Magnitude elektrikoak eta korrontearen noranzkoa
Korrontearen noranzkoa
Korrontearen benetako noranzkoa: Elektroiak pilaren polo negatibotik irteten dira eta polo positiborantz doaz. Korrontearen noranzko konbentzionala, ordea, pilaren polo positibotik irten eta polo negatiborantz mugitzen da. Hau da hemendik aurrera erabili behar duzuna, nahiz eta jakin elektroiak kontrako noranzkoan mugitzen direla.
Magnitude elektrikoak
Magnitudea neur daitekeen oro da. Elektrizitateak 3 oinarrizko magnitude dauzka: erresistentzia, tentsioa eta intentsitatea.
Erresistentzia elektrikoa
Zirkuituko osagaiek korronte elektrikoari pasatzen uzteko ipintzen dioten zailtasuna da. Neurri-unitatea ohm-a da (omega letra). Erresistentzia handiko osagaiek pasa daitekeen korronte kantitatea murrizten dute. Zirkuituetan parte hartzen duten elementu guztiek erresistentzia elektrikoa daukate; batzuetan txikia izatea interesatzen zaigu, beste batzuetan, berriz, handia. Erresistentzia ohmetro deritzon gailuekin neurtzen da, baina gehienetan multimetroa erabiltzen da.
Tentsio elektrikoa
Zirkuitu elektrikoa martxan ipintzeko sorgailu bat behar dugu. Sorgailuaren ezaugarri nagusia bere tentsio elektrikoa da, potentzial-diferentzia izena ere hartzen duena. Volt-etan neurtzen da. Sorgailu elektrikoak zenbat eta tentsio handiagoa izan, elektroiei bultzada handiagoa eman diezaieke zirkuitua zeharka dezaten. Tentsioa voltimetro izeneko gailuarekin neurtzen da, nahiz eta polimetroa erabiltzea praktikoagoa den.
Intentsitate elektrikoa
Gailu elektrikoek haietan zehar elektroi-kantitate handiaren higidurari esker funtzionatzen dute. Elektroien higidura honi korronte elektrikoa deitzen zaio. Korronte elektrikoa bi motatakoa izan daiteke:
- Korronte zuzena: elektroi-fluxuaren noranzkoa aldatzen ez denean.
- Korronte alternoa: elektroi-fluxuaren noranzkoa aldizka aldatzen denean.
Korronte elektrikoaren intentsitatea korrontea handia ala txikia den adierazten digun magnitudea da. Eroalearen sekziotik segundoko pasatzen den karga elektrikoaren kantitatea dela esanez definitu daiteke; bere neurri-unitatea anperea da.