Nazio intereseko industriak babesteko legea

Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 22,76 KB

Testu hau nazio-intereseko industriak garatzeko legearen zati bat da. Dokumentu

historikoa da, lehen mailakoa (nahiz eta itzulita egon). Formaren aldetik, juridikoa da, lege bat

delako, eta edukiaren aldetik ekonomikoa, ekonomia suspertzeko helburua baitu. Egilea

Francisco Franco da, sublebatuen buruzagi nagusia, 1937ko udaberrian Mola hil zenetik.

Franco estatu burua, gobernuburua eta armada burua zen, eta botere guztiak zeuzkan bere

esku, baita botere legegilea ere. Galizian 1892an jaio zen militar espainola izan zen. Gaztetatik

guda askotan parte hartu zuen eta bere ausardia temerarioak oso jeneral gaztea izatera

eraman zuen. Afrikan izan zituen arrakasta esanguratsuenak eta bertan hartu zuen fama

handia. Bere idealen defentsan, eta indarrean zegoen errepublikaren aurka, 1936ko uztailaren

17ko altxamendu militarrean parte hartu eta Gerra Zibilaren ostean, Espainiako estatu buru

izatera iritsi zen ia 40 urteko diktadura batera eramanez lurraldea, 1975ko azaroaren 20an hil

zen arte. Testua 1939ko urriaren 25an argitaratu zen. Espainiako Gerra Zibila bukatu eta

geroko garaia da, gerra 1939ko apirilaren 1ean amaitu baitzen, eta II. Mundu Gerra hasita

zegoen (irailean). Testu publikoa da, Espainiako herriari zuzentzen zaiona, bereziki enpresa

munduan mugitzen diren horiei. Ordura arteko Espainiako estatuaren publikazio ofizialean,

Madrilgo Gazetan argitaratu beharrean, nazionalek beren Aldizkari Ofizialean (BOE) argitaratu

zuten. Testuaren helburua industria eta autarkia garatzea da.

IDEIAK

Lehenengo bi paragrafoetan autarkiaren beharra justifikatzen du. Izan ere, Gerra

Zibilean Espainiak isolamenduaren ondorioz bizitako krisi larriaren ondoren, Francok

autohornikuntzaren beharra zein garrantzitsua den konturatu da, bai industriarena, baita

elikagaiena ere. Honek, estatuaren esku hartzea martxan jartzea du helburu, horrela, kanpo

merkataritza desagerrarazteko eta barne merkataritza sustatzeko. Horretarako, enpresak

sortzea beharrezkoa da.

Hirugarren paragrafoan partikularrak animatzen ditu industriak muntatzera, estatuak

dirurik ez baitu. Horretarako, garrantzitsuak ikusten dituen funtsezko industrien

sustapenerako, Estatuak oinarrizko industria horiei laguntza emango die. Beraz, laguntza

horien ezaugarriak argitzeko artikuluak idazten ditu.

Lehenengo eta bigarren artikuluetan laguntzak nola emango diren zehazten da.

Hasteko, industria interes publikokoa deklaratu beharra dago. Behin hori eginda, onurak

izango lituzke: lurra beharko balu ezartzeko Estatuak emango lioke, zergak erdira jaitsiko

lizkioke, tope bateraino kapitalaren %4ko etekina bermatuko lioke eta enpresa horiek beharko

luketena (makineria eta lanabesak) kanpoan erosteko baimena izango zuten. Beraz, ikusi

daiteke autarkia inoiz ez zela totala izan.

Hirugarren artikuluan argi geratzen da autarkia eta estatuaren esku hartzea batera

doazela, estatuak laguntza emango badu, enpresa horien gain kontrola izan nahi duelako.

Estatuak enpresa horietan interbentore eta kontseilari bat ezarriko du, eta hauek enpresaren

erabakietan ahalmen handia izango dute.

Azken artikuluan enpresek bakarrik ibiltzeko gai sentitzen direnean, estatuaren esku

hartzetik libratzeko aukera izango dutela adierazten da.

TESTUINGURUA

Bigarren Mundu gerrak duela hilabete bat eztanda egin zuen. Hasieran, Franco faxisten

aldekoa izan zen, baina Espainiaren egoera ekonomiko latza zela eta, Espainia neutral izango

zela adierazi zuen. Bigarren Mundu Gerra amaitu eta gero, nazioarteak bakartu eta arbuiatu

egin zuen frankismoa. Isolamendu garaia izan zen, eta honek, herrialdearen

autohornikuntzaren beharra ekarri zuen.

Espainia barruan, Gerra Zibila bukatu berria zegoen. 1939an Franco jenerala botere

absolutua eskuratu zuen: estatu burua, alderdi bakarreko burua eta armadako burua

(jeneralismoa). Frankismoa ezarri zuen, diktadura pertsonala. Ondorioz, sistema demokratikoa

desagertu zen eta askatasun politikoak galdu ziren. Italiako eta Alemaniako eredu faxistetatik

ideiak hartu zituen. Horrela, Kaudillo izendatu zuen bere burua, estatu zentralista eta

tradizionalista inposatu zuen, liberalismoaren eta sistema parlamentarioaren kontra egin eta

estatu autoritarioa ezarri zuen, errepublikazale guztien kontrako jazarpena egin eta “rojos

komunisten” kontrako jarrera zabaldu zuen, nazionalkatolizismoa inposatu zuen eta

komunikabideak kontrolpean hartu zituen. Beraz, Francok estatuaren erabateko kontrola zuen.

Errepresio gogorra egin zuen eta garaituen aurka bideraturiko bortizkeria luzatu zen

gerra osteko lehen urteetan, eta etengabeak izan ziren fusilamenduak, garbiketa

administratiboak, ondasunen konfiskazioak, espetxeratuak, eta zigorrak, bortxazko lanak

eginaraziz edo lanetik botaz.

Gerra Zibilaren ostean, ekonomia oso egoera txarrean geratu zen. Ekoizpenak behera

egin zuten, inflexioa gertatu zen eta zor handia zegoen. Frankismoaren helburua autarkia

ekonomikoa lortzea izan zen, testuan ikusi daitekeen moduan. Francok, isolamenduari aurre

egin nahirik, Espainia produktu arrotzen inportaziotik askatu nahi zuela ikusi dugu testuan.

Horretarako estatuak ekonomian esku hartu zuen eta zenbait neurri hartu zituen. Hasteko,

politika protekzionista abiarazi zuen, eta kanpo merkataritza eta salmentak kontrolatu zituen.

Bigarrenik, industria bultzatu zuen, enpresak nazionalizatuz (komunikabideen alorrean batez

ere, IND adibidez) eta enpresa industrialak sortuz. Horretarako, aztergai dugun legea argitaratu

zuen. Eta hirugarrenik, nekazaritzako prezioak eta kontsumoa arautu zituen. Horren ondorioz,

oinarrizko produktuen errazionamendua ezarri zen, 1939tik 1952ra arte, eta elikagai-eskasi

handia gertatu zen. Horren ondorioz, merkatu beltza sortu zen.Hala ere, testuan ikusi daiteken

moduan, erabateko autarkia finkatzea ezinezkoa izan zen, guk ez genituen hainbat produktu

inportatu behar izan zituztelako, adibidez janaria, petrolioa, lehengaiak, makineria …

Dena dela, estatuak abiarazitako neurrietako batek, industria garatzearen neurria,

alegia, funtsezkoa izan zen Espainiako ekonomian. Estatuak esku hartu eta neurri desberdinak

abiarazi zituen. Zenbait enpresa nazionalizatu zituen, hala nola, RENFE, IBERIA eta AVIACO

komunikabideak; enpresa asko sortu zituen eta aztergai dugun legearen bidez industria asko

bultzatu zituen, esate baterako, ENSIDESA (siderurgia), ENDESA (energia elektrikoa), BAZAN

(ontzigintza), PEGASO (garraiobideen eraikuntza), SEAT (garraiobideen eraikuntza) eta

HUNOSA (meatzaritza).


Entradas relacionadas: