Industria-gizartearen sorrera: Klaseak eta gizarte-egitura

Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,35 KB

Klase-gizartearen sorrera eta goi-klaseak

Industria-gizartea klasetan banatuta zegoen; hau da, pertsonak beren ekonomia-egoeraren arabera bereizten ziren. Burgesia bihurtu zen klase nagusia, aristokraziak pribilegio gehienak galdu zituenean.

Legearen aurrean berdintasuna, baina desberdintasun soziala

Frantziako Iraultzak nobleziaren eta kleroaren pribilegioak abolitu zituen, eta monarkiaren Berrezarkuntzak ez zituen berrezarri. Industria-gizarte berriaren oinarria lege-berdintasuna zen: aurrerantzean, gizaseme orori lege berberak aplikatuko zitzaizkion eta denak auzitegi beretan epaituko zituzten. Halaber, kargu publikoetan jardun ahal izango zuten, merituen arabera, eta ez familia-jatorriaren arabera.

Hala ere, gizartean desberdintasunak nagusitzen ziren oraindik:

  • Emakumeak: Gizasemeen (aiten ala senarren) menpe zeuden, eta ez zitzaien eskubiderik aitortzen.
  • Ekonomia: Oso alde handia zegoen ondasunak zituztenen eta ondasunik ez zutenen artean.

Biztanleria gizarte-klasetan banatu zen, eta estamentuak desagertu ziren. Gizarte-klaseak aberastasunaren arabera bereizten dira, ez pribilegioen arabera, Antzinako Erregimenean bezala. Oro har, goi-klasea, erdiko klasea eta behe-klasea bereizten zirela esan daiteke.

Aristokraziaren gainbehera

Europako aristokraziak nolabaiteko nagusitasuna galdu zuen: nekazarien gaineko eskubide feudalak abolitu ziren, zergak ordaintzen hasi behar izan zuten eta lurrak saldu behar izan zituzten beren bizi-erritmoari eusteko. Aristokrata gehienek ez zuten enpresa-espiriturik eta ez zuten inbertitzen jakin negozio berrietan.

Hala ere, XX. mendea ondo aurreratu arte, aristokraten esku egon ziren politika, justizia, armada eta diplomaziako kargu onenak. Aristokrata pobretuen seme-alabek burges dirudunekin ezkontzea onartu behar izan zuten, beren bizimoduari eta ondareari eutsi ahal izateko; horrenbestez, burges askok noblezia-tituluak eskuratu zituzten.

Burgesiaren gorakada

XIX. mendean gertaturiko iraultza-boladen ondoren, burgesia industria-gizarte berriaren klase boteretsu bihurtu zen. Talde oso desberdinak hartzen zituen bere baitan: enpresaburuak, errentadunak, goi-funtzionarioak eta lanbide liberaletakoak (abokatuak, medikuak...).

Burgesak hirietako zabalguneetan bizi ziren eta haien balioak nagusi bihurtu ziren:

  • Lanaren gurtza.
  • Jakintza-grina.
  • Aurreztea eta neurritasuna, oparotasuna lortzeko bide gisa.
  • Familiaren eta etxearen gorespena.

Erdiko klaseen eta behe-klaseen egoera

XIX. mendeko berrikuntzen artean, burgesia txikia sendotzea eta langile-klasearen sorrera aipatu behar dira. Hala ere, nekazariak izan ziren oraindik ere talde ugariena. XIX. mendeko higienistek (Casper irakaslea, besteak beste) frogatu zuten hilkortasuna handiagoa zela pobreen artean, aberatsen artean baino.

Erdiko klaseak hedatzea: Burgesia txikia

XIX. mendearen amaieran, erdi mailako klase zabala sortu zen. Talde heterogeneoa zen: eskulangileak, merkatari txikiak, administrazioko eta armadako karguak, irakasleak, etab. Aurreztea eta seme-alaben hezkuntzan inbertitzea ziren haien ezaugarri nagusiak, gizarte-mailan gora egiteko asmoz.

Entradas relacionadas: