Italia faxistaren sorrera eta krisi politikoa

Enviado por Aitortxu y clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 2,73 KB

Italia faxista

Italiako erregimen liberalaren krisia

Gerra amaitzean, ondorio ekonomiko eta sozial larriak izan ziren Italian. Soldaduak desmobilizatu zirenean, langabeen kopurua bi milioira iritsi zen, eta inflazioa izugarri hazi zen: 1919an, bizitzaren kostua 1913koa baino lau aldiz handiagoa zen.

Italian hainbat langileen greba izan ziren: soldatak igotzea eta lanaldia zortzi ordura murriztea eskatzen zuten. Gainera, nekazari pobreen ligen altxamendu ugari izan zen: latifundioak desegitea eta lurrak banatzea eskatzen zuten.

Gizarte-ezegonkortasuna eta iraultza-beldurra

1919an eta 1920an, grebak eta joera iraultzailea hedatu egin ziren, eta fabrikak eta lurrak okupatu zituzten. Enpresari eta lur-jabe handiak, bai eta erdi-mailako klaseko sektore zabal batzuk ere, beldurtuta zeuden, iraultza boltxebikearen antzeko iraultza sor zitekeela uste baitzuten. Baina mobilizazioek porrot egin zuten, banaketak sortu baitziren sozialista erreformisten eta iraultzaileen artean.

Krisi politikoa eta parlamentarismoaren ahultzea

Gizarte-krisi horrekin batera, krisi politiko sakona zegoen. Gerraren ondorioz, monarkia liberal eta parlamentarioaren eta alderdi tradizionalen sistemaren krisia sortu zen. 1913an, gizonezkoen sufragio unibertsala ezarri zen, eta horrek masa-alderdien hazkunde handia sortu zuen. Alderdi liberalek babesa galdu zuten, eta popularrekin bat egin zuten, baita nazionalistekin eta faxistekin ere, guztien etsaiari –sozialistak– aurre egiteko; horrenbestez, sozialistak gobernutik kanpo geratu ziren.

Alderdi Sozialistaren zatiketa

Italiako Alderdi Sozialistak ez zuen lortu langile-masak batzea, desadostasunak baitzeuden bi joeren artean:

  • Erreformistak: Parlamentuan ezkerreko talde liberalekin lankidetzan aritzearen aldekoak ziren.
  • Maximalistak: Iraultzaren aldekoak ziren.

Bi joera horien arteko haustura areagotu egin zen 1920ko mugimendu iraultzaileak porrota izan zuenean; 1921ean, joera maximalistakoek Italiako Alderdi Komunista eratu zuten.

Nazionalismoa eta frustrazioa

Ezegonkortasunaz gain, Italian frustrazio-sentimendua zegoen Lehen Mundu Gerraren emaitzak zirela-eta. Italia aliatuekin batera borrokatu zen, baina gainerako herrialde aliatuek ez zuten bete Italiari agindutakoa. Horrek nazionalisten sumindura sortu zuen, eta Fiumeko lurraldeak eskatu zituzten, hori baitzen haien helburua. Gabriele D'Annunzio poetak, bere soldadu talde batekin –arditi– eta armadako matxinatutako unitate batzuekin, hiri hori okupatu zuen; azkenean, Italiako gobernuak lurralde hura uztera behartu zituen, indarrez.

Entradas relacionadas: