Iberiar goi-lautadaren ertz menditsuak
Iberiar goi-lautadaren ertz menditsuak Galizia-Leongo mendigunea, Kantauriar mendikatea, Iberiar sistema eta Sierra Morena dira. Tertziarioan eratu ziren, Iberiar goi-lautadako blokeak altxatu zirenean edo Iberiar goi-lautadaren ekialdeko ertzean itsasoak jaikitako materialak tolestu zirenean.
Galizia-Leongo mendigunea
Tertziarioan eratu zen, Iberiar goi-lautadaren zokaloaren ipar-mendebaldeko angelua Alpetar orogenian altxatu zenean. Material paleozoikoak ditu, beraz. Erliebean, garaiera txikiko mendi biribilduak ageri dira, faila askok ebakita. Mendilerro nabarmenenak Segundera, Cabrera eta Los Ancares dira.
Kantauriar mendikatea
Bi zati nabarmen bereizten dira:
Mendebaldeko aldea: Asturiasko mendigunea
Tertziarioan eratu zen, Alpetar orogenian Iberiar goi-lautadaren zokaloaren mendebaldeko aldea altxatu zenean. Beraz, material paleozoikoak ditu. Mendebaldeko muturrean, materialen gogortasunean aldeak daudenez (arbelak eta kuartzitak), Appalache-erako erliebea eratu da. Ekialdeko muturrean, jatorrizko kareharrien azaleratze handi bat dago (Europako mendiak). Hain zuzen, hor daude mendikatearen gailur garaienak (Torre de Cerredo - 2648 m -, Peña Vieja eta Naranjo de Bulnes).
Ekialdeko aldea: Kantauriar mendikatea
Tertziarioan eratu zen, itsasoak Iberiar goi-lautadaren ertzean jaikitako Sekundarioko materialak tolestu zirenean. Material horiek kareharriak dira batez ere, baina zenbait lekutako materialetan dauden gogortasun-aldeek erliebe jurasiko alderantzizkatuak sortu dituzte.
Iberiar sistema
Tarteko mendikatea da, eta Tertziarioan eratu zen, itsasoak Iberiar goi-lautadaren zokaloaren ekialdeko ertzean jaikitako Sekundarioko materialak tolestu zirenean. Beraz, kareharrizko materialak ditu batez ere. Dena dela, arroka paleozoikoz osatutako alderdiak eta arroka buztintsuz osatutakoak ere baditu. Lehenetan, Iberiar goi-lautadaren zokaloa azaleratzen da; bigarrenek barne-fosak betetzen dituzte. Iberiar sistemaren egiturak bi zati ditu:
Iparraldeko zatia
NW-SE norabidean, mendikateko gailur garaienak daude. Mendilerro nabarmenenak Moncayo (2313 m), Picos de Urbión eta Cebollera (hirurak kareharrizkoak) dira, bai eta Demanda (paleozoikoa) ere.
Hegoaldeko zatia
Soriako hego-ekialdetik Iberiar sistema bi adarretan bereizten da: barnekoa edo Gaztelakoa (Albarracín mendilerroa, paleozoikoa; eta Cuencako mendilerroak, kareharrizkoak); eta kanpokoa edo Aragoikoa (Javalambre eta Gúdar mendilerroak, kareharrizkoak). Biak fosa tektoniko batek bereizten ditu (Calatayudeko fosa). Fosa hori Tertziarioko materialek bete zuten.
Sierra Morena
Ez da berez mendikate bat, baizik eta Guadalquivirreko harana eta Iberiar goi-lautada bereizten dituen eskailera-maila handi bat. Faila erraldoitzat hartu izan da, baina, dirudienez, puntu askotan hautsitako makurdura handi bat da. Tertziarioan eratu zen, Mendikate Betikoek altxatzean hegoaldetik egindako bultzadagatik. Sierra Morenako arrokak paleozoikoak dira eta kolore iluna dute, bertako landarediak bezala (txara). Bi ezaugarri horietatik datorkio izena. Mendilerro nabarmenenak Madrona, Pedroches eta Aracena dira.