Informazio-Askatasuna eta Ohore, Intimitate zein Irudi Eskubideak
Enviado por Chuletator online y clasificado en Formación y Orientación Laboral
Escrito el en
vasco con un tamaño de 13,34 KB
Zentsura eta informazio-bahiketa: aldeak
Zentsuraren eta informazioaren bahiketaren arteko desberdintasun juridikoak eta bahiketaren betekizunak. Espainiako Konstituzioaren 20.5 artikuluak ezartzen duenaren arabera, informazio-bide, argitalpen edo grabazio baten bahiketa epailearen ebazpen judizial bidez soilik egin daiteke; Administrazioak ezin du bere kabuz halakorik ezarri (salbuespen-egoeretan izan ezik). Bahiketa ez da hedabide baten itxiera orokorra, mezu edo eduki zehatz baten aurkako neurri proportzionala baizik, eta prozedura judizial baten baitan planteatu behar da. Administrazioak, oro har, ezin du informazioaren hedapena galarazi, nahiz eta 14/2019 Errege Lege-Dekretuak edo segurtasun-arrazoiek (EBko erregelamenduen bidez) salbuespenak baimentzen dituzten, betiere GEEAren jurisprudentzia errespetatuz; izan ere, GEEAk (2015, 2022) ohartarazi du ez dela onargarria hedabide edo plataforma osoen (YouTube, Google) blokeo orokorra. Bahiketa judiziala kautelazko neurri bat da, behin-behinekoa eta berrikusgarria, eta lege organiko batek berariaz baimendu behar du. Zentsuraren eta bahiketaren arteko bereizketa funtsezkoa da: zentsura Administrazioak edo Gobernuak ezartzen duenean debekatuta dagoen bitartean (EK 20.2), epaileek hartutako neurri murriztaileak onargarriak dira baldin eta prozedura judizial batean kokatzen badira, interesdunaren eskaera badute, eta ondare zein eskubide konstituzionalak (ohorea, intimitatea, etab.) babestea badute helburu. Neurri hauek ezin dira izan orokorrak, iraunkorrak, ezta etorkizuneko gertakari hipotetikoetan oinarrituak ere. Azkenik, funtzionario batek legean aurreikusitako kasuetatik kanpo bahiketa bat gauzatzen badu, Zigor Kodearen 538. artikuluaren arabera delitu gisa zigortuko da.
Eskubideen etendura ezohiko egoeretan
Etendura orokorra: alarma, salbuespen eta setio-egoerek informazio-askatasunetan duten eragina. Konstituzioak krisi-garaietarako aurreikusitako alarma, salbuespen eta setio-egoerek oinarrizko eskubideak modulatu, murriztu edo eten ditzakete, 4/1981 Lege Organikoaren babesean eta proportzionaltasun- zein denboratasun-printzipioak errespetatuz. Alarma-egoeran, katastrofe edo osasun-krisiei aurre egiteko, oinarrizko eskubideak ezin dira eten, baina murriztu daitezke; horrek hedabideei eta kazetarien jardunari eragin diezaieke, COVID-19aren garaian ikusi zen bezala. Salbuespen- eta setio-egoeretan, ordea, informazio-askatasunari lotutako hainbat eskubide (20.1.a, 20.1.d eta 20.5 art.) eten daitezke, betiere sormen-askatasuna eta katedra-askatasuna errespetatuz. Egoera horietan, aurretiazko zentsura debekatuta egon arren, hedabideen bahiketa Administrazioak zuzenean eta epailearen baimenik gabe egin dezake, eta mota guztietako emisioak zein argitalpenak eten daitezke.
Ohorerako eskubidea eta haren titularrak
Erregimen konstituzional-juridikoa, kontzeptuak eta titular diren subjektuak. Ohorerako eskubideari buruz. Ohorerako, intimitaterako eta norberaren irudirako eskubideak Espainiako Konstituzioaren 18. artikuluan jasotako oinarrizko eskubideak dira, eta Konstituzioaren 20.4 artikuluak informazio- eta adierazpen-askatasunaren mugatzat ezartzen ditu. Eskubide horien eta askatasunen arteko gatazkak haztapenaren printzipioaren bidez konpontzen dira, epaileek legedia eta Konstituzio Auzitegiaren zein Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren jurisprudentzia interpretatuz. Ohorerako eskubidea pertsonaren duintasunari, ospeari eta gizarteko ondra-mailari lotuta dago, eta ospe profesionala zein errugabetasun-presuntzioa barne hartzen ditu. Eskubide horren titularrak pertsona fisikoak, pertsona juridikoak (ospe profesionalaren babeserako) eta taldeak (etniak, arrazak, elkarteak) dira, erakunde publikoen kasuan prestigioaz edo agintaritza moralaz hitz egin ohi den bitartean. Azkenik, ohorerako eskubidea urratutzat jotzeko publikotasuna ezinbestekoa da, pertsona besteren aurrean umiliatua izan denean edo haren autoestimua erasotua izan denean gertatzen baita.
Demanda jartzeko subjektu legitimatuak
Ohoreari, intimitateari eta norberaren irudiari eragindako kalteengatik demanda jartzeko subjektu legitimatuak. Kalte-ordaina jasotzeko demanda jartzeko legitimazioa zuzenean esku-sartzea jasan duen pertsonari dagokio, baina kaltetua hiltzen bada, akzioa testamentuan izendatutako oinordekoarena da, pertsona juridikoa izan daitekeena. Izendapenik ez badago, legitimazioa bizirik dirauten ezkontide, ondorengo, aurreko eta anai-arreben esku geratzen da, ahaidetasun-gradu hurbilagokoen adostasuna beharrik gabe, eta horiek guztiak falta badira, Fiskaltzari dagokio akzioa aurkeztea, heriotzatik 80 urte igaro ez badira. Doktrinak nortasunaren eskubideak heriotzarekin iraungitzen direla dioen arren, Konstituzio Auzitegiak onartzen du oinordekoek hildakoaren ohorerako eskubidea defenda dezaketela. Intimitaterako eskubidearen kasuan, ordea, babesa heriotzarekin desagertzen da, eta norberaren irudiaren kasuan, ondarezko edukia iraungitu egiten da subjektua hiltzean. 2010etik, zigor-epai irmo bidez kondenatutakoak delitua etekin ekonomikoa edo nabarmentasun publikoa lortzeko erabiltzen duenean, kaltetua zein Fiskaltza balia daitezke akzioaz, heriotzaren kasuan arau berberak aplikatuz. Azkenik, adingabe edo ezgaitasuna duten pertsonen kasuan, legezko ordezkariek aurkezten dituzte demandak, eta 1/1996 Lege Organikoak berariaz babesten ditu adingabeen irudia eta izena, baita baimena egonda ere interesen aurkakoa denean; kasu horietan Fiskaltzak ere jardun dezake. Adingabearen aurkako informazioaren aurkako akzioa hura adinekoa denean ere aurkez daiteke, fiskalen jarduerarako instrukzio zehatzak daudelarik.
Irudi-eskubidearen salbuespenak legean
Norberaren irudirako justifikazio-arrazoi zehatzak 1/1982 Lege Organikoan. 1/1982 Lege Organikoaren 8.2 artikuluak norberaren irudirako eskubidearen aurkako esku-sartzetzat joko ez diren salbuespenak aurreikusten ditu:
- Pertsona publikoen edo kargu publikoen irudiak ekitaldi publikoetan edo leku irekietan jasotzea eta argitaratzea, betiere irudi horiek interes orokorreko eztabaida publikorako balio badute.
- Gizarte-usadioekin bat datozen karikaturak erabiltzea.
- Gertaera publiko baten informazio grafikoan pertsona baten irudia bigarren mailan agertzea.
Salbuespen horiek ez zaizkie aplikatzen beren eginkizunengatik anonimoak izan behar duten pertsonei (adibidez, polizia batzuei). Gainera, auzitegiek beste irizpide batzuk ere kontuan hartzen dituzte, hala nola irudia informazio-askatasunerako lagungarria izatea, irudiztatzeko eskubidea, edo publizitate-interes falta, besteak beste. Azkenik, 4/2015 Lege Organikoak segurtasun-indarren irudien erabilerari buruzko zehapenak aurreikusten ditu, KAE 172/2020 epaiak aztertu zituenak.
Kalte-ordainak baloratzeko irizpideak
Ohorea, intimitatea eta norberaren irudiaren babesa: kalte-ordaina baloratzeko irizpideak. Bidegabeko esku-sartzea egiaztatzen denean kaltea existitzen dela jotzen da automatikoki, eta 1/1982 Lege Organikoaren 9.3 artikuluaren arabera, kalte-ordaina zehazteko irizpideak honako hauek dira: kalte-ordainak kalte materialak zein moralak estaltzen ditu, azken horien barruan faktore ekonomikoak (kreditua edo bezeroak galtzea) eta zentzu hertsian moralak (tristura, ezinegona edo larritasuna) sartuz. Balorazioa kasuaren inguruabarren eta kaltearen larritasunaren araberakoa da, hala nola kaltetuaren aurretiazko probokazioa, albistearen iraupena, nabarmentasuna eta hedabidearen entzuleriaren tamaina kontuan hartuz. Era berean, legeak esku-sartzearekin lortutako irabazia kaltetuari itzultzea bermatzen du, hedabideek informazio kaltegarrietatik etekin ekonomikoa atera ez dezaten; betiere, kalte-ordainak ezin du demandatzaileak eskatutako zenbatekoa gainditu. Kalte-ordainaren hartzailea kaltetu zuzena da, edo hura hiltzen bada, haren ezkontide, ondorengo, aurreko eta anai-arrebak, edo oinordekoak. Azkenik, atzerriko hedabide baten aurkako demanda zibila Espainian aurkez daiteke, baina Espainiako Estatuan eragindako kalteengatik soilik erreklamatu daiteke, informazioaren hedaduraren eta egilearen izen onaren arteko proportzionaltasuna zainduz.
Irain eta kalumnia mota bereziak
Kaltetutako subjektuen izaera dela-eta irain eta kalumnia mota bereziak. Espainiako Zigor Kodeak kargu gorenetako pertsonen (Erregea, Erregina edo haien oinordekoak) aurkako irainak edo kalumniak zigortzen ditu, irainaren larritasunaren arabera espetxe-zigorrak edo isun ekonomikoak ezarriz. Jurisprudentzia, ordea, eztabaidagarria izan da: GEEAtik adierazi denez, Erregearen aurkako adierazpenak iritzi politiko gisa babestuta egon daitezkeela (Otegiren kasuan bezala) eta Erregearen argazkia erretzea adierazpen-askatasunaren barruko protesta sinboliko bat dela, ez gorroto-diskurtsoa, Auzitegi Konstituzionalaren irizpidearen aurka. Bestalde, Gorte Nagusiak, Gobernua, Auzitegi Konstituzionala, Auzitegi Gorena edo autonomia-erkidegoetako gobernu-organoak eta segurtasun-indarrak iraintzea 12-18 hilabeteko isunekin zigortu daiteke. Azkenik, Poliziari errespetu falta erakustea, zigor penalik ez bada, administrazio-bidetik (4/2015 Legea) zigortzen da 100-600 euro arteko isunekin.
Adierazpen-askatasuna vs. ohorea
Auzitegiek adierazpen-askatasunaren eta ohorerako eskubidearen arteko gatazkak ebazteko erabiltzen dituzten irizpideak. Espainiako Konstituzioaren 20.1 artikuluak ideia, iritzi eta balorazioak adierazteko askatasuna babesten du, pero ez du estaltzen beste pertsona bat iraintzea helburu bakarra duen hizkera. Hala ere, auzitegiek onartzen dituzte zentsuragarriak izan daitezkeen terminoak, tonu garratzak edo kazetaritzaren deontologiaren ikuspuntutik kritikagarriak diren adierazpenak, baldin eta horiek estilo-baliabide edo kritika politiko eta publikoaren testuinguruan erabiltzen badira. Irainak edo adjektibo gogorrak (adibidez, "terrorista" edo "hiltzaile") babestuta egon daitezke baldin eta oinarri faktiko bat badute eta interes orokorreko eztabaida publikoan kokatzen badira, nahiz eta frogarik gabeko krimen larrien akusazioak ezin diren egin. Adierazpenak ezin dira isolatuan baloratu; testuinguru osoa aztertu behar da, umorearen, ironiaren eta adierazpenen zergatiaren garrantzia kontuan hartuta. Azkenik, adierazpenak egiteko egoerak ere eragina du: ahozko parte-hartzearen berotasunean, eztabaida politikoetan edo Interneteko foroetan egindako adierazpenek "gaitasun iraingarri" txikiagoa dute, giro lasaiago batean idatzitako testuekin alderatuta.
Informazio-askatasuna vs. intimitatea
Auzitegiek informazio-askatasunaren eta intimitaterako eskubidearen arteko gatazkak ebazteko erabiltzen dituzten irizpideak. Informazio-askatasunaren eta intimitaterako eskubidearen arteko gatazkan, epaitegiek "erreportaje neutralaren" teknika mugatzen dute, argitalpenak nabarmentasun publikoa izatea eskatuz. Intimitatearen babesak norberaren osasuna, bizitza afektiboa eta familia-harremanak hartzen ditu barne, eta garrantzirik gabeko datuak argitaratzeak intimitatea urratzen du. Auzitegi Gorenak eta GEEAk ezarritako doktrinaren arabera, informazioak interes orokorreko eztabaidara (politikoa, kriminala, kirolekoa, etab.) zerbait gaineratu behar du; jendearen kuriositate hutsak, prentsa arrosakoak kasu, ez du konstituzio-babesik. Lekua ez da faktore erabakigarria, eta pertsonaia publikoek beren bizitza pribatua babesteko "arrazoizko itxaropena" dute, baita espazio irekietan ere, baldin eta argitalpenak ez badu interes publikoko baliorik. Gatazka horiek ebazteko, kontuan hartu behar dira artikuluak gehitzen duena, pertsonaiaren garrantzia, kaltetutakoaren aurretiazko portaera, argitalpenaren modua eta irudiak lortzeko era (baimenik gabekoak edo ezkutukoak). Azkenik, pertsonaia publikoek, politika edo finantza-arlokoak izan arren, beren amodiozko bizitzarako eremu erreserbatua izateko eskubidea dute, baldin eta eurek borondatez ez badute eremu hori publiko egiten.
Informazio-askatasuna vs. irudi-eskubidea
Auzitegiek informazio-askatasunaren eta norberaren irudirako eskubidearen arteko gatazkak ebazteko erabiltzen dituzten irizpideak. Norberaren irudirako eskubidea babestuta dago eta ezin da baimenik gabe lortu, erreproduzitu edo argitaratu, lortzailearen helburua edozein dela ere. 1/1982 Lege Organikoaren (LO) 8.2 artikuluak salbuespenak aurreikusten dituen arren, jurisprudentziaren arabera, "jendaurrean zabalik dagoen tokiaren" irizpidea ez da nahikoa irudirako eskubidearen urraketa bat baztertzeko, ezta irizpide bakarra ere. Pertsonaia publikoen kasuan ere, irudiak eremu pertsonal edo pribatuan lortzen direnean (bidaia pribatuak edo lagun artekoak, adibidez), irudirako eskubidearen urraketa gertatzen da, batez ere argazkiak baimenik gabe edo paparazzi-en bidez lortzen direnean. GEEAk Carolina von Hannover v. Alemania (1) epaian ezarri zuen moduan, argitalpen batek irudirako eta bizitza pribaturako eskubideak gainditzeko, interes orokorreko eztabaidari zerbait gaineratu behar dio; aisialdi hutsak edo kuriositateak ez du oinarrizko eskubideen urraketarik justifikatzen. KAE 176/2013 eta KAE 19/2014 epaien arabera, jardun profesionaletik kanpoko eta familiako jarrerak islatzen dituzten argazkiak baimenik gabe argitaratzea urraketa da, baldin eta interes orokorreko ekarpena hutsa bada, eta kasu horietan 1/1982 LOren 8.2 artikulua intentsitate osoz aplikatu behar da irudirako eskubidea babesteko.