gidaritza. Batasunaren eragilea Piamonte-Sardiniako erreinua izan zen. Viktor Manuel II.ak eta Cavourreko kondeak zuzendu zuten prozesua. Piamonte-Sardiniako erreinua monarkia konstituzionala zen. Frantziako Bigarren Inperioak laguntza diplomatiko handia eman zion Piamonteko politikari. Milanen eta Florentzian Austriaren nagusitasunaren aurka egindako altxamenduen laguntzarekin, Piamonteko eta Frantziako tropek Austriako armada garaitu zuten.
Teoria eta Doktrina Sozialak
Marxen aurreko sozialismoa
Langileak antolatzen ziren bitartean, intelektual batzuek garaiko gizarterako eredu sozialak eta politikoak eskaini nahi zituzten teoriak lantzen hasi ziren. Teoria horietariko askok sozialismo utopiko delakoa osatzen dute. Robert Owen kotoizko hari-fabrikatzaile nagusietarikoa izan zen. Berrikuntzak sartu zituen bere fabrikan: umeen hezkuntza, soldatak igotzea, lanaldiak murriztea eta pizgarri-sistema sartzea. Bere hari fabrikak arrakasta ekonomiko ikusgarria izan zuen. Saint Simon ideia liberaleko noblea izan zen. Proudhonen iritziz, desberdintasun guztien jatorria jabetza pribatua zen. Horren lanik ezagunena “Jabetza lapurreta da” izan zen, eta anarkismoaren aitzindarietako bat dela esan daiteke. Lehenengo teoria sozialistak langileen artean hedatu ziren, apurka-apurka, 1830eko eta 1840ko hamarkadetan. Alemanian, Hegel filosofoaren ikasle batzuk harremanetan hasi ziren, eskulangileen eta proletario berrien artean hedaturiko kapitalismoaren aurkako joerekin. 1836an, erbesteratu alemanen talde batek Justuen Liga sortu zuen Parisen, eta erakunde horren doktrina erabateko berdintasunaren aldekoa zen; geroago erakundearen izen berria Komunisten Liga izan zen.
Marxismoaren sorrera
Friedrich Engels eta Karl Marxen arteko lankidetzari esker, teoria sozialista berria sortu zen; teoria horri, marxismo izena eman zitzaion. Testuak gizarte burgesa salatu eta etorkizunerako helburutzat, burgesia desegitea eta klaserik gabeko gizartea eraikitzea hartzen zituen. Manifestu komunista propagandarako idazkia izan zen. Manifestuaren azaleko lema “Munduko langileak, bil zaitezte”, langileen antolaketarako eta ekintza politikarako deia zen, euren interesak defendatzeko eta agintea lortzeko.
Langileen Nazioarteko Elkartea (LNE)
Langileen elkartzeko mugimenduaren garapenak LNE sortzea eragin zuen. Mundu osoko langile guztientzat proiektatutako erakunde berri eta asmo handikoa sortu zen: 1864ean Londresen. I. Internazionala dela esaten zaio. Horien artean zeuden sindikalistak, karlistak, joera guztietako sozialistak, Proudhonen jarraitzaileak eta, laster, Marxen haserrerako, marxista izena hartuko zutenak. Marxen nortasunak, hasiera-hasieratik, eragin handia izan zuen LNEn. Hasierako manifestua eta antolaketa-estatutuak berak idatzi zituen, eta bere pentsamenduaren barruko funtsezko bi elementu sartu zituen: askatasuna langileek eurek lortu behar zuten, eta langileen klaseak politikan parte hartu behar zuen, agintea konkistatzeko eta, horrela, gizartea aldatu ahal izateko.
LNEren barruan Internazionalaren osaketa oso anitza zen. Lehenengo biltzarretan, liskar gogorrak egon ziren, eta, horietan, Marxen iritziak eta Proudhonen jarraitzaileen aurkako iritziak izan ziren garaileak. Baina liskarrik gogorrenak Marxen eta Bakuninen (anarkista) jarraitzaileen artean gertatu ziren.
Anarkismoaren jatorria
Bakuninek eta Marxek zioten borroka politikoa ezinbestekoa zela, eta horretarako langileak langileen alderdietan antolatu beharra zegoela; Bakuninen jarraitzaileek ez zuten antolaketa zentralizaturik onartzen, ekintza politikoaren aurkakoak ziren. Bakuninen aldekoei antiautoritario esaten zieten, euren ustez, bat-bateko altxamendu iraultzailea egongo zen eta horren bitartez proletarioek Estatua ezabatu eta horren ordez kolektibitateen federazio askea sortuko zuten.
Pariseko Komuna eta Internazionalaren desegitea
Pariseko Komuna, laburra izan arren, langileen gobernuaren lehenengo esperientzia izan zen. Frantziak Prusiaren aurkako gerra galtzean, Frantziako estatuan aginte-hutsunea gelditu zen; Bigarren Inperioko azken gobernuak Versallesera ihes egin zuen. Komunaren porrotak eta zapalkuntzak ondorioak izan zituen LNEren politikan. Marxen ustez, langileen lehenengo gobernu horren porrota programa politiko koherenterik eta antolaketa egokirik ez edukitzearen ondorio izan zen. Bakuninek, aldiz, mugimenduaren berezkotasuna eta herri-izaera nabarmendu zituen bertutetzat. Bi jarrera horiek aurrez aurre egon ziren Hagako biltzarrean. New Yorken 1876an egindako biltzarrean, I. Internazionala deseginda geratu zen. Langile mugimenduaren zatirik handienak Marxek proposaturiko bideari jarraitu zion: Europako estatuetako politikan parte hartuko zuten langileen alderdi sozialistak sortu ziren.
Alderdi Sozialistak eta II. Internazionala
XIX. mendearen amaieran, alderdi sozialista nazionalak eratu eta horiek II. Internazionalean bildu ziren. Alderdi sozialista marxistak sortu eta finkatu ziren Europa osoan. 1875ean, Gothako kongresuan Alemaniako langileen bi elkartek bat eginik, Alemaniako Alderdi Sozialdemokrata (SPD) sortu zen. Marxista espainolen talde batek, Pablo Iglesiasen zuzendaritzapean, Espainiako Langileen Alderdi Sozialista izenekoa sortu zuen. Alemaniako Alderdi Sozialdemokrata, bestalde, alderdi sozialista gehienek imitatu beharreko eredutzat hartzen zen. Edozein herritarrek eman zezakeen izena.
Internazionala berreraikitzea
Alderdi sozialista guztien arteko elementu komunak egotearen eta desegindako LNErekiko nostalgiaren eraginez, II. Internazionala sortu zen. 1889an sortu zen. 1900era arte, II. Internazionala alderdi sozialista nazionalak aldian behingo biltzarretan biltzera mugatu zen. II. Internazionala alderdi sozialisten federazio malgua zen, eta hasieratik lehengo LNE zatitu zuten bi arazo konpondu zituen: alderdien autonomia, zentralizaziorako arriskuari aurrea hartzen ziona, eta anarkistarik ez hartzea. Sistema demokratikoa onartzen zuten alderdi sozialisten konfederazioa zen. Internazionalak, bilerak antolatzen zituen, iritzi publikoan eragin handia zeukaten gaiak aztertzeko. II. Internazionala sortzeko biltzarrean erabakitakoaren arabera, 1890eko maiatzaren 1ean langileei dei egingo zitzaien, zortzi orduko lanaldia erreibindikatzeko. Aurrerantzean, maiatzaren 1a langileen nazioarteko indarraren eta elkartasunaren eguna izan zen.