Kanten Ilustrazioa: Arrazoia, Askatasuna eta Adingabetasuna
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en
vasco con un tamaño de 2,6 KB
Adingabetasuna
Gizateriak Ilustrazioaren aurretik zuen egoera da, gidaritza edo tutoreen menpekoa. Adingabetasunak besteren gidaritzarik gabe norberaren arrazoiaz baliatzeko ezintasuna esan nahi du. Kanten arabera, gizakia bera da egoera horren errudun, koldarkerian eta alferkeria erosoetan jausi baita. Arrazoiak bakarrik gida dezake gizakia betetasunera eta nagusitasunera; horregatik, gizakiak adingabe dirau arrazoiaren erabilera kritiko eta autonomoaren bidea hartzen ez duen bitartean.
Ilustrazioa
18. mendeko aldaketa ekonomiko eta sozialekin batera zabaldu zen mugimendu ideologiko-kulturalaren definizio onena, agian, Kantek berak emandakoa da: gizakia bere erruz jasaten duen adingabetasunetik irtetea. Argitzeak nork bere kabuz eta era autonomoan pentsatzen ausartzea esan nahi du, hots, arrazoia tutoretza orotatik aske erabiltzea, inposaketa intelektual, erlijioso edo praktiko orotatik aske. Erdi Aroko obskurantismotik irteteko, aurreiritziak, sineskeriak eta autoritatean oinarritutako irizpideak gainditzeko, ezinbesteko bi baldintza daude:
- Arrazoia erabiltzeko askatasuna: adierazpen askatasuna.
- Adorea: tutoretza arrotzetatik askatzeko eta norbere adimenaz baliatzeko gaitasuna.
Arrazoia
Gizakion berezko dohain naturala eta gaitasuna da. Arrazoiak bi erabilera ditu:
Erabilera teorikoa
Gizakiak gauzak zer-nolakoak diren jakin dezake.
Erabilera praktikoa
Gizakiei beren jokaera gidatzeko aukera ematen die. "Zer egin behar dut?" galderari erantzuten dio.
Arrazoiaren erabilerak
Erabilera publikoa
Erabilera librea esan nahi du, adingabetasunaren uztarritik askatutakoa. Nork bere kabuz pentsatzea, tutore edo gidaritza arrotzetik libre. Hertsiago, arrazoiaren erabilera publikoa iritzi edo adierazpen askatasunean gauzatzen da.
Erabilera pribatua
Hiritar bakoitzari dagokion rol edo eginkizun soziala betetzean datza. Estatuak eta komunitateak ordenan funtzionatzea eta interes publikoko xedeak betetzea dira helburuak. Kanten arabera, askatasuna murrizteak ez dio inolako oztoporik jartzen Ilustrazioaren garapenari.
Askatasuna
Kanten arabera, Ilustraziorako ezinbesteko baldintza da. Ez da mugagabea; arrazoiaren erabilera publikoa egiteko askatasuna da, hots, pentsatzeko eta adierazteko askatasuna. Gizakiak askatasuna behar du bere kabuz pentsatzeko. Iraultza politikoak edo ekonomikoak ez du pentsaera erraz aldatuko; bai, ordea, arrazoiaren erabilera publikoaren askatasunak, horrek atera dezake gizakia bere erruz adingabetasunetik.