Marxismoaren Oinarriak: Ekonomia, Alienazioa, Iraultza eta Gizarte Komunista
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en vasco con un tamaño de 7,79 KB
Egitura Ekonomikoa eta Gainegitura
Gizartearen egitura ekonomikoa gizartearen oinarri erreala da, zeinaren gainean eraikitzen baita gainegitura legala eta politikoa. Egitura ekonomikoak (batez ere produkzio-harremanek) eta gizarteko beste instituzioek (gehienbat politikoek eta legalek) gainegitura edo superegitura izendapena hartzen dute. Produkzio-modu jakin bateko harreman ez-ekonomikoak eta instituzioak, produkzio-harremanen izaerari dagozkio eta haren bidez azaldu behar dira. Zehazki, produkzio-indarren garapen mailak determinatzen du existitzen diren gainegiturako instituzio eta harremanen izaera. Ikuspuntu horren arabera, instituzio estatal, legal eta politikoak, oro har, bigarren mailakoak dira Marxentzat. Historia tradizionalak, zeinaren ardatzak baitaude estatu-, politika-, diplomazia-gaien eta auzi militarren inguruan, huts egiten du, produkzio-harremanen mailako garapenek hobeki azaltzen baitituzte gertaera politikoak beste faktoreek baino. Kultura ideien erresuma gainegituraren atal da: hau da, aro baten kontzientzia, gailentzen diren sineste eta balioak produkzio-harremanen izaeraren arabera azaldu behar dira.
Ekonomia-Alienazioa
Kapitalismoan lanak hartzen duen forma menderatzailea soldatapeko lanarena da: langileak eman behar dio kapitalistari bere jabetzapeko gauza bakarra, lana (edo zuzenago, lan-indarra). Trukean, kapitalistak ematen dio langileari soldata bat, bizirik irauteko beharrezkoak diren ondasunak erosteko. Lana (indarra) soldataz trukatzea harreman erabakigarria da kapitalismoan. Egoerak baldintzatzen du langilea lan alienatuko baldintza batera. Alienazioak esan nahi du, zentzu batean, bereizturik edo urrundurik egotea norberaren propietate edo atributu esentzialetatik, norberatasun errealetik. Soldatapeko langilea, kapitalistari bere lanaren gaineko aginpidea ematen, bereziki egin da bere giza gaitasun esentzialetik. Langileak saldu duena giza existentziaren esentzia da, lan egiteko gaitasuna. Jadanik ez da bere pertsona propioa, eta bere lan propioaren kontrolaz gabeturik, ezin daiteke erabat gizatiar izan. Marxentzat, egoera hau tragikoa da eta kondenatu egiten du langilea asmo eta burutzapen esanguratsutik gabeko bizitzara. Marxek deskribatzen du lanaren alienazioa lau alde edo momentuz osatua. Langilea bere produktutik bereizirik dago; langilea bereizirik dago lanaren prozesutik; hirugarrenik, langilea bereizirik dago bere espezie-izatetik, eta azkenik bere kide langilearengandik. Alienazioaren egitura laukoitz horren emaitza da kapitalismoko langileak bizitza zentzugabe eta huts bezala esperimentatzen duela, frustrazioz betea, eta gogobetegarri errealez gabetua.
Erlijio-Alienazioa
Eragin zuzena jaso zuen Marxek L. Feuerbachengandik erlijio-alienazioa zer den azaltzerakoan. Feuerbachek (1814-1872) Kristautasunaren esentzia argitaratu zuen 1841ean. Bertan zioen gizaki primitiboa autokontzientziara heltzen denean eta bere baitan murgiltzen denean sortzen dela erlijioa. Gizakia ohartzen da bakarra eta mugatua dela, eta mugagabea den giza espeziearen partaide dela. Mugagabea eta amaiezina den hori berengandik desberdina den zerbait bezala hautematen du eta Jainko deitzen dio. Horrela, gizakia bere kualitateez erantzi egiten da eta beste errealitate batean jartzen ditu. Jainkoa gizakiaren proiekzio hutsa da, bere aberastasun guztia harengan ipiniz. Erlijioa alienatutako gizakiaren nia da. Marxentzat, erlijioa ideologiaren formetako bat da. Erlijioak Estatuarekin batera egitura ekonomikoan gertatzen diren fenomenoak justifikatzen du eginkizun. Erlijioak miseria salatzen du, baina hor geratzen da zera esanez: mundu honetako miseria eta nahigabe guztiak beste munduan bukatuko dira. Hortaz, erlijioak etsipenera kondenatzen du gizakia, eta dagoena onartzera. Hitz batean, erlijioa lilurakeria baino ez da, gezurrezko askapena alegia. Hori adierazi nahirik, “erlijioa herriarentzako opioa” dela zioen esaera ospetsu egin zen.
Iraultza
Marxek pentsatzen zuen komunismoa sortuko zela proletalgoak egindako iraultzaren ondorioz, zeinek eraitsiko baitzuen klase kapitalista eta ezarri produkzio-harreman sozialistak. Iraultza hori gertatuko litzateke kapitalismoak gero eta zailago aurkituko duelako baldintza horietan birproduzitzea. Produkzio-indarren aurreranzko garapena trabatu egingo litzateke. Depresioak, enplegurik eza, eta kapitalismoaren beste nahaste eta ondorio txarrak sarriagoak gertatuko lirateke eta txartu egingo lituzkete proletalgoaren baldintzak. Aldi berean, langile-klasea, haren elementu militante eta erradikalagoek gidaturik, kapitalismoko bere alienazioa eta esplotazioaren izaera eta sistema aldatzeko aukerak ikustera iritsiko litzateke. Beraz, bi bektore elkarrerlazionatu horiek, birprodukzio kapitalistaren zailtasunek eta langile-klasearen gero eta izaera iraultzaileagoak talka egingo lukete eta iraultza bat gertatuko litzateke.
Gizarte Komunista
Kapitalismoaren ondoren, Marx ziur zegoen, produkzio-modu berri eta desberdin bat, komunismoa, etorriko zela. Komunismoa produkzio-modu berdingabea izango litzateke, zeren egiazko askatasuneko eta berdintasuneko gizartea izango balitzateke, alienazio, esplotazio edo klase-menderakuntzarik gabeko gizartea. Marxek bi garapen-estadioetatik igaroko den iraultza osteko gizarteaz hitz egiten du. Lehen estadioa, zeina batzuetan sozialismo gisa aipatzen baitu, igarobide bat bezala ikusten du: honetan, oraindik badago agintaritzaren baten beharra, langile-klasearen interesen alde arituko dena. Proletalgoaren diktadura-aldia izango da. Produkzio-bitartekoak sozializatu egingo dira, norbanako guztiak izatez langile bihurtuko, klasea ezabatu egingo da, eta esplotazioa amaitu egingo da. Produkzio-bitartekoak gehitu eta urritasuna gaindituz egiazko ugaritasuna lortzen denean, bigarren estadioa, komunismoa, iritsiko da, non autoritate- eta banaketa- auziak konponduko diren. Ondasunak eta aberastasuna eskuratzeko motibazioak ez du zentzurik izango aurrerantzean, Artearen eta lanaren arteko lerroa lausotu egingo da, nahigarria ez den lan beharrezkoa teknologia erabiltzearen bidez minimizatu egingo da, egiazko giza harremanak garatuko dira, zure beharraren eta nire beharraren arteko bereizkuntza jadanik ez da garrantzitsua izango. Komunismoan, beraz, giza gatazkaren oinarrizko iturburuak ezabatu egingo lirateke. Komunismoa zentzu horretan historiaren amaiera izango litzateke.
Marxismoaren Eragina
Marxismoaren enborretik adar desberdinak sortu ziren, bakoitzak eragin berezia izan duelarik:
- Anarkismoa: Bakuninek sortua eta Marxekiko desadostasun nagusia proletalgoaren diktaduraren arbuioan ipintzen duena, botere oro eta estatu oro kaltegarritzat dituelako, baita proletalgoarena ere.
- Sozialdemokrazia: Engelsek eta Kautskyk sortua, eta Bernstein-ek eraberritua, demokrazia eta sufragio unibertsala defenditzen ditu gizartea eraldatzeko.
- Leninismoa: Leninek sortua, iraultza armatua eta proletalgoaren diktadura defendituz marxismo iraultzailearen ordezkari bihurtu zen.
- Trotskismoa: Trotskyk sortua eta iraultza sozialista mundu osora zabaldu beharraren defendatzailea, herri bakar batek ez liokeelako luzaro eutsiko.
- Maoismoa: Maok sortua, eta iraultza kulturalaren defendatzailea iraultzaren ondoren geratuko diren kapitalismo indarrei aurre egiteko.
Horietatik bi norabide nagusitu dira historikoki:
- Iraultzailea, sozialismo erreala izeneko eredua ezarri zuena, zeinaren paradigma 1917ko sobietar iraultza izango litzatekeelarik eta marxismo-leninismo izenpean ezagutzen dena.
- Sozialdemokrazia, Marxen helburu nagusi berdintsuak lortu nahi zituena baina erreformen bitartez, sozialismo demokratiko edo gizatiar aurpegiko sozialismoa izenez ezagutua.