Krisi Finantzarioaren Ondorioak Europan
Bai Austrian, bai Alemanian, banku-sistemak kanpo-zor handiak zituzten. 1931ko maiatzean, Austriako bankurik handienak, Creditanstaltek, porrota izan zuen; horrek izua sortu zuen eta herritarrak beren dirua ateratzen hasi ziren.
Kanpo-zorren eragina herrialdeetan
- Erresuma Batua. Hasieran, krisia ez zela hain indartsua zirudien, nahiz eta kapitalen aberriratzearen ondorioak agerikoak izan. Baina Creditanstalt bankuak porrot egin zuenean, kreditu-instituzioetan eragina izan zuen, bertan Britainia Handiko kapital asko baitzegoen inbertituta. Egoera horri eutsi ezinik, gobernuak neurri garrantzitsu bat hartu zuen: urre-patroia uztea (1931n); beste hogeita hamar diruri eragin zien neurri horrek.
- Frantzia. Frantzian krisia ez zen hain sakona izan, eta berantiarragoa izan zen. Oraindik ere urre-erreserba dezente zituen, eta ez zuen gainerako herrialdeek adinako mendekotasun finantzariorik. Baina Erresuma Batuak urre-patroia utzi zuenean eta libera debaluatu zenean, Frantziako prezioak jada ez ziren hain lehiakorrak.
Nazioarteko krisi finantzarioak sortutako bankuen porrotek diru-sistema osoan izan zuten eragina; horregatik esan daiteke gutxi edo gehiago munduko ekonomia guztiek pairatu zituztela krisi horren ondorioak.
3.6 Krisiaren ondorio sozialak
Ekonomia kapitalistek ez zuten inoiz izan halako atzeraldirik. Baina are izugarriagoak izan ziren haren ondorio sozialak, bai herrialde industrializatuetan, bai gutxien garatutako herrialdeetan.
Langabezia eta Miseria
1932an 30 milioi langabe inguru zeuden herrialde industrializatuetan: 12 milioi Estatu Batuetan, 6 milioitik gora Alemanian eta 2 milioi baino gehiago Erresuma Batuan. Kopuru horiek inoiz izandako altuenak ziren; krisiaren aurretik, herrialde horien langabezia-tasak baxuak ziren, baina garai hartan, izugarri hazi ziren.
Miseria eta gosea pairatzeko beldurra hedatu ziren; bereziki, langileen eta nekazarien artean. Erdi-mailako klaseak ere proletario bihurtzeko beldur ziren; hau da, bizi-maila eta aurrezkiak galdu eta gizarte-maila apalago batera -industria-langileen mailara- igarotzeko beldur. Aberatsen eta pobreen artean alde izugarria sortu zen, gizartean erresumina areagotu zen eta polarizazio politiko handia sortu zen Eropan.
vasco con un tamaño de 2,3 KB