Kant: Arrazonalismoa, Enpirismoa eta Ilustrazioa

Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en vasco con un tamaño de 7,6 KB

Razionalismoa eta enpirismoa Kantengan

Kanten aurretik, filosofoak bi taldetan banatzen ziren: arrazonalistak eta enpiristak; epistemologiak bereizten ditu biak. Arrazonalismoarentzat, ezagutza guztiak adimenetik eratortzen dira, hau da, jatorrizkoak dira eta ez dira esperientziatik sortzen; a priori lortzen dira. Enpirismoarentzat, ordea, ezagutza oro esperientziatik eratortzen da, hau da, datu sentigarriei esker eskuratzen da. Adimena, datu sentigarriak eskuratu aurretik, tabula rasa edo hutsik dagoen arbel baten modukoa da. Ezagutza guztiak a posteriori lortzen dira.

Pentsamolde kantiarrak arrazonalismoa eta enpirismoa gainditzen ditu. Gure ezagutza guztiek esperientzia dute abiapuntu. Denboran, beraz, gure ezagutzak ez dira esperientziaren aurrekoak, eta esperientziarekin hasten dira. Enpiristen jarrera kritikatuz, honakoa dio Kantek: “egia bada ere gure ezagutza guztiek esperientzian dutela hasiera, denak ez dira esperientziatik eratortzen”.

Horrela, filosofia kantiarrak, kritizismoaren bidez, jarrera arrazonalistaren eta enpiristaren arteko antagonismoa gainditzen du, jarrera bakoitzetik alde positibiena hartuz. Bestetik, pentsalari alemaniarraren garaian, metafisika gainbeheran dago matematikaren, fisikaren eta beste zientzien garapenagatik. Kant zientzia horiek nola garatu diren aztertzen ahalegintzen da, zientzia horietan eginikoa metafisikan aplika daitekeen ikusteko. Hori dela eta, filosofia kantiarrak Aristotelesen tradizioari jarraitzen dio zientziak ezagutza unibertsala eta beharrezkoa izan behar duela dioenean, eta ondorio honetara iristen da: tradizio arrazonalistak eta enpiristak ez dute metafisika zientziatzat hartzea ahalbidetzen.

Horiek horrela, arrazonalismoari arrazoia emanez, adimenean izaera unibertsala duten zenbait eduki daudela dio Kantek, eta eduki horiek esperientziaren aurrekoak direla. Aldiz, enpirismoaren alde, a priori-zko eduki horiek esperientzian aplikatu behar direla baieztatzen du Kantek.

Enpirismoaren ezaugarri nagusiak

Enpirismoarentzat ezagutza oro esperientziatik eratortzen da, datu sentigarriei esker eskuratzen da, eta adimena, datu sentigarriak eskuratu aurretik, tabula rasa edo hutsik dagoen arbel baten modukoa da. Ezagutza guztiak a posteriori lortzen dira. Enpirismoa XVII-XVIII. mendeetan Britainia Handian bereziki garatu zen filosofia-korrontea izan zen. Enpirismoaren aitzindariak Oxfordeko eskolan aritu ziren XIII. mendean, eta Locke, Berkeley eta Hume dira egile aipagarrienak. Enpirismoaren ezaugarri garrantzitsuenak honako hauek dira:

  • Esperientzia da ezagutzaren iturria: adimena esperientziaren edukien bitartez bete behar den “arbel huts” bat da, eta horregatik ukatzen ditu enpirismoak arrazonalismoak onartzen dituen jatorrizko ideiak.
  • Esperientzia bera da giza adimenaren muga: esperientziatik haratago joanez gero, probablea edo zalantzakorra denaren esparruan sartzen gara. Ezagutza oro ideien ezagutza da. Ezagutu, ideiak ezagutzen ditugu, eta ez gauzak. Alde horretatik, bat dator enpirismoa arrazonalismoarekin.
  • Arrazoia arrazoi kritikoa da: bere mugak eta posibilitateak aztertzen ditu, eta eduki metafisikoak, arrazoiaren mugetatik kanpo daudenez, ezagutezinak dira.

Kant eta Ilustrazioa: Arrazoimenaren erabilera

Kant arrazoiaren erabilera publikoaz eta pribatuaz mintzo da bere idazlan batzuetan. Filosofia kantiarraren arabera, arrazoiaren erabilera publikoak askea izan behar du beti, eta erabilera pribatua, aldiz, mugatu egin behar da sarritan. Arrazoimenaren erabilera publikoa aditu den norbaitek irakurleriaren aurrean egiten duena da, eta erabilera pribatua, aldiz, hari dagokion funtzionario-postu edo kargu jakin batean zilegi zaiona. Hori guztia argitzeko, hiru adibide aipatzen ditu:

  • Armadako ofizialak bete egin behar du beti gainetik datorkion agindua (erabilera pribatua). Hala ere, aditu den aldetik, argudiatu dezake agindu horren helburuaz edo onuraz, eta akatsei buruzko iruzkinak egin ditzake publikoaren aurrean (erabilera publikoa).
  • Herrikideak ezin diezaioke uko egin zergak ordaintzeari (erabilera pribatua). Herrikide horrek ez dio bere betebeharrari huts egingo, aditu gisa, zerga horien bidegabekeriari buruzko gogoetak argitaratzen baditu (erabilera publikoa).
  • Apaizak ere egin behar du zerbitzatzen duen elizak agindutakoa, sinesbidearen arabera irakatsiz (erabilera pribatua). Hala ere, askatasuna eta eginkizuna du erlijioa eta eliza hobetzeko proposamenak aurkezteko (erabilera publikoa).

Arauak bete ezean, armada, gizartea edo apaizgoa uztea da duten aukera bakarra. Hala ere, arrazoiaren erabilera pribatuaren askatasunik ezak ez du Ilustrazioa galarazten.

Ilustrazioaren ezaugarri nagusiak

Arrazoi-eredu berria

  • Arrazoi enpirikoa eta analitikoa: enpirismoaren kritikaren ondoren eta zientziaren garapenari esker, esperimentua eta gertakariak nagusitzen dira, eta esperientziatik abiatzen da ezagutza zientifikoa.
  • Arrazoi kritikoa: arrazoiaren kanpoko aginpideen aurka eta arrazoiaren beraren autokritika.
  • Arrazoi autonomoa: arrazoia da gizakiaren gidari bakarra, ezagutza-arloan ez ezik, baita arlo publiko nahiz pribatuan ere.

Aurrerapena

Aurrerapen zientifiko-teknikoen munduari buruzko ikuskera baikorra ematen diete. Kontratu sozialari buruzko teoriak hedatzen badira ere, soilik bakar batzuek aldezten dituzte ideia demokratikoak eta berdinzaleak.

Erlijio arrazoiduna

Ilustratuek erlijioaren interpretazio arrazionala egiten dute: gizakiak ezin du Jainkoa, sortzailea eta ordenatzailea ezagutu, eta Jainkoa berbera da erlijio guztietan. Ez dute errebelazioa onartzen, ezta mirariak ere, antinaturalak eta irrazionalak direlako (deismoa).

Tolerantzia

Ilustrazioak gizartean erreformaren eta tolerantziaren alde jokatzen badu ere, politikoki kontserbadorea dela esan daiteke. Kontratu sozialari buruzko teoriak hedatzen badira ere, soilik bakar batzuek aldezten dituzte ideia demokratikoak eta berdinzaleak.

Askatasuna

Kantentzat printzipio garrantzitsuenetakoa da. Pentsamendu askea eta adierazpen-askatasuna ezinbesteko baldintzak dira arrazoiaren erabilera publikoa ahalbidetzeko. Arrazoiaren erabilera publikoa kritikaren jarduera da. Askatasunaren bidez gizakiek burujabetasuna lortzen dute, baita adin-nagusitasuna ere, eta mesedegarri da hori gizadiaren aurrerapenerako. Aztergai den testuan, Kant batik bat erlijio-askatasunaz mintzo da, eta erlijio-inposizioari “tutoretzarik kaltegarriena eta duingabeena” deitzen dio. Kanten arabera, erregeak herritarren erabakiak errespetatu behar ditu erlijio-kontuetan, eta legeak hobetzeko proposamen arrazoituak onartu behar ditu.

Naturala

Natura kontzeptua indar berriarekin agertzen da Ilustrazioaren pentsamenduan. Zuzenbide naturalaz, erlijio naturalaz... arlo guztietan, arrazoi ilustratuak dena naturala bilakatzen du, naturaz gaindikoari kontrajartzeko. Zientziak munduaren Jainkoarekiko autonomia baieztatu zuenez geroztik, natura izango da arrazoiak daukan erreferentzia berria. Mundu fisikoan, Newtonen eredua onartzen du; eredu horren arabera, lege naturalek zuzentzen dituzte fenomeno guztiak, determinismo hertsian. Aldiz, mundu gizatiarrean, ageriko araurik ezean, gizakiek askatasunez jokatzea da naturala. Horrela, ezkontzak, jaiotzak eta heriotzak arauz kanpokoak iruditu arren, lege natural konstanteen arabera gertatzen dira.

Entradas relacionadas: