Iparraldeko Idazleak: Argien Mendearen Oihartzunak

Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Lengua y literatura

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,79 KB

Argien Mendea deitu ohi zaio XVIII. mendeari, Ilustrazioaren garaia baita. Jakinmin orokorraren eta Entziklopediaren saioa dugu. Montesquieu, Voltaire, Diderot, Rousseau, D'Alembert eta beste pentsalari batzuen ideiak Frantziara eta Europa osora hedatuko dira mendean zehar, gizabanakoaren balioa azpimarratuz, zientzia eta teknikaren ahalmenean sinetsiz.

Mendea, bestalde, gorabehera handikoa suertatu zen. Iparraldeko gizarteak astindu galanta izango du: gerrak eta liskarrak alde batetik, fueruen deuseztapena bestetik eta, azkenera orduko, estatu frantses berriaren antolamendu bateratua ezarriko zaie hiru probintziei Frantziako Iraultzaren ondorioz (1789).

Hala ere, ideia berriok gutxitan izango dute oihartzuna Iparraldeko euskal idazleen artean. Argitaratzen diren obrarik gehienak elizgizonak moldatuak ditugu eta ortodoxia erlijiosoaren betiko ildotik ari dira. Zenbait agiritan eta bertsotan bada, ordea, gauza bitxi eta ez ohizkorik.

Sebastián Mendiburu (1709-1782)

Oiartzunen jaioa, 17 urterekin jesuita sartu zen. Ikasketak burutu orduko, Iruñea aldera jo zuen eta bertan bizi izan zen. Han, teologia eta filosofia irakasle izan zen, baina denborarik gehiena herriz herri hitzaldiak emanez igaro zuen. Kardaberaz bezala, Bolonian hil zen.

Bere idazlanak:

  • Jesusen bihotzaren debozio (1747)
  • Jesusen amore-nekei dagozten zenbait otoitz-gai (1759-60)
  • Euskaldun onaren biziera (1762)

Idazlanen ezaugarriak:

  • Jesusen bihotzarekiko zaletasuna hedatzea zen bere helbururik nagusiena.
  • Bere euskara erabat landua da.
  • Dotorea da, estilista, garbizalea, baina barregarrikerietan erori gabe.
  • Hain ongi hitz egiten zuen ezen "Zizeron euskalduna" deitua izan den.

Manuel Larramendi (1690-1766)

Andoainen jaioa, 17 urterekin jesuitetan sartu zen. Ikasketak Valladoliden eta Salamankan egin zituen. Salamankan bertan irakasle izan zen, baita Karlos II.a erregearen alargunaren aitorle ere. 1733tik bere heriotzera arte Loiolan bizi izan zen.

Jenioz bizia eta alaia. Burrukatzaile eta zirikatzaile etxekoekin eta, zer esanik ez, kanpokoekin, erdaldunekin; batez ere euskara mesprezatzen zutenekin.

Euskaraz oso gutxi idatzi zuen; erdaraz egin zuen euskararen alde; haatik, erdaraz eginiko liburuez hemengo gizon eskolatuak euskaraz idaztera bultzatu zituen. Euskal idazleen eskola bat eratu zuela esan dezakegu.

Bere obrak:

  • De la antiguedad y universalidad del bascuence en España (1728): euskararen apologia sutsua da. Haren ustez, euskara Babeleko hizkuntzen nahasmenduan sortutako hizkuntza da; euskara da hizkuntza bikaina, razionala eta filosofikoa.
  • El imposible vencido (1729): euskararen lehen gramatika dugu obra hau; deklinabidea, aditz-jokabidea, joskera, azentua eta olerkiak dira ukitzen dituen gaiak.
  • Diccionario trilingua del Castellano, Bascuence y Latin (1745): bere lanik erraldoiena, bi tomotan egina; hitzaurrean, euskararen apologia luze bat egiten du; hiztegian, lehen gaztelerazko hitza dator, gero, euskarazkoa eta, azkenik, latinezkoa; euskarazko hitz egokirik aurkitzen ez duenean, neologismoak asmatzen ditu, noizbehinka etimologia bitxiak tartekatuz.
  • Corografia o descripcion general de la M.N. y M.L. provincia de Guipuzcoa: XVIII. mendeko Gipuzkoaren deskripzioa da; egilea hil ondoren Aita Fitak argitaratu zuen.

Ezaugarriak:

  • Bidasoaz hemendiko euskal literatura nolabait sortu eta bultzatu zuena izan zen.
  • Larramendiren asmoa, erdal jakintsuen aurrean euskara beste edozein hizkuntza bezain landua eta goimailako zela azaltzea izan zen.
  • XVIII. eta XIX. mendeetan azaltzen diren idazleak Larramendirengan sustraitzen dira, haren kutsua daramate.

Entradas relacionadas: