Lan Harremanak: Gatazkak, Negoziazioa eta Enpresa Motak

Derecho6,36 KB

Lan-gatazkak: konponbideak eta negoziazioa

Lan-gatazka lan-harremanarekin zerikusia duen gairen batean enpresaburuaren eta langileen artean dagoen desadostasunaren ondorioz sortzen den lan-normaltasunaren haustura da.

Lan-gatazkak konpontzeko bide baketsuak

Lan-gatazka bat sortzean, enpresaburuak eta langileak adostasunera iristen saiatu behar dute (negoziazio zuzena). Lan-zuzenbideak gatazkak konpontzeko bitarteko baketsuak arautzen ditu, negoziazio bidez adostasuna lortzea ezinezkoa izan denean baliatzeko:

Adiskidetza
Adiskidetzaile baten bidez konponbidea bilatzen saiatzen dira. Haren zeregina ikuspegiak hurbiltzea da, baina irtenbideak eman gabe.
Bitartekotza
Bitartekariek aldeei laguntzen diete eta irtenbideak proposatzen dituzte, baina ez dira lotesleak; hots, ez dira nahitaez bete beharrekoak.
Arbitrajea
Arbitro batek esku hartzen du, arazoa ebazteko epai bat (laudoa) emanez. Laudoa nahitaez bete behar dute aldeek.

Lan-gatazkak konpontzeko bide ez-baketsuak

Lan-zuzenbideak gatazkak konpontzeko bitarteko ez-baketsuak ere arautzen ditu, hau da, presio egiteko neurriak. Hala, langileak greba-eskubidea gauza dezake, eta enpresaburuak ugazaben itxiera (lockout-a).

Greba

Konstituzioaren 28. artikuluan aitortutako oinarrizko eskubidea da. Haren helburua langileen interesak eta eskubideak defendatzea da, lan-jarduera geldituz. Lan-harremanak indarrean jarraitzen du, baina enpresaburuaren oinarrizko betebeharrak (soldata ordaintzea) eta langilearenak (lan egitea) eten egiten dira.

Enpresaburuari dagokio frogatzea greba egitean eskubide-abusurik egon den; esaterako, enpresari kalte larria eragin bazaio. Langileen ordezkariek enpresaburuari eta lan-agintaritzari eman behar diote greba-deialdiaren berri, idatziz, hasi baino 5 egun lehenago (zerbitzu publikoei eragiten badie, 10 egun lehenago).

Oinarrizko zerbitzuetan greba egiten bada (adibidez, osasun-zerbitzuetan), Gobernuak gutxieneko zerbitzuak ezar ditzake, nahitaez bete beharrekoak. Zerbitzu horiek egiteko izendatutako langileek ezin dute ezezkorik eman; hala eginez gero, kaleratzeko arrazoia izan daiteke.

Ugazabaren itxiera (lockout-a)

Enpresaburuaren ekimenez, lanaren etendura kolektiboa eta lantokiaren aldi baterako itxiera da. Salbuespenezko neurria da.

Enpresaburuak ugazabaren itxiera adostu dezake kasu hauetan:

  • Greba.
  • Pertsonengan eta ondasunetan kalte larria eragiteko indarkeria-arriskua.
  • Lantokiaren legez kontrako okupazioa.
  • Langileak lanera ez etortzeko edo lan-irregulartasunak sortzeko arriskua, ohiko ekoizpen-prozesua modu larrian oztopatzea dakarrena.

Ugazabaren itxierak grebak eragiten dituen ondorio berak ditu.

Negoziazioa eta negoziazio kolektiboa

Negoziazioa helburu bat lortzeko modu bat da, hura lortzea norberaren mende soilik ez dagoenean erabiltzen dena; hots, beste pertsona batzuekin harremanetan jartzea beharrezkoa denean.

Negoziazio arrakastatsu baten ezaugarriak

Negoziazioa arrakastatsua izateko, ezaugarri hauek izan behar ditu:

Komunikazio ona
Aldeen arteko elkarrizketa funtsezko alderdia da.
Malgutasuna
Aldeek prest egon behar dute hasierako jarrera batzuetan amore emateko.
Zintzotasunez jokatzea
Zuzentasunez eta asmo onez jokatzea.
Arrazoibidez jokatzea
Ezinezkoak diren proposamenik ez egitea.
Adostasunaren beharraz jabetzea
Konponbiderik okerrena adostasunik eza dela ohartzea.

Negoziazio kolektiboa eta hitzarmen kolektiboa

Negoziazio kolektiboa langileek eta haien ordezkariek enpresaburuekin eta enpresaburuen elkarteekin hitzarmen kolektiboa nolakoa izango den erabakitzeko egiten duten negoziazioa da.

Negoziazio kolektiboaren ondorioa hitzarmen kolektiboa da. Hitzarmen kolektiboa enpresa bateko, enpresa-talde bateko edo sektore bateko enpresen eta langileen arteko akordio baten ondorioz sortzen den araua da, eta lan-harremanak arautzen ditu.

Hitzarmen kolektiboaren aplikazio-eremuak

Enpresa-eremua edo lantoki-eremua
Kasu honetan, hitzarmen kolektiboa enpresa edo lantoki zehatz batean baino ez da aplikatzen.
Geografia-eremua
Hitzarmen kolektiboa aplika daitekeen lekuari dagokio: nazio-eremua, autonomia-erkidegoko eremua, probintzia arteko eremua...
Jarduera-eremua
Eremu hori lan-sektore zehatz bati dagokio; adibidez, metalaren hitzarmena.
Pertsona-eremua
Aplikatu ahal zaien langileei dagokie; adibidez, kategoria zehatz bateko langileei (lantegi-buruei).
Denbora-eremua
Hitzarmenaren iraupenari dagokio. Argi geratu behar da hitzarmen bat amaitzeko salatu egin behar dela; bestela, urtez urte luzatuko da.

Enpresen sailkapena

Enpresak hainbat irizpideren arabera sailka daitezke:

Neurriaren arabera

  • Mikroenpresak
  • Enpresa txikiak
  • Enpresa ertainak
  • Enpresa handiak

Jardueraren arabera (sektorea)

  • Lehen sektorea: naturaren baliabideak zuzenean lortzen dituztenak.
  • Bigarren sektorea: lehengaiak eraldatzen dituztenak (industria).
  • Hirugarren sektorea: zerbitzuak eskaintzen dituztenak edo produktuak eraldatu gabe saltzen dituztenak.

Eremu geografikoaren arabera

  • Tokikoak (herri edo hirikoak)
  • Eskualdekoak
  • Nazionalak
  • Nazioartekoak
  • Multinazionalak (filialak dituztenak)

Etekinen helburuaren arabera

  • Irabazi-asmoa dutenak
  • Irabazi-asmoa ez dutenak

Kapitalaren jabetzaren arabera

  • Pribatuak: kapitala partikularrena da.
  • Publikoak: kapitala estatuarena edo erakunde publikoena da.
  • Mistoak: kapitala estatuak eta partikularrek partekatzen dute.

Forma juridikoaren arabera

  • Banakakoak: jabe bakarra dute (nortasun fisikoa).
  • Sozietateak: hainbat bazkidek osatutako enpresak dira.

Descargar

PDF Word HTML