Hizkuntza eta Literatura: Oinarrizko Bi Funtzioak

Enviado por Chuletator online y clasificado en Lengua y literatura

Escrito el en vasco con un tamaño de 8,62 KB

GAIA.1.Sarrera

Hizkuntza, oinarrizko bi funtzio (komunikazioa eta adierazpena) bermatzen dituen giza jarduera da. Eskolak, Gaztelania eta Literaturaren arloa jorratzean, hizkuntzaren bi funtzio horiek kontutan izan beharko ditu. Horrez gain, literatura testuen lanketaren hastapena ere egin beharko du. Lehen Hezkuntzaren xede nagusia, pertsonaren adimen, afektibitate eta giza aspektuen garapen osoa bermatzea da eta hori eskuratu ahal izateko, etapa honetan hizkuntza lantzea nahitaezkoa izango da, gizartean bizitzeko beharrezkoak diren komunikazio jarduerak etapa honetan eskuratzen hasten baitira.

Ikuspegia

Giza garapenaren ezinbesteko faktorea da hizkuntza, bere funtzio indibidual eta sozialean. Indibidualean, pertsona bakoitzari ahalbidetzen diolako pentsatzea, sentimenduak adieraztea, adierazpenak egitea … Sozialean, gizarteak zabaldu eta iraunarazten duelako hizkuntza. Gainera, hizkuntzari esker sortzen, sendotzen eta hedatzen da kultura. Hizkuntza menderatzen duenak tresna egokia du bere burua ezagutzeko, besteekin harremanak izateko, taldean lan egiteko eta ikuspegi kritikoz eta autonomiaz ikasteko. Irakasteko moduak hausnartu eta egokitu behar dira, hizkuntza batean ikasitakoa gainerako hizkuntzak ikasteko erabilgarria izan daiten. Orobat, hizkuntzen tratamendu integratua sustatu beharko da.

Gaztelania eta Literaturaren ezaug. LHn.

Arlo honen osagaiek bere ezaugarriak zehazten laguntzen dute. Hau horrela, honen osagai nagusi dira, gizarte-jarduerako esparru garrantzitsuenetan hitz egiteko, elkarrizketan aritzeko, idazteko, entzuteko eta irakurtzeko trebetasunak, eta trebetasun horiek lantzeko estrategiak. Hitz egin eta komunikatzeko trebetasunak hobetzeko, funtsezko dira hizkuntzen funtzionamendua eta erabilera-arauak eta hizkuntzen arteko harremanak behatzeko edukiak. Arlo honen barnean sartzen dira literatura-hezkuntza landu eta irakurzaletasuna bultzatzeko edukiak. Arlo hau behar bezala lantzeko, nahitaezkoa da, teknologia digitalek bideratutako egoera komunikatiboetan parte hartzea eta horietan eraginkortasunez komunikatzeko trebetasun espezifikoak garatzea.

Hezkuntzan esku hartzeko proposamenak.

Konpetentzien araberako hezkuntzaren ikuspegitik, eskolaren rola ezin da mugatu edukiak irakatsi eta ikasaraztera. Egoera konplexuagoak ebazteko ezagutza eskuragarriak erabiltzen eta transferitzen ere irakatsi behar du eskolak, ikasleak bizitza pertsonalerako, sozialerako, akademikorako eta lanerako prestatu daitezen. Ikasleak konpetente izatera iritsi daitezen, modu integratuan erabili behar dira eskuratutako baliabideak, arazo diren egoerak ebazte aldera. Arazo-egoeren zailtasun-maila gainditzeko modukoa izan behar da, baina, era berean, ikasleentzat erronka izan beharko du. Horrez gain, ikaskuntzak zein ebaluazioak ikasleen interesguneak kontuan hartu beharko dituzte, eta aintzat hartu beharko da hauek nola ikusten edota interpretatzen duten mundua. Arlo pertsonalean, hainbat egoera proposa daitezke; elkarrizketa-kontakizunak, nork bere iritziak defendatzea, sentimenduak adieraztea, bizikidetza arauei buruzko elkarrizketak, … Arlo sozialari dagokionez, komunikabideen erabileratik eratorritako egoerak (irratia edo egunkari digitala sortzea, …) erakundeei loturikoak (bizikidetza-arauak, …) zein literaturarekin lotura dutenak proposa daitezke. Arlo akademikoari lotuta, hizkuntzen eta literaturaren ikaskuntzari loturiko egoerak proposa daitezke; mahai inguruetan parte-hartzea, literatura-testuak sortzea, … Lan arloari dagokionez, oraindik hezkuntza amaitu duten ikasleengandik urrun izan arren, posible litzateke esaterako curriculum vitaea zer den azaltzea eta hori pixkanaka lantzea.

Arloak oinarrizko konpetentzien garapenari egiten dion ekarpena.

Gaztelania eta Literaturaren arloak curriculumaren oinarrizko zehar-konpetentziak eta konpetentzia espezifikoak lantzen laguntzen du.

Oinarrizko zehar-konpetentzien garapenari egiten dion ekarpena

Hitzezko eta hitzik gabeko komunikaziorako eta komunikazio digitalerako konpetentzia Hizkuntza-ikasgaien helburua, eta hortaz, arlo honen xedea ere, gizarteko jarduera-esparruetan hizkuntzaren bidez hartu-eman konpetenteak izateko gaitasuna lantzea da. Ondorioz, laguntza garrantzitsua ematen dute konpetentzia hau lantzeko. Izan ere, hizkuntzak ikastearen helburu nagusia da denetariko testuak (koherenteak, kohesionatuak eta zuzenak) ulertu eta sortzeko gaitasuna izatea. Teknologia digitalaren bilakaerari esker, komunikatzeko modu berriak agertu dira, eta haiekin batera, baita ikasgelan landu beharreko testu-genero berriak ere.

Ikasten eta pentsatzen ikasteko konpetentzia

Hizkuntza mundua irudikatzeko funtsezko tresna da. Hizkuntzak, jakintza finkatzeaz eta iraunarazteaz aparte, jakintzara era sistematikoan eta errepikatuan iristea ahalbidetzen du.

Elkarbizitzarako konpetentzia

Sozializazio-prozesuen oinarrizko elementua da hizkuntza. Pertsonen arteko harremanen bidez eskuratzen da konpetentzia hori, eta komunikazio-trukean eta gizarteko jardueretan erabiltzen, zenbait helburu lortzeko.

Ekimenerako eta espiritu ekintzailerako konpetentzia

Hizkuntzan trebatuz, ekimen pertsonala lantzen da, eta norbere jarduteko modua erregulatzen, gero eta autonomia handiagoz.

Norbera izaten ikasteko konpetentzia

Hizkuntza, helburu ezberdinak lortzeko asmoz, eraginkortasunez erabiltzen bada, ikasleak oreka emozionala, ikaskuntzaren autorregulazioa, autoestimua eta autonomia garatuko ditu.

Oinarrizko konpetentzia espezifikoen garapenari egiten dion ekarpena

Hizkuntza- eta literatura-komunikaziorako konpetentzia Hizkuntza konkretu bat erabiltzeak bide ematen du nortasun linguistiko eta kultural kolektiboan parte hartzeko. Hizkuntza- eta literatura-komunikaziorako konpetentzia egoki garatu behar da mundu globalizatuan arduraz parte hartzeko.

Konpetentzia sozial eta zibikoa

Hizkuntzaren erabilerek agerian uzten dituzte hizkuntzekiko eta horiek erabiltzen dituzten talde sozialekiko jarrerak; hau horrela, ikasgai honen helburua da aniztasun horrekiko jarrera positiboa izan dezaten lortzea.

Arterako konpetentzia

Literatura-lanak irakurri, interpretatu eta balioetsiz gero, hurbildu egiten gara literatura-ondarera zein gizakiaren funtsezko kezken adierazpen gisa behin eta berriro agertzen diren gaietara, eta jarduera horiek arterako konpetentzia eskuratzen laguntzen dute.

Helburuak

Arlo honetan, Lehen Hezkuntzako ikasleek etapa bukatzean espero diren helburuak 7 dira eta 236/2015 Dekretuaren II.eranskinaren 118.orrialdean jasotzen dira.

Edukiak

Edukiak, irakasleei zikloan zehar landu beharrekoei buruzko informazioa ematen dieten blokeak dira. Hauek, aurrez ezarritako konpetentziak lortzeko aproposentzat jotzen diren edukien berri ematen dute. Gizarte-bizitzako esparruetan hitz egiteko, idazteko, entzuteko eta irakurtzeko trebetasunak eta estrategiak lantzea da curriculumaren muin eta ardatza. Gaztelania eta Literaturaren arloan, 6 dira etapa honetako bi zikloetarako ezarritako eduki multzoak eta 236/2015 Dekretuaren II.eranskinaren 119-132.orrialdetan datoz: -1.eduki multzoa: Eduki komunak. -2.eduki multzoa: Ahozko komunikazioa: hitz egitea, entzutea eta elkarrekin solasean jardutea. -3.eduki multzoa: Idatzizko komunikazioa: irakurtzea eta idaztea. -4.eduki multzoa: Literatura-hezkuntza. -5.eduki multzoa: Hizkuntza eta haren erabilerei buruzko gogoeta. -6.eduki multzoa: Hizkuntzaren alderdi soziala. *4.,5.eta 6.multzoetan euskal curriculumaren berariazko edukien zehaztapena egiten da eduki horiek euskal gizarte eta kulturara moldatuz.

Ebaluazio-irizpideak.

Ikasleak zer ikasi duen balioesteko irizpideak edo erreferenteak dira eta 132-141.orrialdeen artean irakur dezakegu ebaluazio-irizpide bakoitza dagozkion lorpen-adierazleekin.

Curriculumaren beste arlo batzuekiko harremana.

Umeek errealitate guztia bat eta orokorra bezala antzematen dute. Horregatik, nahiz eta funtzionaltasun handiagoa lortzeko, irakaskuntza arlo ezberdinetan banatu, arlo guztien artean lotura estua ematen da. Gaztelania eta Literaturaren arloak beste arlo guztiekin harreman zuzena duela esan daiteke, arlo honen barnean dagoen konpetentzia nagusiaren erabilera, hots, hizkuntza-eta literatura-komunikaziorako konpetentziarena, ezinbestekoa baita beste arlo guztietan ere komunikazioa egon dadin. Bestela esanda, Gaztelania eta Literaturaren arloak, komunikazioaren eta adierazpenaren arloa izanik, gainerako arloetako ezagutzak lortzeko bidea erraztuko du.

Ond.11.Bibl.

236/2015 DEKRETUA, abenduaren 22koa, Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duena.

Entradas relacionadas: