Ilustrazioa: XVIII. mendeko pentsamenduaren iraultza
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en vasco con un tamaño de 4,85 KB
Ilustrazioaren ezaugarriak eta eragina
XVIII. mendeari Ilustrazioaren mendea deritzo, Argiaren mendea alegia. Garai hartan egon ziren aldaketa ekonomiko, soziopolitiko eta ideologikoak oraindik ere gure gizartean irauten dute. Ilustrazioko pentsalariek garai berri bat heldu zelako kontzientzia zuten, eta beraien zeregina gizadia aurreko ilunpetik atera eta argitzea zela uste zuten. Arrazoian oinarritutako izpiritu kritikoa kontrajarri zuten. Zientzia berriekiko konfiantza izan zuten ilustratuek, autoritateari eta naturaz gaindikoari eraso zioten, eta arrazoi autonomoa defendatu zuten, gizateriaren aurrerapena lortzearren.
Gizartearen aurrerapena arrazoiaren erabileraren ondorioa zelako ideiatik atera zuten ilustratuek kultura hedatzeko eta pedagogia eta hezkuntzari buruzko interesa. Liburuak hedatu eta hizkuntza desberdinetara itzuli ziren; entziklopedia zein hiztegiak argitaratu ziren. Kulturaren hedapena, dibulgazioa eta publizitatea zabaldu zen. Historian lehenengo aldiz derrigorrezko hezkuntza publikorako eskubideaz mintzatu ziren ilustratuek.
Kantek zioen bezala, "Ilustrazioa gizakiaren, berak bere erruz merezitako adin-txikitasunetik irtetea da. Adin-txikitasuna, adimena beste inoren gidaritza gabe norbera baliatzeko ezgaitasuna da". Beraz, autonomia eta askatasuna da, edozertarako eta nonahi norbere arrazoimenaz ageri baliatzeko, inoren esanetara ibili gabe.
Ilustrazioaren kontzeptu nagusiak
- Filosofia eta gizakia: Ilustrazioaren baitan, filosofiari gagozkiola beti gizakiari gagozkio funtsean, oinarrizko gai hau gnoseologiazko eta moralezko arazoetan garatzen delarik.
- Naturaltasuna: Beti forma naturalak bilatuko ditu, erlijioan, zuzenbidean, Estatuaren teorian. Funtsean naturaltasunak sekularizazioa adierazi nahi du eta egiaz Ilustrazioak ahaleginak egin ditu politika, Estatua, moral publikoa eta pribatua, zientziak, hezkuntza sekulartzeko.
- Aurrerapena: Erdi Aroarentzat kezka nagusia zena, gizakiaren salbazioa, atzerapenaren eta aurrerapenaren arazo bihurtu du Ilustrazioak. Aurrerapen zientifiko teknikoak ilustratuei munduari buruzko ikuskera baikorra eman zien. Historia da gizakion etengabeko perfekziorantz daraman bidea.
- Tolerantzia: Bai printzipio katolikoaren eta bai cujus regio printzipio protestantearen kontra, printzipio indibidualista oinarrizko eskubide natural bezala aldarrikatuko da kontzientzia arazoetan.
- Humanitatea: Hitzaren zentzu bikoitzean: gizatasuna eta gizadia. Humanitatea gizadi gisa, Elizaren edo Estatuaren ordezko erreferentzia, ilustratuaren komunitate soziala, Ilustrazioaren unibertsalismo eta izpiritu kosmopolitaren adierazgarri da. Humanitate-sentimentua karitatearen edo Jainkoaren amorearen lekuan ezartzen da.
- Zibilizazioa: XVIII. mendeko kontzeptua orobat, aurrekoekin hertsi-hertsiki lotua, nolabait guztion sintesia adieraz lezakeena da. Munduaren autonomia ezagutzeak, "mundu soziala gizakien obra dela" dakar. Ikusmolde honetan giza historiak zibilizazioaren historia izatea hartzen du. Giza ekintza historiko jarraitua adierazteaz beste, gizadiaren xede morala azaltzen du, giza naturari datxakion beti hobetuz agindu morala.
Ilustrazioaren zabalkundea
Ilustrazioaren zabalkundea Britainia Handian hasi zen, XVII. mendearen amaieran. Burgesiak azkar lortu zuen nagusitasun ekonomikoa 1648 eta 1688ko iraultzen ondorioz. Botere politikoa bereganatu zuen. Monarkia absolutista monarkia parlamentario bihurtu zen. Ingalaterrak fisika modernoa eman zuen Newtonekin. Deismoa eta liberalismoa izan ziren ilustrazio britainiarren ezaugarriak.
Frantzia izan zen Ilustrazioaren ideien hedatzailea. Ilustrazioko pentsamendua biltzea eta egituratzea Frantziako autore ilustratu ospetsuenen lana izan zen: Diderot, D'Alembert, Voltaire, Montesquieu eta Rousseau. Herriaren burujabetasuna, jabetzaren ukiezintasuna, estatua legitimatzen duen hitzarmen sozialaren ideia, konstituzionalismoa, giza eskubideak, lege aurreko berdintasuna, iritzi, erlijio eta prentsarako askatasuna, hiru botereen banaketa, herriaren ordezkaritzaren sistema edota matxinadarako eskubidea, guztiak Frantziako Iraultzan aldarrikatu ziren eta Europa osoan hedatu.
Europako herrialde batzuetan, Prusian eta Errusian, burgesiak indar gutxi zuen. Herrialde horietan, despotismo ilustratua izeneko gobernu mota zuten. Alemaniako Ilustrazioa Prusiako Federiko II.a Handiak bultzatu zuen. Prusian nahiko berandu hartu zuen indarra Ilustrazioak eta azkenean mugimendu soziala izatera ez zen iritsi, unibertsitateko eta tronuko ilustrazioa izan zen gehienik. Alemaniako Ilustrazioa Frantziakoa baino kontserbadoreagoa izan zen, baina bertan sortu zen Kant, ilustratuen interesak bereganatzeaz gainera, filosofia garaikidearen aita izan zen.